Eusko Jaurlaritzaren adierazpenak Kataluniako egoeraren aurrean

2018.eko martxoak 24

Josu Erkoreka bozeramaileak “zentzuz jokatzeko” deia egin du atzoko espetxeratze-aginduaren ostean, eta “zorrotza, alferrikakoa eta gehiegizkoa” dela esan du

Eusko Jaurlaritzak “zentzuz jokatzeko”, politika judizializatzeari uzteko eta Katalunian elkarrizketarako garai berriari ekiten lagunduko duten bide guztiak berreskuratzeko deia egin du. Aramotzeko mendizerran, Lemoan, aurkitutako Gerra Zibileko gudari baten gorpuzkiak hobitik ateratzeko ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago egin ditu adierazpenok Josu Erkoreka bozeramaileak.

Erkorekak elkartasuna helarazi nahi izan die atzo espetxean sartu zituzten bost pertsonei eta euren senitartekoei, eta esan du Jaurlaritza kezkatuta dagoela “zorrotza, alferrikakoa eta gehiegizkoa” dela esan duen erabakiaren aurrean. Bozeramaileak esan du beti politiko-instituzionala izan den eta juridiko-penala inoiz izan ez den arazo bat “areagotu” baino ez duela egingo erabaki horrek. Bere ustez era horretako erabakiak justiziari “izena kentzeko” eta epaitegiak gizartetik urruntzeko baino ez dira izaten. 

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzaren ustez ezinbestekoa da gaia negoziazio politikorako mahaira itzultzea, berez “inoiz ez baitzen atera behar hortik”, “Katalunian Gobernu demokratikoa lehenbailehen” berreskuratzeko eta 155. artikuluaren ezarpena behin betiko bertan behera uzteko.