Eusko Jaurlaritzak Lemoako Aramotz mendilerroan aurkitu dituzten Gerra Zibileko borrokalari baten gorpuzkiak lurpetik ateratzen parte hartu du

2018.eko martxoak 24

  • Ikerketek dakarrenaren arabera, gorpuzkiak 1937ko maiatzean Bizkaia inguruan Izartza izenez ezagutzen diren borroketan hil zen miliziano batenak dira
  • 2002tik, Eusko Jaurlaritzak eta ARANZADIk, guztira, 43 hobi atera dituzte lurpetik eta 117 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburua eta Aintzane Ezenarro GOGORAko Zuzendaria, gaur goizean, Lemoan (Bizkaia) Aramotz mendilerroan aurkitu dituzten Gerra Zibileko borrokalari baten gorpuzkiak lurpetik atera dituztenean bertan izan dira. Ikerketen arabera, milizianoa 1937ko maiatzaren amaieratik urte bereko ekaineko lehen egunerata ingurunea menderatzeko izan ziren borroketan hil zen.

Gorpua lurpetik ateratzean, Saioa Elejabarrieta Lemoako alkatea ere izan da bertan; “Aranzadi Zientzia Elkarte”ko talde zientifiko batek egin du eta Paco Etxeberria antropologo forentseak zuzendu. Gorpua lurpetik ateratzeko lanetan, hezur-zatiak (bi hezur luzanga), jatorriz Txekoslovakiako bi munizio-kartutxo, zenbait moneta eta diru-zorro batena izan zitezkeen larru-hondar txikiak aurkitu dira.

Hobia 2017ko maiatzean aurkitu zen, lemoaztar baten testigantzari esker; hark adierazi zuen gorpu bat zegoela lurperatuta, Aramotz mendiaren ipar-ekialdeko mendi-hegaleko erreka txiki baten alboan, Izartza izenez ezagutzen den inguruan. Bere oharren arabera, hobi horretan miliziano asturiar bat lurperatu zuten.

ARAMOTZ MENDILERROKO BORROKAK

Aramotz mendilerroa gerra-toki izan zen, 1937ko maiatzaren amaieratik ekaineko lehen egunetara. Mendilerro hura menderatzeko borrokak altxatutako aginteak Bilboko defentsa-gerrikorako –Burdin Gerriko izenez ezagutzen dena– aurrerapenean bere atzeguardiaren segurtasuna eta Amorebieta eta Durango udalerriak lotzen dituen errepidetik libre zirkulatzea bermatzeko zeukan interesaren ondorio izan ziren.

Mendilerro hura Euzko Gudarosteko indarrek defendatu zuten, bai eta Asturiasetik etorritako brigada milizianoek ere.

2020KO HOBI PLANA

Eusko Jaurlaritzak 2002tik darama Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko lanean. 2015aren amaieran, hobiak ikertzeko eta aurkitzeko 2015-2020 Euskal Plana aurkeztu zen.

Gaurkoa aurten lurpetik atera den lehen gorpua izan da. 2002tik, guztira, 43 hobi atera dituzte lurpetik eta 117 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte.

  • 25 pertsonaren gorpuzkiak beren familiei entregatu zaizkie.
  • Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan 51 pertsonaren gorpuzkiak daude; horietatik, 7 identifikatuta daude.
  • 41 pertsonaren gorpuzkiak hobiak aurkitu dituzten udalerrietako hilerrietan daude.

Egun arte, 38 pertsona identifikatu dira eta Zeanuriko Altun mendiko hobian aurkitutako 5 borrokalarien identifikazioa amaitzeko prozesuan dago; hobi hura 2017ko azaroan atera zen lurpetik.