Eusko Jaurlaritzak berriro egingo dizkio ekarpenak Itzarriri eta erakundea sortzera eraman zuen "elkar ulertze eta adostasun" jarrera berreskuratzeko eskatu du

2018.eko urtarrilak 23

Otxarkoagako krimenari eta adingabeen inplikazio posibleari buruz, Gizarte Babeserako Sistemaren "balioa nabarmendu" du Erkoreka bozeramaileak

Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeari ekarpenak berriro egitea onetsi du gaur Eusko Jaurlaritzak. Hala, erabaki horren onuradun izango dira euskal sektore publiko osoan lan egiten duten 90.000 pertsonak. Gobernu Kontseiluak langileen ordainsariaren % 0,5 ematea adostu du, eta erabaki horrek 17 milioi euroko eragina izango du aurrekontuetan. Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ohi denez asteartean egin ohi den prentsaurrekoan.

Gogora ekarri duenez, 2012ko urtarrilaz geroztik Itzarriri egindako ekarpenak debekatuta zeuden Espainiako oinarrizko araudiaren erabakiz, eta orain berriro helduko dizkio, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera eragina izanik, “segurtasun ekonomikoa eta juridikoa erabatekoa” dela kontuan izanik. Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren nahia adierazi du, hain zuzen ere 2014an Itzarri sortzera eraman zuen “elkar ulertze eta adostasun jarrera berreskuratzeko". Izan ere, Exekutiboak funtzio publikoan sindikatuekin negoziatzeko hartua duen “konpromisoa eta erabateko prestasuna” azpimarratu ditu ekarpena % 1era arte igo ahal izateko. “Orain da hori egin ahal izateko unea, aurrekontua eta erabateko segurtasun juridikoa ditugulako", gaineratu du.

Bestalde, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza bigarren akordio batean ari da lanean funtzionarioen soldata-igorea gauzatzeko; % 1,5ekoaizango da, eta atzeraeraginez aplikatuko da 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Gaurko bileran Gobernu Kontseiluak 2018ko laguntzak ere onetsi ditu, kanpoan ardogintzako produktuen gaineko inbertsio, informazio eta sustapenerako ekintzak eta programak garatzeko. Programa horrek 50 milioi euro sorrarazten ditu guztira, eta horietatik 34 inbertsio pribatutik eta 16 funts publikoetatik datoz. Gainera, onartu egin da Euskadiko kirol federazioei laguntzeko programa, 2,5 milioi euroko zenbatekoarekin.

OTXARKOAGAKO GERTAERA

Galderen txandan Bilboko Otxarkoaga auzoan gertatutako krimenari buruz galdetu zaio Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, adingabeak tartean direla aditzera ematen dela kontuan izanik. Erkorekak txalotu egin du Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzainen baterako jarduketa, eta haiek egindako ikerketak emaitza “bizkorrak eta eraginkorrak" eman dituela adierazi du. Era berean, gogora ekarri du atxilotutako pertsonak “ez daudela erantzukizunetik salbuetsita Justiziaren aurrean”.

Bozeramaileak Gizarte Babeserako Sistemaren “balioa nabarmendu” du, eta baita Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen arteko lan koordinatua gizarte-egoera ahuleko kolektiboetan oinarritzen diren estrategia bateratuak lantzeko garaian, bereziki adingabekoei dagokienez, haien zaurgarritasuna kontuan hartuta. “Orain indarrean dagoen eredu soziala aurreratua, osatua eta garatua da, emaitzak dakartzanak, eta abiaburu ona da halako erronkei aurre egiteko”, gaineratu du.

2018-01-23 gai zerrenda

Prentsa txostena