Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzako Ekoetxeek herritarren ingurumen-inplikazioa sustatuko dute Berdeago azokan

CF3BE844-FBC2-4CBF-90C9-3AA5149567FB.jpeg

2018.eko urtarrilak 26

  • Material iraunkorrekin eta berriro erabiltzekoekin eraikitako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren standak jolas-dinamikak erabiliko ditu bisitariak naturarekin eta biodibertsitatearekin lotutako esperientziatan murgiltzeko. 
  • Urdaibaik, Txingudik, Peñas Negrasek eta Azpeitiak, urtero, 120.000 lagunen bisita jasotzen dute.

 Urdaibain, Txingudin, Peñas Negrasen eta Azpeitian ingurumen-zentroak dituzten Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxeen sareak ingurumenarekin lotutako jarduera-eskaintza zabala aurkeztuko du datorren asteburuan Durangoko (Bizkaia) Landako Gunean egingo den Berdeago Nature Euskal Ingurugiro Iraunkortasun Azokan. Urtero 120.000 pertsonek bisitatzen dituzten Ekoetxeek herritarren ingurumen-inplikazioa bilatuko dute.

Eusko Jaurlaritzak material iraunkorrekin eta berriro erabiltzekoekin eraikitako erakusketa-gune bat diseinatu du. Bertan, gamifikazio-tekniken bitartez, zentroen sare osoa bisitatu eta naturarekin eta biodibertsitatearekin lotutako esperientziez gozatu ahal izango da. “Stand hau Ekoetxeetan sartzeko atea izango da”, adierazi du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak.

“Ekoetxeek osatutako ingurumen-zentroen sareak sentsibilizazioko eta informazioko funtzio garrantzitsua betetzen du. Ekoetxe guztiek ingurune naturalean adituak diren profesionalak dituzte. Profesional horiek lanean dihardute, ekoetxeak bisitatzen dituzten pertsonek Euskadik duen biodibertsitateari balioa emateko eskaintzen zaizkien jarduerez gozatzeko”, azaldu du Iñaki Arriolak.

Standa ibiltaria izango da eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak parte hartuko duen azoketan eta ingurumenari lotutako ekitaldietan Ekoetxeen jarduera aurkezteko erabiliko da.

Berdeago Nature Azoka erakusketa gune gisa sortu da, Euskal Herriko produktu naturalen eta produktu ekologiko ziurtatuen inguruan hautabide berde onenak ezagutzeko. Nature Landako Gunean egingo da urtarrilaren 27an (10:00-21:00), larunbata, eta 28an (10:00-20:30), igandea.  Osasunean eta ongizatean, etxe osasungarrian, kosmetika ekologikoan eta ongizatean, elikadura ekologikoan, eskulangintzako modan eta jolas iraunkorretan, ingurumenean eta naturan eta ekonomia sozialean oinarritutako 74 erakustoki edukiko ditu.