Eusko Jaurlaritzak Danobatek Italian duen instalazio berria babesten du

tapia_danobat_02.JPG

2018.eko ekainak 21

  • Arantxa Tapia sailburua buru izan da talde honen nazioarteko presentzia indartzen duen instalazioaren inaugurazioan
  • Danobatek 2.500 metro koadroko instalazioa inauguratu du, puntako ekipamenduekin

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak amaitu du Italiara eginiko bisita, Danobaten instalazio berriaren inaugurazioarekin, Piamonteko Bistagno udalerrian. Gipuzkoako enpresak erabaki du Italian finkatzea, nazioarteko presentzia sendotzeko, 2.500 metro koadroko instalazioarekin; puntako ekipamendua du instalazioak.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako buru Arantxa Tapia sailburua izan da, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordearekin, Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendariarekin eta Ainara Isasa Milango bulego berriaren zuzendariarekin batera. Xabier Alzaga Danobateko zuzendari gerenteak, Cesar Arriola Danobateko presidenteak eta Alberto Tacchela instalazio berriko zuzendari gerenteak egin diote harrera ordezkaritzari. Inaugurazio-ekitaldian Italiako erakundeetako arduradunak ere izan dira: Valter Otria Piamonteko Gobernuaren ordezkaritzan eta Romilda Tafuri Alessandriako prefetoa, guneko agintaritza garrantzitsuena.

Hitzaldian, sailburuak nabarmendu nahi izan du Danobatek bezeroei “kalitate-estandarrik onenak” eskaintzeko egiten duen ahalegina. Tapiak esan du Danobatek sailak berak sustatzen dituen herrialdeko erronka eta estrategia berak partekatzen dituela; izan ere, erronketako batzuk dira jarduera eta inpaktu ekonomikoa sortzea, kalitateko enplegua sortzea, talentuarekin eta kualifikazio handiko pertsonekin, eta industria lehiakorra eta puntako teknologiaduna finkatzea. Erronka horiek “egunero hainbat orduz adosten eta planifikatzen jarduteak dakartzan jarduketa zehatzetan islatzen dira”.

Tapiak nabarmendu du instalazio hori martxan jartzea eta aste honetan merkatu horretan Euskadin merkataritza-ordezkaritza bat zabaltzea ez direla kausalak. Italiako merkatua garrantzitsua da Euskadirentzat eta euskal enpresek “asko dute Italian ikasteko eta irakasteko”.

Amaitzeko, sailburuak eskerrak eman ditu jendaurrean Piamonteko Gobernuak eta Alessandriako eskualdeak emandako laguntzagatik; izan ere, Danobaten proiektua bultzatu dute, eta prest egon dira elkarrekin lan egiteko, Euskadi eta Piamonteren artean baterako proiektuak garatzen jarraitzeko.