Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Sancho el Sabio Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezartzeko helburuz

santxo3.jpg

2018.eko martxoak 22

-          Hitzarmena gaur aurkeztu dute Bingen Zupiria sailburuak eta Jon Urresti Vital Fundazioaren presidenteak, eta lehendabiziko oinarrizko aukeraketa digitala osatzea ahalbidetuko du, XX. eta XXI. mendeetako 3.000 euskal liburu digitalez hornitua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezartzeko helburuz. Bingen Zupiria sailburuak eta Jon Urresti Vital Fundazioaren presidenteak sinatu dute lehendabiziko oinarrizko euskal liburutegi garaikide digitala ezartzea ahalbidetuko duen hitzarmen hori, eta XX. eta XXI. mendeko 3.000 liburu digital inguru izango ditu. Hasierako egitasmo hau izango da etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitala garatzeko oinarria, historian zeharreko hainbat kultura-arlotako euskal egileen lanak bilduko dituen asmo handiagoko egitasmoa.

Gaur, Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan, Vitoria-Gasteizen, sinatu den hitzarmena alderdi biek Euskal Liburutegi Digitalaren sorreran aurrera egiteko duten asmotik dator. Liburutegi horrek digitalizazioaren aldeko apustuan sakonduko du, kasu honetan, euskal argitalpenetarako sarbidea errazteko aukera baita. ‘eLiburutegia’ liburutegi digitalak, Estatuko garrantzitsuenak, gaur egun euskal herritarrei  mundu osoko egileen 16.000 titulu kontsultatzea ahalbidetzen badie (horietako asko Euskadikoak), euskaraz argitaratutako edo hizkuntza horretara itzulitako lanetan ardaztea da Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren helburua, baita euskal egileek edo argitaletxeek argitaratutako lan guztietan ere.  

“Gaur egun, liburutegi batek ez du zertan gune fisikoa izan, hau da, zenbait zerbitzu digital kontsultatzea ahalbidetzen duen plataforma izan daiteke. Euskal Liburutegi Nazional  Digitalaren ideia kontzeptu horretatik abiatu da, historian zeharreko euskal egileen lana eta pentsaera biltzeko bokazioz. Sancho el Sabio Fundazioarekin egin den akordio horrek ekimen horri garai hurbilenetik, XX. eta XXI. mendeetatik, hasita heltzea ahalbidetzen digu, liburuen edizioaren arloan ardaztuta; hala ere, Euskal Liburutegi Nazionalaren proiektua haratago doa eta ikus-entzunezko, margolaritzako edo musikagintzako ekoizpena ere bildu nahi dugu, eta denboran atzerago joan”, adierazi du Bingen Zupiria sailburuak.  

Bere aldetik, Vital Fundazioaren presidentearen hitzetan,  “egungo proiektua da, egungo funtsak dituena eta euskal literatura-lan garaikiderako sarbide askea emateko planteatua. Euskal Liburutegi Nazional Digitala literatura-lan esanguratsuenen edizio digitaletarako sarbidea izango da, eta horien artean, saiakera, haur-literatura, gazte-literatura, komikiak, eta egile garaikideena ere”. “Sancho el Sabio Fundazioarentzat, dokumentu-funtsen digitalizazioan aitzindaria den aldetik, hitzarmen honek beste aurrerapauso bat egitea dakar, egungo literatura ekoizpena sarbide askean hedatzea ahalbidetuko duen urratsa, hain zuen ere, egile, edizio eta hedapen eskubideak errespetatuz. Eskura dauden edukiak handituz eta egungo irakurleen interesetara egokituz”, erantsi du Urrestik. 

Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, eta Jesús Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioaren zuzendaria ere izan dira hitzarmen honen aurkezpenean. Muñozek lankidetza horren garrantzia azpimarratu du, “asmo handikoa eta Euskadirako beharrezkoa” den egitasmoaren sorrerari begira. “Euskadirako Liburutegi Digital egitasmo partekatua bultzatzea da gure helburua, eta kultura arloko funtsezko eragileekin egin nahi dugu, Sancho el Sabio Fundazioarekin, kasurako. Lehendabiziko urrats honek, Liburutegi horren sustapenari begira, egin nahi dugun ibilbidea nolakoa izango den islatzen du”, erantsi du Joxean Muñozek.   

