Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Otxarkoagan Euskadin aitzindaria den hiri-berroneratzeari buruzko ikerketa-laborategia jarri dute martxan

IMG_6332.JPG

2018.eko irailak 10

  • ‘Otxar Urban Lab’en jarduera hasteko, Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak (EVETU) hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko ikastaroa emango du, enplegatu publiko eta profesionalei zuzenduta, batik bat arkitekturaren eta ingeniaritzaren arlokoei
  • Ekimena Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Otxarkoagan egingo duten eraikinen hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 milioi euroko aurrekontua du
  • Iñaki Arriolak eta Alfonso Gilek Otxarkoaga, elkarte-egituraren inplikazio zuzenaren bidez, sozialki jasangarria den ekoauzo bilakatu nahi duen akordioaren balioa nabarmendu dute

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateordeak, gaur goizean, ‘Otxar Urban Lab’en egoitza izango den eraikina bisitatu dute; hiri-berroneratzeari buruzko ikerketa-espazio berria izango da, Bilboko Otxarkoaga auzoan. Espazio berri hori laborategi esperimentala, irekia eta partekatua izango da; bertan, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-formulak bilatuko dira, Bilboko beste gune batzuetara eta Euskadiko beste udalerri batzuetara estrapola daitekeen berezko lan-metodoa diseinatzeko eta, bertan, hiria birgaitzeko, berroneratzeko eta berritzeko estrategia martxan jartzeko.

‘Otxar Urban Lab’ek, ekimena hasteko, hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko ikastaroa emango du, enplegatu publiko eta profesionalei zuzenduta, batik bat arkitekturaren eta ingeniaritzaren arlokoei, baina baita zuzenbidearen, soziologiaren eta beste arlo batzuetakoei ere. Goyo Zurro Bilboko Etxebizitza zinegotziaren eskutik, Iñaki Arriolak eta Alfonso Gilek bihartik urriaren 8ra arte prestakuntzarako baliatuko diren ikasgelak bisitatu ditute; ikastaroa Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak (EVETU) emango du, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendekoak.

Eraikina BBKk laga du, eta, datozen hileotan, Bulego Teknikoaren eta Hurbilekoaren egoitza bilakatuko da, eta, horren bidez, auzoan bertan kudeaketak egin ahalko dira eta herritarren parte-hartzea eta Otxarkoagako gizarte-egitura egiten diren jarduera guztietan inplikatzea bilatuko da. Halaber, espazioan bertan auzoko pertsonen prestakuntzarako eta enplegagarritasuna hobetzeko neurri eta planak abian jartzea aurreikusten da.

Ekimena Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Otxarkoagan datozen lau urteotan egingo duten eraikinen hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 milioi euroko aurrekontua du. Horietatik, 4.675.000 euro Eusko Jaurlaritzaren kargura izango dira, eta Udal Etxebizitzak 2.477.000 euroko inbertsioa egingo du.

Arriola sailburuak eta Alfonso Gil alkateordeak Otxarkoaga, elkarte-egituraren inplikazio zuzenaren bidez, sozialki jasangarria den ekoauzo bilakatu nahi duen akordioaren balioa nabarmendu dute. Hirian izaera horretako lehen esperientzia da, erakunde-elkarlanaren eta bi erakundeek hiri-berroneratzearen alde egiten duten apustu partekatuaren ondorio.

Iñaki Arriolak esan du Otxarkoaga berroneratzeko proiektua oso beharrezkoa zela eta justizia sozialeko kontua zela. “35 urte baino gehiago daramatzagu –esan du– etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ematen, eta bizitegi-eraikinak hobetzeko jarduketa-kopuruari dagokionez emaitza oso positiboa izan da. Baina ez da nahikoa izan; izan ere, ezin dugu gauza bera esan auzo ahulen inbentarioak ematen dituen datuen gainean; horietan, euskal herritarren % 31 bizi da. Hiri-berroneratze integrala egiteko ordua iritsi da, ingurumen-hobekuntza, suspertze ekonomikoa eta jendearen kohesio eta integrazio soziala ere kontuan izango dituena”.

Bestalde, Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzaileak honako hau adierazi du: “Udalak herritarren partaidetzarekin hiria eraldatzeko prozesu dinamikoen aldeko apustu argia egiten du. Otxarkoagan gauzatuko den proiektuaren eta horren tankerakoen helburua zera da: hiriaren egituraren baldintza fisikoak optimizatzea, eta, batez ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, gizarte- eta lurralde-kohesioaren aldeko neurrien bitartez, baita beste jarduera batzuen bidez ere, hain zuzen, hiriko ekonomia berroneratzea, enplegua sustatzea eta jarduera- eta ekintzailetza-nitxo berriak bultzatzea xede dutenak”.

Pasa den ekainean esan bezala, proiektuaren jarduketa esanguratsuenak efizientzia energetikoko eta irisgarritasun unibertsaleko irizpideen araberako bost eraikinen birgaitzea dira. Guztira, datozen 4 urteotan, esku-hartzeak 240 etxebizitzatan izango du eragina, auzoko 16 ataritan eta 3 kaletan (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe) banatuta. Orain arte ere, 2017ra arte, auzoan lanak egin dira, lau eraikinetan hobekuntza-lanak egin baitira, guztira 228 etxebizitzatan.

Eusko Jaurlaritzaren inbertsio handiena, 3 milioi euro baino pixka bat gehiago, bizitegi-eraikinak birgaitzeko laguntzetara bideratuko da. Udal Etxebizitzen ekarpena 1.957.000 eurokoa izango da, eraikinetan jabetza-kuota aintzat hartuta.

Gainera, gizarte- eta kultura- eta merkataritza-jarduerak  izango dituen espazioa ere egongo da, Txotena kalean. Gaur egun erabiltzen ez diren bi eraikin birgaituko dira eta horien artean eraikiko den plaza publiko estaliaren bidez konektatuko dira. Espazioan energia hornituko da, plazaren estalkian izango diren eguzki-plaka batzuen bidez.

Era berean, proiektuak bi azterlan egitea aurreikusten du. Lehenengoa, oso azalera txikia duten (50 m2 inguru) etxebizitzen bizigarritasuna hobetzeko aukerak aztertzeko. Bigarrena, auzoko espazio fisikoan egon daitezkeen hobekuntzak ikertzeko.

 

INBERTSIOEN LABURPENA:

 

Eusko Jaurlaritza

Bilboko Udala

Birgaitzerako laguntzak

3.015.000

 

Jabetza-kuotako ekarpena

 

1.757.000

Gizarte- eta kultura-espazioa

750.000

60.000

Auzoko bulegoa, Otxar Urban Gela, Prestakuntza eta Enplegua

853.250

560.000

Bizigarritasun-azterlana

50.000

 

Espazio publikoaren azterlana

6.750

100.000

 

4.675.000

2.477.000