Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 260,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2019n, zeinetan artearen euskal sistema sendotzeko bere apustua nabarmentzen den

2018.eko azaroak 08

  • Bingen Zupiria sailburuak datorren urterako kontuen proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean; % 3,8ko igoera suposatuko du 2018ko proiektuarekin alderatuta.
  • Hizkuntza politikari dagokionez, euskara ikasten dutenentzako diru-laguntzak dira azpimarratzekoak, % 37,5eko igoera izan baitute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/11/08            

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuk zuzentzen duen Sailak 2019. urterako proposatzen duen aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, Eusko Legebiltzarrean. Proposamenak 260.137.000 euroko aurrekontua planteatzen du guztira, 2018rako proiektua baino % 3,8 gehiago. Kulturaren sustapenari dagokionez, artearen euskal sistema sendotzeko egingo den esfortzua azpimarratu du sailburuak, bai eta honi lotuta egingo den inbertsio-esfortzua Euskadiko museo nagusietan ere. Hizkuntza politikari dagokionez, azpimarratzekoa da euskararen ikaskuntza diruz laguntzeko egingo den inbertsioa, B2 mailarainoko doakotasuna lortu nahi baita 2020. urterako (ikasleentzako diru-laguntzak % 37,5 igoko dira). Euskarazko hedabideak sendotzeko ere ahalegin berezia egingo da Hizkuntza Politikako sailburuordetzatik. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak, azkenik, diru-sail berri bat sortuko du nazioartean aitortza ofiziala lortzeko apustua egiten duten federazioei laguntzeko (125.000 euro).

Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondo alboan zituela, Sailak biltzen dituen hiru arloetarako aurrekontuak azaldu ditu Zupiriak. Proposamena arloz arlo azaltzen hasi baino lehenago, 2019rako proiektuak zehar-lerro gisa izango dituen hiru ardatz azpimarratu ditu: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna (305.000 euro bideratuko dira proiektu ezberdinen bidez, iaz baino 203.000 euro gehiago), euskararen sustapena (euskarari lotutako ikuspegia Sailaren politika guztien muinean dago) eta, azkenik, nazioartekotzea (Etxepare Euskal Institutua izango da tresna nagusia helburu hori lortzeko).

Kultura Sailburuordetza

Kultura sailburuordetza osatzen duten bi zuzendaritzen -Kultura Sustatzekoa eta Kultura Ondarearena- aurrekontuari dagokionez, Zupiriak artearen euskal sistemaren aldeko apustu hori nabarmendu du lehenik eta behin. “Artearen euskal sistema bilbe konplexu bat da, non eragile ugarik -guztiek ere beharrezkoak- esku hartzen baituten. Aditu askoren ustez, gure kulturak Europa mailan duen adierazpen nagusienetako bat da. Erakundeetatik, sistema hori egituratzen eta bere prestigioa sustatzen lagundu nahi dugu, Euskadin zein kanpoan”, adierazi du.

Honela, Jaurlaritzaren ekintza sorkuntza artistikoaren ibilbide guztia estaltzen duela azaldu du Zupiriak, beti ere xede zehatz batekin: "Gure artisten gaitasun sortzailea, gure arte museo nagusien indarra eta tokiko mailako osagaiak zein osagai globalak uztartuko dituen eskaintza erakargarriago bat bultzatzea”. “Sorkuntza artistikoari eta artelanen ekoizpenari emandako laguntzekin batera, aurten ere Azkuna Zentroan egingo den Eremuak proiektuarekin –euskal artistek bultzatu duten autogestioko proiektu bat, Euskadiko testuinguru artistikoa indartzeko– batera, gure museo nagusien trakzio-indarra sendotzearen aldeko apustua egin dugu, euskal artearen kontaera dinamizatu, nazioartekotu eta osatzeko”, aipatu du.

Testuinguru horretan, Guggenheim Bilbao Museoari eginiko ekarpenen igoera nabarmendu du Zupiriak. Alde batetik, milioi bat euroko ekarpena egingo du Eusko Jaurlaritzak 2013 eta 2016 urteen artean egin zituen ekarpen txikiagoak konpentsatzeko. Bestetik, beste milioi bat euro emango zaio Museoaren sozietate ukandunari, obra berria erosteko ahalmena hobetzeko helburuarekin (Jaurlaritzak bide horri ekin dio urte honen amaieran, 500.000 bideratuz), 2018-2020 Museoaren Plan Estrategikoan erakundeek adostu zuten bezalaxe. Horrela, Jaurlaritzari dagokion ohiko ekarpena ere kontuan hartuta, 7.415.000 euro bideratuko dira.

