Eusko Jaurlaritzak garraioaren sektorean gauzatzen ari diren berdintasun-politiken ezarpena aztertu du

emakumea01.jpg

2018.eko abenduak 18

  • “Emakumea garraioaren sektorean” lan-jarduna ospatu da Lakuako ekitaldi-aretoan
  • Berdintasun-planak historikoki maskulinizatutako sektore horretan betearazten ari dira; bertan, emakumea, gaur egun, lanean dabilen biztanleriaren % 20 da.

“Emakumea garraioaren sektorean” izenburua izan du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Emakunderekin eta Logistikako eta Mugikortasuneko Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatu duen jardunaldiak; gaur goizean izan da, Vitoria-Gasteizen. Topaketaren helburuak honako hauek izan dira: garraioaren sektorean berdintasun-politiken ezarpena aztertzea eta bertan emakumeek duten presentziaren bilakaera ezagutzea.

Euskal administrazioetako, lanbide-elkarteetako eta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko operadoreetako emakume langileek lanbide-jardunaldi batean parte hartu dute; bertan, zenbait erakundetan indarrean dauden berdintasun-planen berri eman da, bai eta emakumeek garraioaren sektorean izan duten presentziaren bilakaerari buruzko informazioa ere. EUSTATen datuen arabera, sektore horretan, 2016an, lanean zebilen biztanleriaren % 80,4 gizonezkoa izan da eta % 19,6, emakumezkoa.

Jardunaldia Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeak ireki du eta, ondoren, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak honako hitzaldi hau eman du: “Emakume eta gizonen berdintasuna, berrikuntzarako eta hazkuntza ekonomikorako ezinbestekoa”. Jarraian, bertaratu direnek Euskotrenen eta PESA Garraioen berdintasun-planak ezagutu dituzte, bi erakundeetako arduradunen eskutik, alegia, Joseba Barrenaren eta Alex Nayaren eskutik, hurrenez hurren.

Topaketaren bigarren zatian, bi mahai-inguru egin dira. Lehenengoan, Emakundeko María Sierra izan da moderatzailea, eta honako izenburu hau izan du: “Emakumeen bilakaera sektorean”. Bertan, Iratxe García Logistikako eta Mugikortasun Iraunkorreko Institutuko (IVL-LEE) antolamenduko zuzendariak, Sonia García Bizkaiko Garraioen Enpresa Elkarteko (ASETRAVI) presidenteak, Inmaculada Ugarteche Uniport Bilbao/Comunidad Portuariako zuzendariak eta Gentzane Acha Acha Cargo S.L. errepidezko salgaien enpresako garraioetako eragiketen zuzendariak parte hartu dute.

Janire Bijueska Garraio Plangintzaren zuzendariak honako mahai-inguru hau moderatu du: “Emakumeak esperientziak eta etorkizuneko helburuak partekatzen”. Bertan, honako hauek parte hartu dute: Laura Andikoetxea Euskotreneko finantza-baliabideen arduraduna; Cristina López Euskal Trenbide Sareko (ETS) proiektu-burua; Edurne Egaña Eusko Kirol Portua, EKP-ko zuzendaria; eta Pilar Arana Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi ordezkaria.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak itxi du jardunaldia, eta, horretarako, honako hau nabarmendu du: “maila anitzeko lana egiten ari da garraioaren sektore osoan, diskriminazio historikoa zuzendu ahal izateko politika eraginkorrak sustatu ahal izateko”. Honako hau nabarmendu du: “emakumeak leku hori berreskuratu behar du, erronka numerikoa gainditzeko ez ezik, kasu honetan % 20koa, teknika eta lanbide aldetik sektorearen erronka berriei heltzeko eta horietako buru izateko prestatuago ere badagoelako, dela ibilgailuen eta azpiegitura berrien garapenean eta diseinuan, dela erabiltzaileei eskaintzen zaizkien garraio-zerbitzuetan”.