Getxolinguae 2018 jardunaldiak Irakurketa Plana eta ikasleen irakurzaletasuna hartu ditu aurten ardatz

Uriarte_Getxolinguae.jpg

2018.eko maiatzak 24

  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak nabarmendu du irakurketak eskola-emaitzekin duen lotura estua
  • 250 hizkuntza-irakasle inguru elkartu ditu jardunaldiak; aurten Bilbon

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2018ko Getxolinguae jardunaldiari hasiera eman dio gaur goizez, Bilbon. “Irakurketa Plana gure ikastetxean: irakurzaletasuna sustatzen… irakurketaz gozatzen!” goiburu nagusi hartuta, lan-saio guztiek ikastetxeko Irakurketa Plana eta ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko estrategiak izan dituzte ardatz. Hezkuntza Sailaren Berritzegune Nagusiak antolaturik, 250 hizkuntza-irakasle batu dira, aurten Getxoko ohiko kokalekua utzita Bilbon burutu den jardunaldian.

Sarrera-hitzaldian, irakurmenak funtsezko komunikazio-trebetasun gisa duen garrantzia nabarmendu du Cristina Uriartek, “norberaren garapen pertsonal eta sozialerako, eta baita, noski, ezagutzak eskuratzeko ere” azaldu du Hezkuntza sailburuak. “Irakurketa, irakurtzea baino askoz gehiago da. Eta hori horrela, eta zuek dakizue inork baino hobeto, irakurmenari buruzko lana ikastetxe guztietan egin beharra dago, modu sistematikoan egin ere”, zuzendu zaie irakasleei. “Arlo, ikasgai eta eremu guztietan, bai eta ziklo eta etapa guztietan ere, ikasle guztiei irakurle trebeak izaten laguntzeko jarduera antolatu eta planifikatuen bidez. Lan horretan guztian irakasleok zarete, beste behin ere, giltzarri. Baina zuen lanak tresna egokiak behar ditu, zuen ahaleginak helduleku sendo bat izan dezan”, azaldu du Uriartek, Sailak martxan jarri duen Irakurketa Plana eta hau garatzen laguntzeko sortu duen Irakurgunea web ataria hizpide hartuta.

Irakurmenak eskola-emaitzekin duen lotura zuzenari ere heldu dio Cristina Uriartek, irakurketaren plazera ahaztu gabe. “Ikasleek irakurketaz disfrutatzea lortu behar lukete. Irakurtzeko plazer hutsagatik, baina baita hainbat ebaluaziok esaten digunez, ikaslearen ulermenaren eta interesaren artean lotura estua dagoelako ere. Hau da, irakurtzeko ohitura dutela adierazten duten ikasleek lortzen dituzte emaitzarik altuenak.

Beraz, irakurzaletasunak ikasleen garapenari ez ezik, eskola-arrakastari ere on egiten dio. Hori horrela izanik, irakurketara hurbildu behar ditugu ikasleak, irakurtzea beharrezkoa duten zerbait dela senti dezaten, eta plazer iturri gisa har dezaten”, baieztatu du.

Hitzaldiak eta zenbait tailer

Irekiera ofizialaren ondoren, Irakurgunea webgunearen ezaugarri nagusiei buruzko hitzaldi praktikoa hasi da, ikastetxe bakoitzak bere Irakurketa Plana osatu dezan Hezkuntza Sailak abian jarri duen baliabide digitalaz. Izan ere, joan zen urtarrilean Euskadiko Irakurketa Plana aurkeztu ondoren, ikastetxeek nork bere plana diseinatu dute, edo diseinatzeko lanean ari dira. Berritzegune Nagusiko, Gasteizko Berritzeguneko eta Donostiako Amara Berri ikastetxeko arduradunek eman dituzte azalpenak eta argitu zalantzak. 

Jarraian, Granadako Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Departamentuko irakasle Juan Mata Anayaren hitzaldia izan da: “¿De qué sirve enseñarles a leer textos si no aprenden a leer el mundo? A propósito de la lectura, las aulas y la educación literaria” (“Zertarako balio du testuak irakurtzen irakasteak, mundua irakurtzen ikasten ez badute? Irakurketaz, ikasgelez eta literatura-hezkuntzaz”).

Jardunaldia osatzeko, Getxoko Aixerrota institutuko eta Markinako Bekobenta eskolako ordezkariek euren praktika onak partekatuko dituzte gainerako irakasleekin, ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko burutzen dituzten ekimenak azalduz. Azkenik sei tailer praktiko ere burutuko dira. Hauetan, parte hartzaileei ikasleen artean irakurtzeko ohitura sendotzeko metodologia eta estrategia zenbait azalduko zaizkie.

 

Getxolinguae 2018 jardunaldiaren egitarau osoa hemen ikus daiteke