Euskotrenek interes orokorreko trenbide saretik zirkulatzeko Segurtasun Ziurtagiria lortu du

7_opt.jpg

2018.eko ekainak 15

  • Euskal Y-an intercity zerbitzuak eskaini ahal izateko Euskotrenek bete behar zuen azken betekizuna zen.

Joan den ekainaren 7an, Sustapen Ministerioaren esku dagoen Agencia Estatal de Seguridad Ferroviaria (AESF) izenekoak, pertsonen garraio zerbitzuak eskaintzeko gaitzen duen Segurtasun Ziurtagiria eman dio Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskotren Sozietate Publikoari. Zerbitzu horien artean Adif-ek administratuta Interes Orokorreko Trenbide Sarean abiadura handiko zerbitzuak eta merkantzia zerbitzuen garraioa (merkantzia arriskutsuak izan ezik) daude.

Ziurtagiri hori, sare konbentzionaleko eta abiadura handiko sareko trenbide zabalera guztietarako (1.000 mm, 1.435 mm eta 1.668 mm) da baliagarria, eta baita geltokietara eta terminaletara sartzeko ere.

Interes Orokorreko Trenbide Sarean (IOTS-RFIG) trenbideko garraio zerbitzua, pertsonena edo merkantziena, eskaini nahi duen tren enpresa orok Segurtasun Ziurtagiria lortu behar du, eta bertan, enpresa horrek trenbideko kontrol, zirkulazio eta segurtasun sistemen, trenbideko zirkulazioaren segurtasunarekin erlazionatuta bertako langileek dituzten ezagutzen eta betebeharren eta erabiltzen duen gurpildun materialaren ezaugarri teknikoen eta mantentze-lanen arloetan bete behar dituen baldintzak ezarriko dira, eta baita araudi honetan eta berau garatzeko arauetan aurreikusitakotik erator daitekeen beste edozein ere.

Segurtasun Ziurtagiriak egiaztatzen du tren enpresak, kasu honetan Euskotrenek, segurtasunaren kudeaketarako sistema propioa ezarri duela, eta dagozkion espezifikazio teknikoetan finkatutako eskakizunak betetzeko moduan dagoela, eta baita komunitateko legedian eta nazio mailako segurtasun arauetan bidezkoak diren bestelako xedapenak ere, arriskuak kontrolatzeko eta sareko garraio zerbitzuak modu seguruan eskaintzeko xedez.

Orain arte, Euskotrenek 1. mailako IOTS-RFIGean merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko lizentzia zeukan, eta baita merkantziak garraiatzeko bere trenek aipatutako IOTS-RFIGetik zabalera iberiarrean, metro batekoan eta abiadura handian zirkulatzeko beharrezkoa den Segurtasun Ziurtagiria ere. Baina bere bidaiarien trenek sare horretatik zirkulatu ahal izateko beharrezkoa den Segurtasun Ziurtagiria falta zitzaion. 2017ko urrian hasi ziren segurtasun ziurtagiria zabaltzea eskatzeko izapideak, eta horretarako prestatu beharreko dokumentazioa prestatu zen, Eurogestión kontsultoretza enpresarekin batera, Tren Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legean eta IOTS-RFIGeko zirkulazioaren segurtasunari buruzko Arautegia onetsi duen ekainaren 22ko 810/2007 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko.