F2P Campus, munduko Free-To-Play bideo jokoen lehen campus azeleratzailea Vitoria-Gasteizen hasiko da, 6 talderekin, eta horiek sektoreko nazioarteko aditu nagusietako batzuen eskutik garatuko dituzte beren proiektuak

Argitalpen-data: 

F2P_222.jpg

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ramiro González Arabako diputatu nagusia eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, gaur, Arabako hiriburuan izan dira, munduan antolatu den Free-to-Play (F2P) bideo-jokoen lehen campus-azeleratzailean parte hartzen duten 6 taldeen abiarazte ofizialean eta aurkezpen-ekitaldian. Ekimena Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, BIC Araba eta Basquegameren bidez (Euskadin bideo-jokoen sektoreko enpresak batzen dituen elkartea); ekimenak nazioartean oihartzun bikaina izan du, izan ere, 12 herrialdetako nazioarteko 22 talde hautagai aurkeztu ziren Vitoria-Gasteiz free-to-play bideo-jokoen garapenean munduko hiriburuetako bat bilakatu nahi duen ekimenerako. Sektoreak, 2016an, 116.000 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen eta, gaur egun, bideo-jokoen merkatua hartzen du. Gehien saldutako 200en artean 197 ezaugarri horietakoak dira, eta benetako “best seller”rak daude, besteak beste, Candy Crush Saga; azken horrek 100 milioi jokalari aktibo baino gehiago ditu eta egunean 5 milioi euro inguru fakturatzen ditu.

Aurkezpen-ekitaldia Artium-Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoko entzungelan izan da, eta, bertan, hautatutako 6 taldeak eratzen dituzten 21 pertsonak parte hartu dute, beren bideo-jokoen proiektuak gaian nazioarteko hogei bat aditu onenen eskutik sustatzeko. Giant Fox, “Rise of Titans”ekin, eta Garage 51, “Yokai Fury”rekin; Bartzelonan dute egoitza. Lehenengoa 4 kidek eratzen dute eta, bigarrena, 3 pertsonak. Bi proiektuak daude, dagoeneko, garapen-fase oso aurreratuan, eta datozen hileotan abiaraztea aurreikusten dute. Cogoo da Koreako taldearen izena; taldea 4 kidek osatzen dute eta “Princess Maker” aurkeztu dute, Asiako merkatuaren oso gustuko den proiektua, aintzat hartuta sektore honetan merkatu handienetakoa dela. Ukrainatik Vectormonk heldu da; 3k osatzen dute taldea, eta bideo-jokoa “Dungeon Card Hero” deitzen da. Hypeful Malagatik 4 kiderekin heldu den taldea da, eta “Big Box” proiektua aurkeztu dute; taldekideen artean, youtuber ezaguna dago, ia 300.000 jarraitzaile dituena. Azkenik, Irundik Etorki Games heldu da, 3 kidek eratzen duten euskal taldea; “The Nun” bideo-jokoa aurkeztu dute, eta, dagoeneko, 50.000 deskarga baino gehiago izan ditu. Proposamen horietako gehienak mugikorrerako daude pentsatuta, nazioarteko merkatuan garapen gehieneko plataformarako.

Hitzaldi irekiak

F2P Campus Vitoria-Gasteiz (www.f2pcampus.com) datorren urriaren 4ra arte izango da, eta sektoreko nazioarteko bi adituk zuzentzen dute: Jon Beltrán de Heredia arabarrak, zeinak munduan proiektu ezagunetan parte hartu baitu, besteak beste, Commandos bideo-jokoan, eta Raúl Herrerok. Biak daude euskal hiriburura talde parte-hartzaileei aholkuak ematera eta beren ezagutza transmititzera bidaiatuko diren nazioarteko mentoreen zerrenda bikainean. F2P Campus Vitoria-Gasteiztik igaroko diren hogei bat adituen artean, honako izen hauek dira nabarmentzekoak: Kim Krogh, Suediako King estudioetako zuzendarietako bat; Candy Crush-en sortzaileak; Stephane Assadourian, Assassins Creed serieko egileetako bat; edo Eugene Yailenko, CATS edo Cut the Rope 2 jokoen diseinatzailea.

