Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 7.867.410 euro bideratuko ditu 2019an euskarazko komunikabideen lana diruz laguntzera

2018.eko azaroak 29

 

Gasteiz, 2018/11/29

Eusko Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez, 7.867.410 euro bideratuko ditu 2019an euskarazko komunikabide pribatuen lana diruz laguntzera. Guztira, aurten baino 2.992.410 euro gehiago bideratuko dira zeregin horretara  (2018an 4.875.000 euro bideratu dira euskarazko komunikabideen lana sustatzera). Kopuru horrez gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek ere diru-laguntzak bideratuko dituzte euskarazko hedabideak laguntzera; guztira, 10.561.682 euro bideratuko dituzte lau erakundeek.

                Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak azaroaren hasieran eman zuen neurri horren berri, Sailaren 2019rako aurrekontu-proiektuaren aurkezpenean. Euskarazko komunikabideentzako ekarpenaren gorakada hori Aldundiekin eta HEKIMENekin (euskarazko hedabideak biltzen dituen elkartea) partekatu den ia bi urteko prozesuaren ostean etorriko da, eta indarrean sartuko da datorren urterako aurrekontuak onesten badira. Euskarazko komunikabideen finantzaketa handitzeko neurri horren helburua da hedabide horien egonkortasuna eta kalitatea sendotzea. Lau erakundeen artean, guztira, 10.516.682 euro inbertituko dira euskarazko komunikabideen sustapenean.

                Finantzaketa-eredu berri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek egunero euskaraz argitaratzen den egunkariaren, euskarazko aldizkari espezializatuen, astekarien, tokiko aldizkarien, irratien, atari digitalen eta telebisten argitalpena ekonomikoki bultzatuko dute.