Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak 979.200 euro onartu ditu euskara sustatzea helburu duten proiektuak laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-06-05) Eusko Jaurlaritzak 979.200 euro onartu ditu euskara sustatzea helburu duten proiektuak laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-06-05)

Argitalpen-data: 

logoconsejo.jpg

Hizkuntzaren erabilera aisialdian, familia bidezko transmisioa edota irakurtzeko zaletasuna bultzatuko da lagunduko diren proiektuen bitartez

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bere gaurko saioan onartu du  aurtengo ‘Euskalgintza’ delako deialdia, zeinen bitartez 979.200 euro banatuko diren era ezberdinetako euskararen aldeko proposamenen artean. Deialdi honen helburua da  gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko diru-laguntzak ematea. Hori lortzeko, euskalgintzaren alorrean lan egiten duten elkarte, jarduera edota proiektuak diruz laguntzen dira.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzatik bideratzen den diru-laguntza deialdi nagusietako bat da hau; izan ere, euskara sustatzeko hainbat proiektu posible egiten dira honi esker. Urtero 100 proiektu baino gehiago diruz laguntzen dira deialdi honen bidez; iaz 153 lagundu ziren. Lerro honek zazpi multzo ezberdinetan koka daitezkeen proiektuak laguntzen ditu:

A multzoa: Aurtengo berritasun nagusia da A multzoa bi zatitan banatuko dela. Lehenengoaren bidez diruz lagunduko dira euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak esparru ez formaletan (bereziki aisialdian). Bigarrenik, honakoak diruz lagunduko dira: euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak sustatzeko egitasmoak.

B multzoa: Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.

C multzoa: Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.

D multzoa: Euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak (gehienez ere hiru egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).

E multzoa: Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).

F multzoa: Euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak (gehienez ere, bi egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).

G multzoa: Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).