Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du, UHINAK 2018an, klima-aldaketa moteltzeari eta berari egokitzeari buruzko ikerketari ematen dion sostengua

Zulueta_Uhinak.JPG

2018.eko martxoak 06

Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak sostengatzen jarraituko duela klima-aldaketa moteltzeko eta berari egokitzeko ikerketa eta horri buruzko ezagutzaren sorrera, Euskadin.  Zuluetak gaur goizean parte hartu du UHINAK 2018 biltzarraren hasierako ekitaldian. UHINAK 2018 Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko biltzar bat da, hainbat sektoretako 150 profesional baino gehiago biltzen dituena gai hauek eztabaidatzeko: klima-aldaketaren erronkak; itsasertzean gertatzen diren muturreko fenomenoak; ekonomia urdina eta moteltze-ekimenak; eta kudeatzeko eta erabakiak hartzeko tresnak.

Bere aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako Zuzendaria pozik agertu da KLIMATEK deialdiak lortzen ari diren hedakuntzagatik; izan ere, horien bidez laguntza ekonomikoa eskaintzen da klima-aldaketaren alorreko proiektu berritzaileak gauzatzeko.

 “2017ko deialdiaren baitan diru-laguntza jaso duten proiektuen artean, KLIMPAKT proiektuak azpimarratuko nituzke, zeren horiei esker zehaztasunez ezagutuko baititugu itsas mailaren igoerak azken urteetan izan duen bilakaera eta horrek Euskadiko itsasertzean duen inpaktua; azpimarratzekoa da, halaber, KOSTEGOKI proiektua, alegia, euskal itsasertzak klima-aldaketaren aurren dituen kalteberatasuna eta arriskua ebaluatzen dituen proiektua; horren lehenengo emaitzak 2018an ezagutuko ditugu, baina proiektuak 2019ra arte iraungo du", zehaztu zuen Zuluetak.

Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak aurreratu zuenez, proiektu hauetan sortzen den informazio tekniko eta zientifiko guztia, aurreko deialdietakoekin gertatu den bezala, kontsultatzeko prest geratuko da web atari batean. Horren helburu nagusia da klima-aldaketaren ondorioei buruzko ezagutza eta ikerketa hedatzea, bai komunitate zientifikoan eta bai herritarren artean.

 “Mapa adimendunetan oinarritutako aplikazioen erabilerari esker, kartografia eta bisore kartografikoak eskuratuko ditugu, eta horiei esker informazio geoerreferentziatu zehatza lortu ahal izango da inpaktu, kalteberatasun, arrisku edo egokitzapen-neurriei buruz,  eremu horietan guztietan Euskadin gauzatutako jardunbide egokien zerrenda osoa eskuratzeaz batera", zehaztu zuen.

 Eusko Jaurlaritzak beste erakunde batzuekin batera babesten duen biltzar honetan, Euskadiko herritarrek energia eta klima-aldaketaz duten pertzepzioari buruzko lehenengo azterlanaren emaitzak aurkeztuko dira. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabineteak eginda, azterlanak datuak eskaintzen ditu euskal herritarrek klima-aldaketaren inguruan lortutako sentsibilizazioaz.