Jesús Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioaren zuzendariak ildo beretik adierazi duenez, “azken hamabost urte hauetan, Eusko Jaurlaritza eta Sancho el Sabio Fundazioaren arteko harremana etengabea izan da. Fundazioak bateratze lanetan lagundu du eta, legealdiz legealdi, Jaurlaritza buru izan duten batzorde eta kontsultetan. Funts digitalizatuak, Euskal Bibliografia Ondareko 3.000 tituluz Eusko Jaurlaritzan dagoen web bat, Eusko Lege Biltzarreko Liburutegiko funts digitalizatuak edo Liburuklik egitasmoa dira Sancho el Sabio Fundazioak Esko Jaurlaritzak bibliografia-ondarearen hedapenari buruz proposatutako egitasmo guztietan parte hartzeko gogoaren adibideak”.   

Hitzarmena

Egitasmo hau behin betiko bultzatzeko helburu horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritza eta Sancho el Sabio Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenak honako xede hauek jaso ditu: 

  • Euskal bibliografia-ondarea biltzea eta gordetzea bilduma eskuragarri batean.
  • Horretarako sarbidea ahalik eta gehien erraztea, bere edukiaren lineako hedapenaren bitartez.
  • Egungo euskal gizartean kultura interes handiena pizten duen edukirako sarbideari lehentasuna ematea, bai egile-eskubidetik aske dagoen edukira, bai egile-eskubideen mende dagoen edukira.       
  • Euskaraz egindako argitalpenen hedapenaren alde egitea, ikus daitezela erraztuz, euskal edizioaren eskaintza orekatua eta kalitatekoa lortzeko helburuz, Euskadiko hizkuntza ofizial bietan.  
  • Eskaintza orekatua, aberatsa eta askotarikoa sustatzea, egoki ordezkaturik izan daitezen emakumeek idatzitako lanak, literatura-genero guztiak izan daitezen eta irakurleen adin-segmentu guztiei erantzuna eman dakien.   

Oinarri hauek oinarrizko liburutegi garaikide hori sortzea ahalbide dezatela da helburua, gutxienez, XX. eta XXI. mendeetako 3.000 lanez osatua, euskaraz argitaratuak edo gaztelaniaz editatuak Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskal Liburutegi Digitalaren abiapuntu den katalogo horren eraketari dagokionez, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:

  • XX. eta XXI. mendeetako euskal kultura garaikideko idatzizko lan garrantzitsuenen bilduma aukeratuko da, arlo horretako zenbait adituren iritzia aintzat hartuta.
  • Oinarrizko euskal liburutegi digital garaikideak domeinu publikoan dauden lanak hartuko ditu barne edo egile-eskubideak indarrean dituztenak.
  • Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lanak aukeratuko dira, hartara, eskaintza orekatua eta kalitatekoa eratu dadin hizkuntza bietan.
  • Aukeraketan aintzat hartuko da emakumeek idatzitako lanen ordezkaritza egokia egon dadila. Era berean, bertan egon beharko dute literatura-genero guztiek, baita haurrentzako, gazteentzako eta nagusientzako lanek ere.    

Aukeratutako lanak, behar bezala maketatuta, liburu digital edo e-book euskarrian argitaratuko dira. Gainera, euskal herritarrek e-bookak errazago eskura ditzaten, aipatutako liburu digital horiei buruz sortzen diren metadatuek euren kokapena Internet bilatzaileetan errazago aurkitzea ahalbidetzen duten protokoloak erabiliko dituztela  jaso du hitzarmenak.

Egile-eskubideak indarrean dituzten lanen lizentzien kudeaketari dagokionez, Egile-eskubideak indarrean dituzten aukeratutako lanen, gutxienez, bost lizentzia erosiko direla zehaztu du hitzarmenak. Argitaletxe bakoitzak bere kargu hartuko du aukeratutako lanen digitalizazioa eta Eusko Jaurlaritzari artxibo digitalaren kopia bat ematea, gorde dezan, besterik ez. 

Gaur aurkeztu den hitzarmenak urte biko iraupena izango du, eta alderdien arteko adostasunez luza liteke. Eusko Jaurlaritzak, urteko, 100.000 euroko ekarpena egingo du, gutxienez, eta lanen aukeraketa prozesutik eratorritako gastuak ere bere gain hartuko ditu. Sancho el Sabio Fundazioak, urteko, 100.000 euroko ekarpena egingo du, gehienez, aukeratutako jabetza publikoko lanen digitalizazio lanak finantzatzeko helburuz, formatu bihurgarrian digitalizatuta ez badaude. Gainera, erakunde bien ekarpenaz, aukeratutako lanen lizentzien erosketa ere ordaindu beharko da.