Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak "Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz" ekimena Sailaren barruan bultzatzeko bere 11koa aurkeztu du

Azkena.jpg

2018.eko uztailak 05

  • Talde enbaxadore honen bitartez proiektua langileen artean hedatuko da eta hiztunen aktibazioa sustatuko da.

 

Gasteiz, 2018/07/05          

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz’ ekimena sustatzeko bere 11koa aurkeztu du gaur, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Talde enbaxadore honen lana izango da ekimena Saileko langileen artean hedatzea eta euskararen erabilera errazten laguntzea Euskaraldia izango den 11 egun horietan. Euskaraldiak apirilaren 18an bere lehen hamaikakoa aurkeztu zuenetik antzeko talde enbaxadoreak euskararen lurralde osoan zabaldu dira, eta Eusko Jaurlaritzako sail guztiek beren hamaikakoak aurkeztuko dituzte.         

Hauexek dira  Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko 11koa osatzen duten lagunak:

  • Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
  • Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea.
  • Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.
  • Almudena Otaola, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria.
  • Jon Redondo, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria.
  • Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendaria.
  • Raquel Carmona, Hizkuntza Politika Sailburuordetzako langilea.
  • Ramón Suinaga, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako langilea.
  • Jabier Oses, Zerbitzu Zuzendaritzako langilea.
  • Olaia Fernández, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzako langilea.
  • Amaia Gezala, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako langilea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hamaikakoak egingo duen ekarpena azpimarratu du: “Euskararen erabilera Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean oso nabarmena da. Euskara hizkuntza nagusia da lankideen arteko harremanetan eta lanerako lehen hizkuntza ere bada; hala ere, zenbait gabezia ikusten ditugu eta Euskaraldia luzatuko den 11 egun horiek aprobetxatu nahi ditugu beste aurrerapauso bat emateko. Han eta hemen hedatzen ari dira Euskaraldiaren 11koak, eta gure Sailean ere talde enbaxadore bat eduki nahi izan dugu. Haren eginkizuna izango da ekimena lankideen artean hedatzea, hiztunak aktibatzen laguntzea eta, funtsean, euskararen erabileran erraztea, lankide ‘ahobizi’ zein ‘belarriprest’-en bitartez”.  

Lehen hamaikakoa

Euskaraldiak apirilaren 18an aurkeztu zuen bere lehen hamaikakoa, Bilboko Itsas Museoan. Hauexek dira lehen talde enbaxadore hori osatzen duten lagunak:   Alex Txikon, alpinista; Dani Alvarez, kazetaria; Pedro Miguel Etxenike, fisikan doktorea; Toti Martinez de Lezea, idazlea; Eneko Sagardoy, aktorea; La Basu, musikaria; Aretz Iginiz, errugbilaria; Cris Lizarraga, Belako taldeko abeslaria; Mikel Arrasate, Karrikaluze elkarteko kidea; Arianne Unamuno, Pil-pilean elkarteko kidea; eta Zuriñe Gil, Geu elkarteko kidea.

Lehen 11ko hura aurkeztu zenetik, hainbat hiri, herri, erakunde edota elkarte talde enbaxadoreak aurkezten ari dira. Hamaikakoa modu pertsonalean eta borondatez ‘Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz’ ekimenean parte hartzea erabaki duten lagunek osatzen dute, 'belarriprest' eta 'ahobizi' rolen bitartez. Horrelako taldeak funtsezkoak izango dira proiektua arrakastatsua izan dadin.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.