Gobernu Kontseiluak Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren kontrol-zerbitzuen prezio publikoak onartu ditu (Gobernu Bilera 2018-03-06)

fotoconsejo.jpg

2018.eko martxoak 06

Neurri horren bidez beste lehiaketa batzuek ere eskatu ahal izango dituzte erakunde honen zerbitzuak 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du kirol-lehiaketetan eta jarduera fisikoarekin lotutako ekitaldietan Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak garatzen dituen dopinaren kontrako kontrol-zerbitzuen prezio publikoak ezartzeko dekretua. Neurri horren bidez kontrolak egiteko interesa duten lehiaketa guztietara eraman ahal izango dira Agentziaren zerbitzuak, aldez aurretik prezio publiko hauek ordainduta. 

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak urtero diseinatzen eta planifikatzen du lehiaketen eta kirolarien dopina kontrolatzeko programa, 2012/12 Legeak ezarritakoaren arabera. Alabaina, lege horrek berak gaitzen du Agentzia, urtean planifikatutakoez gainera,  federazioek, lehiaketen antolatzaileek edota beste agentzia batzuek, proposatutako beste kontrol batzuk egiteko. 

Prezio publiko horiek ezarrita, Dopinaren Aurkako Agentziak, bere aurrekontuaren arabera urtero planifikatzen dituen kontrolez gainera, beste lehiaketa batzuetan ere egin ahal izango du dopinaren aurkako bere lana, antolatzaileek dagozkien prezio publikoak ordaintzen badituzte agentziak kontrolak egiteko. Neurri honi esker Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren lana sendotuko da, indartuz Euskadin dopinaren aurka borroka egiteko erreferentziako organismo bezala duen posizioa. 

Ogasun eta Ekonomia Sailak adierazi du prezio publikoen testu berri hau bat datorrela antolamendu juridikoarekin, eta adeitsua eta koherentea dela bere lege-araubidearekin.