Bilboko Arte Ederren Museoari egindako ekarpenak dezente egingo du gora ere (% 20 ia) eta bi milioi eurotik gorakoa izango da (aurten 2.037.000 euro bideratuko dira, iaz 1.707.000 euro izan ziren). Inbertsioak egiteko emango diren beste 222.556 euroak gehitu beharko zaizkio zenbateko horri. “Erabaki horrek ateak ireki dizkio Arte Ederren Museoa handitzeko aukerari. Aipatu handitzea Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak adostu eta zehaztu beharko dute zuzendaritzak proposatu duen 2019-2022 Plan Estrategikoan. Urtea amaitu aurretik eztabaidatu eta onartuko dugu aukera hori”, adierazi du. Azkenik, Vitoria-Gasteizko Artium Museoari eginiko ekarpenak gora egingo du aurten ere. Museoak zuzendaritza aldatu du eta bere proiektu museografikoa zehaztu beharko du 2019-2023 eperako. Ekarpenak gora egiten duen hirugarren urtea da jarraian: 100.000 euro gehiago jasoko ditu museoak eta zenbateko horri (725.000 eurotik 825.000 eurora), inbertsioak egin eta jarduera-programa indartzeko helburuarekin 2018ko amaieran jasoko dituen 75.000 euroak gehitu behar zaizkio.

Artearen arloari emandako babesaz gain, euskal sortzaileen lana babesteko apustua ere nabarmendu du sailburuak, hori izango baita Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren aurrekontu gehienaren xedea. Hartara, arte eszenikoak babesteko aurrekontuak % 5 egingo du gora, iaz izan zuen % 8ko hazkundearen ostean. Ikus-entzunezkoen arloari emandako babesari dagokionez, zinemagintzari emandako diru-laguntzek legegintzaldiaren hasieran % 35 igo ostean, orain, 2019rako proiektuak Zineuskadiri eta Euskadiko Filmategiari emandako laguntzak handitzen ditu.

Musikaren arloari zuzendutako aurrekontua % 5,69 haziko da, gehienbat Euskadiko Orkestra Sinfonikoari emandako ekarpenen hazkundeari (bere aurrekontuak % 7 egingo du gora, ia) eta abesbatzen arloari zuzenduriko deialdiari esker. Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak kudeatuko duen deialdi horrek 60.000 eurotik 104.000 eurora egin du gora. Komikien eta ilustrazioaren arloko berritasun nagusiena ondokoa da: Irudika Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionalari emandako ekarpena % 62 igoko da (40.000 eurotik 65.000 euroraino).

Azkenik, kultura ondarearen arloan, euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzea eta zabaltzea xede duten diru-laguntzak berreskuratu nahi ditu Sailak. Herri lanetarako aurrekontuaren % 1a kultura ondarea kontserbatzeko eta aberasteko lanetara bideratzeko betebeharrari lotuta daude aipatu laguntzak. Xede horretarako esleitutako zenbateko osoak gauzatzeke dauden deialdiak eta 2019rako diru-saila hartzen ditu barne eta, ondorioz, 2,3 milioi eurokoa izango litzateke.

Hizkuntza Politika

Hizkuntza Politikako sailburuordetzari dagokionez, 2020. urterako euskararen ikaskuntza B2 mailaraino doakoa egiteko konpromisoak igoera esanguratsua ekarri du beren mailak gainditzen dituzten euskaltegiko ikasleei zuzenduriko laguntzetan. 2.475.000 euro bideratuko dira xede horretarako 2019n, iaz baino % 37,5 gehiago. Halaber, HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bitartez euskaltegi pribatuek (hau da, udalen mende ez dauden euskaltegi horiek) jasotzen duten ekarpena 20.752.000 eurokoa izango da, iazkoa baino % 6 handiagoa. Neurri hori euskaltegi horietako langileen onerako izango da.

