Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak ISO 9001 eta ISO 14001 arauak euskaratuko ditu UNErekin sinatutako hitzarmen bati esker

2018.eko urtarrilak 03

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu du Normalizaziorako Espainiako Elkartearekin, UNE, euskal enpresentzat interes orokorrekoak diren arauen euskarazko bertsioa garatzeko helburuz. Hitzarmen horren bidez, enpresen artean hedadura handikoak diren hainbat arau euskaratuko dira, besteren artean, UNE-EN ISO 9001 eta UNE-EN ISO 14001; izan ere, munduko milioi bat erakundek baino gehiagok aplikatzen dute arrakastaz ISO 9001 araua, Kalitatearen Kudeaketari buruzkoa; eta 350.000ek erabiltzen dute ISO 14001 beren Ingurumen Kudeaketa egokirako.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Normalizaziorako Espainiako Elkarteko, UNE, zuzendari nagusi Javier García Díazek sinatu dute akordioa, eta helburu da bere iraunaldian zehar (4 urte) UNE arauak euskaratzeko itzulpen-programa bat garatzea, nahiz eta akordioa luzatu ahal izango den epe horretatik aurrera. Arau tekniko horiek merkatuaren adostasuna islatzen duten dokumentuak dira, erakundeen lehiakortasunerako funtsezkoak diren gaiei heltzeko jardun egokien ingurukoak, enpresen ziurgabetasuna argitzeko balio dutenak. Euskarara egiten den itzulpen honetaz gain, UNE arauak beste hizkuntz koofizialetara ere itzultzen dira: bai galizierara, bai katalanera.

Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, hitzarmenaren xede den programaren UNE arauak euskaratzeaz arduratuko da, baita beharrezko eguneraketez ere. Gainera, urteko programan txertatu nahi diren arauen zerrenda sinatuko dute urtean behin.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzak arauen euskarazko itzulpena entregatu beharko die UNEko arduradunei, bertsio hori eta UNE arauari dagokion jatorrizko bertsioa bat datozela bermatuz. Bestalde, hitzarmen honen indarraldian zehar, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urteko partida bat jasoko du aurrekontuetan arauen itzulpengintzarako.

Azkenik, UNE arduratuko da, beste gai batzuez gain, hitzarmen honen xede den lan-programatik eratorritako arauen euskarazko bertsioak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abalatuak, editatu eta hedatzeaz. Edizioaren kostuak UNEk hartuko ditu bere gain. Erakunde horrek baimendu egiten du EUSKALTERM Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatzea hitzarmen honen xede diren UNE arauetan barne hartutako terminoak eta jendartean hedatzea, betiere beren jatorria azalduta.

UNEri buruz

Normalizaziorako Espainiako Elkartea, UNE, Espainiako Estatuan arau teknikoak garatzeaz legez arduratzen den erakundea da, eta ehun ekonomikoaren eskueran jartzen du munduko katalogo osatuenetako bat, guztion helmenean dauden soluzio eraginkorrak ematen dituzten 32.350 araurekin baino gehiagorekin. Hala, Elkarteak adierazitakoaren arabera, enpresen, beren produktuen eta zerbitzuen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen da.

UNE Espainiako ordezkaria da Nazioarteko normalizazio-erakundeen aurrean (ISO eta IEC), baita Europakoen (CEN eta CENELEC) eta COPANTen aurrean ere. Gainera, Espainiako normalizazio-erakundea da ETSIn. UNEk eramaten du Espainiako sektoreen ahotsa haien lehiakortasunerako funtsezko arauak eztabaidatzen dituzten munduko foroetara. Ildo horretan, lan handia egiten du Nazioarteko Lankidetzan; dagoeneko 900 jarduera baino gehiago burutu ditu garapen-bidean dauden herrialdeetan kalitatearen azpiegitura baten sorkuntza babesteko.