Gobernuak enpresetan diruz lagundutako praktikak deitu ditu, IVAP-ek hirigintzaren inguruan duen prestakuntza ikastaroko ikasleentzat (Gobernu Bilera 2018-07-10)

logoconsejo.jpg

2018.eko uztailak 10

Guztira, 300 orduko praktikak izango dira enpresa edo erakundeetan, 2017/2018 ikasturtean eskuratutako ezagutzak finkatzeko.

IVAPek 22.000 euro inbertituko ditu diru-laguntza horietan. Horien bidez, ikasleek harreman zuzena izango dute hirigintza-arloko lan-jarduerarekin.

Gainera, gaur, datorren ikasturteko matrikula finantzatzeko bost bekaren deialdia ere onetsi da. 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE/IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako “2017-2018 Hirigintzako XLIII. Ikastaroan” aurreikusitako erakunde eta/edo enpresetan diruz lagundutako praktiken deialdia argitaratu du.

Ikastaroak 700 orduko iraupena izango du eta, gainera, 300 orduko praktikaldia izango du, ikastaro hau osorik –amaierako ikerketa-lana salbu– gainditu duten ikasleentzat, baldin eta hirigintza-arloan 48 hilabetetik beherako lanbide-esperientzia badute, azken 8 urtean. 

IVAPek 22.000 euro bideratuko ditu diru-laguntza horietarako; laguntza bakoitzeko ez da gaindituko, inolaz ere, 2.222,22 euroko kopurua, eta Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) kudeatuko du diru-laguntzaren esleipena eta segimendua.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helburua, deialdi honen bidez, ikasleek eremu publikoan hirigintza-jardueraren zuzeneko ezagutza izatea da, bai eta, modu berean, hirigintza-ikastaroan eskuratutako ezagutzen aplikazioa sustatzea eta bultzatzea ere.

2018-2019 DATORREN IKASTURTERAKO BEKAK

Gaur, halaber, Gobernu Kontseiluak bost beka deitu ditu, ikasleek hurrengo “2018-2019 Hirigintzako eta Lurralde Azterlanetako XLIV. Ikastaroa”ren matrikularen gastuak % 100ean ordaindu ahal izateko.

Guztira, Gobernuak 13.900 euro bideratuko ditu lanbide-ikasketa horiek diruz laguntzera; zehazki, beka bakoitza 2.780 euroz zuzkituko da.

Eskabideak Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak Bilbon duen egoitzan, IVAPen edozein egoitzatan edo ZUZENEAN Herritarrei Arreta emateko Bulegoetan izapidetu ahalko dira.