Bestalde, aldundiekin eta HEKIMENekin (euskarazko hedabideak biltzen dituen elkartea) partekatu den ia bi urteko prozesua eta gero, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek euskarazko hedabideak finantzatzeko eta babesteko eredua aldatzea erabaki dute. Hedabide horien egonkortasuna eta beren eskaintzaren kalitatea bermatzea xede duen aldaketa horrek ondorioak izango ditu 2019rako aurrekontuetako urte anitzeko kredituetan. Nolanahi ere,  Eusko Jaurlaritza eta aldundiak ixten ari dira euskarazko hedabideen lana laguntzera bideratuko den dirua zehaztuko duen ituna; akordio horretan zehaztuko da erakunde bakoitzak egin beharko duen inbertsioa. Hedabideetan ez ezik, apustu honek euskara ingurune digitalean ere sendotu nahi du, eta bide horretan, 2019an, garrantzitsua izango da, berriz ere, euskarazko Wikipedia sustatzeko egingo den inbertsioa (200.000 euro).

Euskara sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko bidean, 2018a Euskaraldiaren urtea izan ostean, 2019an ahalegin berezia egingo da ekimen honen eraginkortasuna neurtzen eta euskara sustatzeko ditugun estrategiarik eraginkorrenak identifikatzen. Horrez gain, Hizkuntza Politikako sailburuordetzak euskara sustatzeko hainbat ekimen bultzatzen jarraituko du; hala bola, Mingaina Dantzan (inguru soziolinguistiko ezberdinetako gazteak batzen dituen udalekuen proiektu bat, ikerketa soziolinguistiko bati lotua), irakurketa euskaraz sustatzeko Galtzagorri Elkartearekin landu den proiektua (aurtengo aurrekontua 45.000 eurotara iritsiko da) edota Euskarabentura (proiektu honetara 45.000 euro bideratzea proposatzen da).

Azkenik, Hizkuntza Politikako sailburuordetzak proiektu ezberdinak bultzatzen jarraituko du euskara arlo sozioekonomikoan indartzeko, eta hizkuntzaren erabilera arnasguneetan sendotzeko ekimen bati ere helduko dio.

Jarduera Fiskoa eta Kirola

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzari dagokionez, nobedade nagusia izango da ofizialtasunaren alde egiten duten federazioen lana laguntzeko proposatzen den 125.000 euroko aurrekontu-sail berria. Zenbateko horretaz gain, hainbat kontu-sail bideratuko dira Euskadiko federazioen lana laguntzera (guztira, lerro berria ere kontuan hartuta, 3.267.000 euro bideratuko dira federazioen lana laguntzera).

Era berean, gure kirola gure mugez harago sustatzeko bidean, 65.000 euro bideratuko dira Jai Alai World Tour proiektua indartzera eta 60.000 euro proposatzen dira Errugbiko Euskal Liga sustatzeko, Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen markoan kokatutako proiektu bat. Azkenik, jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment proiektura, guztira, 370.000 euro bideratuko dira.  

Etxepare Euskal Institutua

Euskara eta euskal kultura nazioartekotzeko konpromiso zehar-lerro hori bultzatzeko, Etxepare Euskal Institutua izango da Sailaren tresna nagusia. Kulturaren kasuan, 2019an Eskozian jarriko da jomuga, beti ere beste lurraldeak ahaztu barik. ‘Eskozia 2019’ programaren bidez euskal kultura eta Euskadiko sortzaileen lana herrialde horretara eramango da, proiektu ezberdinen bitartez eta arreta berezia jarriz ospe handiko hango jaialdietan.

Euskara gure mugez gaindi sustatzeko, 2019an Etxepare Euskal Institu tuak Euskara Munduan proiektuaren kudeaketa hartuko du, orain arte HABEren ardura izan ostean. Programa honen helburua da euskararen irakaskuntza sustatzea mundu osoko euskal etxeetan.

Azkenik, Zupiria sailburuak adierazi du EiTB taldearentzako ekarpena % 3,7 igoko dela, 2016-2019 Kontratu-Programaren arabera dagokion igoera. Sailburuak adierazi duenez, taldearen esplotaziora bideratuko diren 126 milioiez gain, 5 milioi euro bideratuko dira euskal zinea sustatzera EiTBren bidez; beste 4,4 milioi euro inbertsioetara bideratuko dira.