Aditu guztiek bilera pribatuak izango dituzte talde parte-hartzaileekin baina, gainera, campus honen nobedade gisa, hitzaldi irekiak emango dituzte publiko guztiarentzat, beren esperientzia mota horretako bideo-jokoetan interesdun diren guztiekin partekatzeko: “aukera paregabea da bideo-jokoaren industriako eta harekin lotutako sektoreetako beste proiektu edo profesional batzuk Vitoria-Gasteizera hurbildu eta aurrez aurre ezagutu ahal izateko industriako munduko liderrak”, azaldu du F2P Campus Vitoria-Gasteizko antolakundeak. Hitzaldi horien egutegia, dagoeneko, campusaren web-orrialdean kontsulta daiteke. Lehenengoa abuztuaren 2an izango da, Andrés eta Isabel Tallos neba-arreben eskutik (Everguild-en sortzaileak); eta abuztuaren 7an jarraituko du, edizio honetako ekitaldi nagusietako batekin: Kim Krogh, King Studioko zuzendaria, sektoreko garrantzitsuenetako bat; bertako plantillak ia 3.000 enplegatu ditu. Abuztuaren 13an, Stephane Assadourian izango da, Assasin´s Creed-eko sortzailea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak apustu honen garrantzia nabarmendu du, bai bideo-jokoen sektorea indartzeko, bai Kultura eta Sormen Industrien (KSI) esparrua Euskadin sustatzeko: “Bideo-jokoen sektoreak gero eta pisu handiagoa dauka eta eragin azpimarragarria du  beste kultura- eta sormen-industrietan. Sektore motorra dela esan ohi dugu; izan ere, bideo-jokoen inguruko proiektu bat sustatzen denean bestelako profesionalak ere behar izaten dira: irudigileak, animatzaileak, diseinatzaileak, gidoilariak, musikariak, itzultzaileak…”.

Bestalde, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak nabarmendu du garrantzitsua dela “Araba berrikuntzarekin eta talentuarekin identifikatzea nazioartean. Eta free-to-play bideo jokoen lehenengo campus azeleratzaile hau egitea aukera handia da, eta munduko mapan jartzen gaitu zuzenean, bai orainaldikoa bai etorkizunekoa den sektore horretan.” Horren harira, Arabako agintari gorenak ziurtatu duenez, “Talentuari eusteko eta sortzeko gaitasunik handiena duten lurraldeek abantaila izango dute etorkizunean ekonomia globalean beren tokia egiteko, eta inbertsio gehiago eta hobeak erakarriko dituzte. Arabako Foru Aldundiak gaurko honen antzeko proiektuak babestuko ditu aurrerantzean ere. Horixe da Araba aurrera eramateko era”, adierazi du.

Azkenik, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak esan du ziur dagoela F2P bideo-jokoen campusa hemen egitea “aurrerapauso garrantzitsua dela kultura-industriek gure hirian bizi duten unean. Hilabete hauetan, bideo-jokoen munduko hiriburu bilakatuko gara, eta horrek abantaila emango digu sektorearen arreta erakartzeko, lanbide horretara dedikatu nahi dutenei aukera berriak emateko eta gure hiriaren izena sormenaren eta talentuaren industriekin lotzen jarraitzeko. Azken helburua da kultura-industrien tokiko ekosistema sortzea, sinergiak sortzeko gai izango dena, hainbat diziplinatako profesionalen arteko elkarlanak, lan-aukerak, enpresak eta aberastasuna sortzeko aukerak eragingo dituena. Hori horrela, bideo-jokoaren sektorea aukera paregabea da, eremu sortzaile oso desberdinetako ahaleginak batzeko gaitasuna duelako”.

F2P Campus Vitoria-Gasteizek, halaber, zenbait erakunderen lankidetza du: Euskaltel, Artium espazioari Interneterako sarbide ahalmentsua eman baitio; Vital fundazioa edo Amazon, AWS Activate-ren bidez –startupei baliabide informatikoak emateko diseinatutako programa–, eta Google.  Urriaren 4an, Artiumen “Demo Day” eguna izango da; hura amaierako jardunaldia izango da eta taldeek beren proiektuen aurrerapenak aurkeztuko dituzte eta, bertan, sektoreko profesionalak egongo dira eta zuzenean ezagutuko dituzte ia 3 hileko lan sendoaren emaitzak.