Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza Politika Bateratuaren lanketan Autonomia Erkidegoek partaidetza handiagoa izatea eskatu du

Argitalpen-data: 

Tapia-ENBA.jpg
  • Gobernu zentralari exijitzen dio estatu mailan subsidiaritate printzipioa aplikatzeko, beraien eskumen eremuaren barruan eskatzen duten erkidegoen alde
  • ENBA nekazari sindikatuak antolatutako “2020tik aurrerako NPBaren erreformaren klabeak” izeneko jardunaldietan, Eusko Jaurlaritzak baieztatu du Euskadik erabateko eskumenak dituela bere lurraldeko nekazaritza politikaren barruan, eta eskumen horiek gauzatzeko borondate politikoa dagoela

Eusko Jaurlaritzak erregioen protagonismo handiagoa eskatu du, Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoak lantzeko eta defendatzeko partaidetza handiagoa izan dezaten, eta, NPB berriari dagokionez, Gobernu Zentralari exijitzen dio estatu mailan subsidiaritate printzipioa aplikatzeko beraien eskumen eremuaren barruan eskatzen duten Erkidego Autonomoen alde.

Euskadiko nekazaritza sektoreko eta Europako estamentuetako 130 ordezkari baino gehiagoren aurrean, Eusko Jaurlaritzatik nabarmendu dute 2020ko NPBak aurre egin beharreko erronka nagusiak direla lehen sektorea gaztetxea, katean zehar ekoizpen sektoreak duen rola indartzea eta nekazaritza klima aldaketara egokitzea.

Bide horretan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzak NPBa sakon erreformatzeko jarrera azaldu du, bost puntutan oinarrituta:

-          Gaur egungo bi zutabeak mantentzea:

-          Merkatuen krisietan laguntzeko mekanismoak ezartzea.

-          Estatu kideen artean funtsak banatzea aurrez zehaztu gabe eta status quo-aren mende egon gabe, baizik eta efizientetzat jotzen den eredura zuzenduta.

-          NPBaren kudeaketarako arau orokorretan laguntza eta malgutasun handiagoa eskualdeentzat, haietako bakoitzaren berezitasunei lekua emateko.

-          NPBaren eskema iraunkorra bultzatzea, etengabe erreformen mende egon gabe.

Bere mintzaldian, nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek NPBaren gaur egungo garapenaren puntu nagusiak aztertu ditu, izan ere, azken erreforma bere aurreko legegintzaldiarekin batera egin zenez, “Espainiako Gobernuarekin zein Bruselarekin negoziatzea egokitu zitzaigun, bai alderdi estrategikoak argitzeko, bai, sektorearekin lankidetzan, laguntzak definitzeko eta diseinatzeko eta kudeaketa sistemak inplementatzeko, betekizun berrietara egokitzeko.

Ziurgabetasun unea

Ziurgabetasun handiko unean gaudelarik, kontuan hartuta Brexitaren ondorioak, Europar Batasuneko 27 kideek jarduteko lehentasunei eta etorkizuneko esparruei buruz hartu beharreko estrategia globala, Urte Askoko Finantza Esparru berriaren onarpena, NPB berria inplementatzeko datak eta abar, Eusko Jaurlaritzak, orientazio berri horren aurrean, eskualdeen protagonismo handiagoa eskatzen du, eta galdegin du araudi komunitarioaren garapenak eskualdeei dagokien rola eman dakiela, NPBaren Plan Estrategikoak lantzeko eta defendatzeko. Halaber, Gobernu Zentralari eskatu dio, NPB berriari dagokionez, estatu mailan subsidiaritate printzipioa aplikatzeko beraien eskumen eremuaren barruan eskatzen duten Erkidego Autonomoen alde.

Kezka nagusiak

Araudi berriari buruz Eusko Jaurlaritza gehien kezkatzen duten alderdietako bat da nekazaritzako aurrekontua murriztea eta Lehen Zutabeko zuzeneko ordainketen kofinantzaketa nazionala egotea, baita ere laguntzak murrizteko aukera eta merkatua kudeatzeko neurriei ematen zaien arreta eskasa, izan ere, neurri horiek oso garrantzitsuak dira aurreikusten diren prezioen aldakortasunari, elikadura krisiei, hirugarren herrialdeekiko gatazkei eta abarri dagokienez.

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu nahi izan du baita ere Euskadik erabateko eskumenak dituela bere lurraldean nekazaritza politika aplikatzeko, eta hori gauzatzeko borondatea duela, bere kudeaketa esparruan NPBaren erreforma aplikatzeko, bai gure baserritarrentzako zuzeneko laguntzei dagokienez, bai landa ingurunearen eta sektorearen garapenerako laguntza estrukturalei dagokienez, eta bere muga araudi komunitariotik eratorriko den arau esparrua baino ez dela.