Gobernuak, Aldundiek eta Udalek Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektua onetsi dute; orain, izapidetzeko fasearen amaieran sartu da (Gobernu Bilera 2018-09-25)

logoconsejo.jpg

2018.eko irailak 25

Proiektu handia da; euskal enplegu publikoaren euskal sistema modu integralean eguneratzen du, lanbide-ibilbidearen alderdi guztiak kontuan hartuta

Proiektua aurreratua eta berritzailea da; izan ere, besteak beste, kontziliazioko, berdintasuneko eta familia-eredu berrienganako errespetuzko politikak jaso ditu, hizkuntza baztertzailea alde batera uzten du eta estandar etikoak aplikatzen dizkio zerbitzu publikoa kudeatzen eta ematen duenari

Hiru erakunde-mailetan eta EHU/UPV Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten duten 110.000 pertsonarengan izango du eragina

Funtzio Publikoko Euskal Kontseiluak Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektua onetsi du; gaurtik aurrera, izapidetzeko fasearen amaieran sartu da, Gobernu Kontseiluak onetsi eta aurten bertan Eusko Legebiltzarrera bidali aurretik. Kontseilua hiru foru-aldundiak, EUDEL eta Eusko Jaurlaritza euskal funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatu guztiekin elkartzeko foroa da. 

Lege-aurreproiektuak araudi-esparru berria ezarriko du hiru erakunde-mailetan eta EHU/UPV Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten duten ia 110.000 pertsonentzat. Egungo arauketaren eguneratzea handia, integrala eta berria da, zeina 1989koa baita. Zuzenean dago euskal administrazio publikoa arrazionalizatzeko eta modernizatzeko prozesuarekin lotuta. Eusko Jaurlaritzaren amaierako helburua da enplegu publikoa arautzea, administrazio eraginkorragoa, efizienteagoa eta herritarrengandik hurbil dagoena sortzeko, gobernantza publikoaren irizpide berri eta zorrotzekin bat datorren tratua eskatzen duena.

ERREFORMA INTEGRALA

Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuak, nobedade gisa, langile publikoen lanbide-ibilbideko alderdi guztiak arautuko ditu, besteak beste pertsona batek lan-eskaintza publikora aurkezteko erabakia hartzen duenetik erretiroa hartzen duenera artekoak.

Gainera, testuak kalitatezko enplegu publiko egonkorrarekin hartutako konpromisoa erakusten du eta, horrela, zenbait kolektibok duten bitartekotasun-tasa handia murrizteari heltzen dio. Gobernuak, testuan, enplegua finkatzeko prozesu bereziak proposatzen ditu, laneko eta prestakuntzako zenbait urtetan dagoeneko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonek berenganatutako ezagutza aprobetxatzeko.

Halaber, garrantzi handiko beste alderdi batzuk ere arautzen ditu, besteak beste, langile publikoen lanbide-ibilbidea, hautaketa- eta prestakuntza-prozesuak, funtzionarioaren izaera eskuratzea eta galtzea, lanpostuak hornitzea eta mugikortasuna, ordainsarien sistema, eskubide eta betebeharrak, negoziazio kolektiboa, euskal enplegatu publikoaren hizkuntza-normalizazioa eta langile funtzionarioen administrazio-egoeren normalizazioa etab.

NOBEDADEAK

Etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legearen bi nobedade nagusi, zehazki, gizartea bere administrazio publikoari eskatzen ari zaizkion aldaketa garrantzitsurekin lotuta daude:

  • Kontziliazioko, berdintasuneko eta familia-eredu berrienganako errespetuzko politikak eta hizkuntza baztertzailea alde batera uztea
  • Estandar etiko zorrotzak aplikatzea politika, aurrekontuak eta zerbitzu publikoa kudeatzen eta ematen dituenari

Politika horiek direla eta, Eusko Jaurlaritzak proposamen aitzindaria egin du, XI. tituluan, ‘Euskal enplegatu publikoen eskubideak, betebeharrak, jokabide-kodea, bateraezintasunak eta erantzukizunak’, I. kapituluan, eta zera dio:

  • Langile publikoen kontziliazioari bide ematen dio, eta, horretarako, hiru baimen-mota sortzen ditu:
    • Gutxienez 16 asteko guraso-baimenak: berdin emango zaizkie, bikotekide biei. % 100ean ordaindutako baimenak izango dira, eta besterenezinak.
    • Hamabi hiletik beherako alaba edo semea zaintzeko baimena: guraso-baimenari gehituko zaio eta bikotekideetako edozeinek eskatu ahalko du, sexua gorabehera. Lizentzia hori 150 ordukoa da, eta “edoskitze-baimen” izenekoa ordezkatuko du.
    • Lehen mailako familiartekoa zaintzeko baimena: familiako kideen osasun arrazoiak direla eta ordaindutako lanaldi murriztua eskeiniko duten baimen berri bi dira:
      • Guraso edo seme-alabei medikuaren kontsultetara, tramaneduetara edo medikuen miaketetera laguntzeko
      • Gaixotasun larriak dituzten seme edo alaben zainketarako
  • Emakume eta gizonen erabateko berdintasunerako jauzi kualitatiboa ematen du. Aurrerantzean, bikotekide biek izango dute semeak edo alabak zaintzeko ordainpeko denbora bera. Horrela, lege horren bidez, bi sexuen artean semeak eta alabak zaintzeko lanak berdin ez banatzeak dakarren desoreka zuzentzea eragingo da.
  • Familia-eredu berriak babesten ditu. Behin betiko ezabatzen ditu “amatasun” edo “aitatasun” kontzeptuak, eta “guraso-baimenak” planteatzen ditu.

Estandar etikoak aplikatzea dela eta, testuak atal bat gehitzen du, XI. Titulua, II. kapitulua, enplegatu publikoek beren jarduera etika publiko exijentearekin bat datozen “balio”, “printzipio” eta “jokabide”etan oinarrituta arautzeko: 

  • Euskal langile publikoek ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituena) jasotako printzipio orokor berak errespetatuko dituzte.
  • Langile publikoen lanbide-jarduketarako, osotasunaren eta gardentasunaren printzipioei jarraituko zaie eta erabat beteko dira banakako jokabidearen, erakunde-kalitatearen eta herritarrekiko harremanaren printzipioak.
  • Euskal administrazio publikoek Etika eta Gobernu Onaren Kodea onetsiko dute, printzipio horiek garatu eta beren langileei aplikatzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak berea onetsiko du, langile publiko autonomikorako. Haren segimendua eta ebaluazioa egingo du.

FUNTZIO PUBLIKOAREN EUSKAL KONTSEILUA 

Etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legea onestea hain da garrantzitsua, nahitaez behar du Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren oniritzia. Kontseilua honako hauek eratzen dute:

  • Sei pertsonak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan
  • Foru-aldundietako hiru ordezkarik, bat lurralde bakoitzeko.
  • Euskadiko udal guztien izenean diharduten hiru ordezkarik
  • Sindikatuek daukaten ordezkaritzarekin proportzioan izendatuko dituzten sei ordezkarik: 3 ELA, 1 LAB, 1 CC.OO. eta 1 UGT