Eusko Jaurlaritzak itsasertzeko eremuetan inbertsioak egiteko milioi erdi euroko laguntzen deialdia egin du (Gobernu Bilera 2018-03-20)

logoconsejo.jpg

2018.eko martxoak 20

Oinarrizko zerbitzuen eta ondarea zaintzeko jarduerak finantzatuko dituzte

Euskal itsasertzeko bizi kalitatea hobetzeko eta modernoago jartzeko bidean aurrera egitea da helburua

Eusko Jaurlaritzak, martxoaren 20ko Kontseiluaren bileran, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren agindua onartu du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzen Itsaspen programa deitu dute.500.000 euroko zenbatekoarekin, laguntza horien helburua da legealdi honetan gobernu autonomoak duen lehentasunetako bat lortzeko bidean aurrera egitea, hau da, itsasertzeko munduan bizi kalitatea hobetzea eta modernizatzea. 

Programa honen azken deialdian, 2016koan, guztira 13 proiektu finantzatu zituzten, 993.611 euroko balioa zuten inbertsioak bilduta. Horien artean, itsasertzeko ondarea eta kaltetutako inguruneak berreskuratzera eta irisgarritasuna hobetzera bideratutakoak nabarmentzen dira. Aipagarriak dira honako hauek: Zierbenan La Arena hondartzan irisgarritasuna hobetzea, Lekeition itsasertza berreskuratzea, EAn araztegi ekologikoa instalatzea eta Santurtzin subasta ontzia berreskuratzea, besteak beste. 

2018an finantza daitezkeen jarduerak oinarrizko zerbitzuak ezartzera eta ondarea zaintzera bideratutakoak dira eta laguntza nahiz hartzaile mota ugari biltzen ditu: 

  • Itsasertzeko herritarrentzako eta ekonomiarako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko; udalerriei, edo sozietateei, Administrazio Batzordeei, Kuadrillei, Mankomunitateei eta Eskualdeei zuzenduta. 
  • Itsasertzeko ondarea zaintzeko eta hobetzeko; horietara erakunde autonomoek, fundazio publikoek, partzuergoek, irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek, Aldi Baterako Enpresa Elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko ondasun-erkidegoek izango dute sarbidea. 

Laguntza hauen deialdira sartzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapena eta Europar Politikako zuzendariari bideratuko zaizkio. Eskaeraren inprimakia webgunean eskuragarri egongo da: -www.nasdap.ejgv.euskadi.eus.