Eusko Jaurlaritzak Duintasunaren Kolunbarioan DNA programaren bidez identifikatutako lehen pertsona hobiratu du

2018.eko apirilak 17

Miguel Vargas-en gorpuzkiak, Tolosako herritarrarenak, Rabanera del Pinarreko (Burgos) hobi batetik atera ziren

Bere familiak DNAren lagina hartu zuen eta, horrela, identifikazioa lortu zen, bere senidea denbora luzez bilatzen egon ondoren

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da Miguel Vargas Arnaiz-en gorpuzkiak entregatzeko eta Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hobiratzeko ekitaldiko buru. Miguel Vargas, urte askoan, Tolosan bizi izan zen, eta bere jaioterrian erretiratzea erabaki zuen, San Millán de Laran (Burgos), baina, 1936ko irailean, fusilatu egin zuten, beste lau pertsonarekin batera. Bere gorpuzkiak Rabanera del Pinarreko hobi batean aurkitu zituzten, eta bere familiartekoak hainbat denbora bilatzen egon ondoren, eta DNAren entregari esker, identifikatu egin da. DNA programa abian jarri denetik identifikatu den lehen pertsona da. Gaur, bere gorpuzkiak Kolunbarioan daude, beste 51 pertsonarekin batera.

Ekitaldia sinbolismoz beteta egon da; hasieran ohorezko aurreskua egin da, gero Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak eta Cristian Echeverría Miguel Vargasen birbilobak hitz egin dute. Lehendakariak eta Jonan Fernández  Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Miguel Vargasen gorpuzkiak bi familiartekori entregatu dizkiete eta horiek, aldi berean, hobiratu egin dituzte, Duintasunaren Kolunbarioaren nitxoetako batean. Horiez gainera, bertan izan dira Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Ane Beitia Elgoibarko alkatea eta José Manuel Herrero Gaztela eta Leongo Presidentziako idazkari nagusia. Ekitaldia amaitzeko, bertan izan direnek lore-eskaintza egin dute.

MIGUEL VARGAS ARNAIZ

Miguel Vargas Arnaiz, urte askoan, Gipuzkoako Tolosa herrian bizi izan zen; bertan lan egin zuen, guardia zibil. Urteek aurrera egin zuten eta bere jaioterrira, San Millán de Larara (Burgos), bueltatzea erabaki zuen. Bertan, atxilotu egin zuten, 1936ko irailaren 23an, eta, egun gutxira, irailaren 27an, “paseatu” egin zuten, beste lau pertsonarekin batera. Bere gorpuzkiak Picón de Valdeabejas hobian (Rabanera del Pinarren, Burgosen) berreskuratu zituen, 2009an, Aranzadi Zientzia Elkarteak, beste 4ren gorpuzkiekin batera.

Familia egun Gipuzkoako zenbait udalerritan bizi da; urteak zeramatzan bere familiartekoa aurkitzen eta, horretarako, ikerketa historikoa hasi zuten. GOGORArekin harremanetan jarri ziren iaz, Rabanera del Pinarren hobitik ateratako gorpuzkietako bat Miguel Vargas Arnaizena izan zitekeelako susmoa baitzuten. Hori egiaztatu ahal izateko, DNAren lagina hartu zen, eta gorpuzkienarekin erkatu ondoren, identifikazioa berretsi da.

DESAGERTUTAKO PERTSONEN BILAKETA

Eusko Jaurlaritzak 2002tik darama gerra zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko lanean. 2002tik, guztira, 44 hobi atera dituzte lurpetik eta 118 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Gaur, 26 pertsonaren gorpuzkiak beren familiei entregatu zaizkie. Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan 52 pertsonaren gorpuzkiak daude; horietatik, 7 identifikatuta daude.  41 pertsonaren gorpuzkiak hobiak aurkitu dituzten udalerrietako hilerrietan daude.

2017an, Gogora Institutuak, UPV-EHUrekin lankidetzan, DNA Programa jarri zuen abian, gerra zibilean desagertutako pertsonak identifikatzeko. Gaur egun, DNA Bankuak 225 lagin ditu. Miguel Vargas Arnaiz programa honi esker identifikatu den lehen pertsona da.