Eusko Jaurlaritzak eta Azpeitia eta Zestoako udalek hitzarmena sinatu dute Lasaoko geltokiaren alboko oinezkoentzako bidea egokitzeko

ets1.JPG

2018.eko abenduak 11

  • ETSko zuzendari Aitor Garitanok iragarri du 3 hilabetez luzatuko diren lan horiek 2019ko udaberrian abiaraziko direla
  • Proiektuaren aurrekontua 62.653 eurokoa da, eta barrerarik gabeko trenbide-pasaguneak eta Gl-361 azpiko pasagunea egokitzeko lanak ere barne hartzen ditu, segurtasuna hobetze aldera

Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bidez, eta Azpeitia eta Zestoako udalek lankidetza- eta finantzaketa"hitzarmena sinatu dute, Urolako trenbidearen ibilbide zaharreko Lasaoko geltokiaren alboko oinezkoentzako bidea egokitzeko.

Aitor Garitano trenbide kudeatzailearen zuzendari orokorrak eta Josetxo Mendizabal eta Eneko Etxeberria Zestoa eta Azpeitiako alkateek (hurrenez hurren) akordio horren berri eman dute. Hitzarmenaren bidez, bide hori erabiltzen duten pertsonen segurtasuna bermatu nahi da; izan ere, gaur egungo egoera dela eta, zati batzuetan erabiltzaileak trenbidearen instalazioetan sartu behar dira.

Bideak 250 metro inguruko luzera du, eta GI-631 errepideko lurpeko pasabidetik Zestoako aldeko trenbidearen sarbidera doa, Lasaoko geltokiko eraikinaren eta instalazioen kanpoaldetik. Proiektuak, halaber, barrerarik gabeko trenbide-pasaguneak eta Gl-361 azpiko pasagunea egokitzeko lanak hartzen ditu.

Jarduketa egiteko 62.653,32 euro (BEZik gabe) beharko dira, eta ehuneko 50ean ordainduko dute Eusko Jaurlaritzak eta Zestoa eta Azpeitiako udalek (azken bi horiek ehuneko 25a bakoitzak).

Hitzarmenak ETS behartzen du proiektua egikaritzeko lizitazioa, kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapena egitera. Proiektua, esan bezala, Urolako trenbide zaharreko Lasaoko geltokiko inguruetan egingo da (1986ko udazkenean eten zen horren ustiapena). Gaur egun, Trenbidearen Euskal Museoko trenak bakarrik ibiltzen dira bertatik, zehazki Azpeitia-Lasao zatian.

Obrak egiteko 3 hilabeteko epea izango da eta aurreikuspenen arabera 2019ko udaberrian abiaraziko dira. Museoaren aldetik handik tren asko ibiltzen ez badira ere, segurtasuna ezarri behar da, bai bide hori erabili eta trenbide galiboa gainditzen dutenentzat, bai trenbideko erabiltzaileentzat.