Eusko Jaurlaritzak 880.000 euro bideratuko ditu antzerkiaren produkzioa sustatzera (Gobernu Bilera 2018-03-13)

logoconsejo.jpg

2018.eko martxoak 13

Iaz baino 30.000 euro gehiago izango dira aurten helburu horretarako; lau modalitate ezberdin daude konpainien egoera eta behar ezberdinei erantzuteko

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 880.000 euroko kontu-sail bat onartu du, bere gaurko saioan, antzerkiaren produkzioa sustatzeko, iaz baino 30.000 euro gehiago. Diru-laguntza hauen helburua da sostengu bat eskaintzea antzerki-konpainia profesionalei antzezlanen produkzioa ahalbidetzen duten prozesuetan. 

Deialdi honen barruan behar ezberdinei erantzun nahi dien lau laguntza modalitate aurreikusten dira: 

  1. Sormen egonaldiak: Egonaldiei loturio sormen edo ekoizpen proiektuak bultzatzeko. Modalitate honetara 60.000 euro bideratuko dira.
  2. Produkzioak egiteko laguntzak-: Edozein konpainiak aurkeztu dezakeen produkzio proiektuak laguntzea du helburu. 150.000 euro bideratuko dira modalitate honetara.
  3. Gure erkidegoko antzokiekin hitzartutako zirkuitua duten produkzioen proiektuak bultzatzeko. 220.000 euro onartu dira arlo honetarako.
  4. Euskadiko konpainia finkatuen bi urtetako antzerki jarduera laguntzeko, epe luzeko estrategiak abian jartzeko aukera hobeak izan ditzaten. 450.000 euro bideratuko dira modalitate honetara.

Lau modalitate hauen bitartez erantzun nahi zaie konpainien egoera eta behar ezberdinei. Horrela, lehen modalitatea konpainia sortu berriei dago zuzenduta (bost urteko ibilbidea baino gutxiago); hurrengo biak konpainia guztiei zuzenduta daude eta, azkenik, laugarren modalitatea, ibilbide luzea duten konpainientzat pentsatuta dago (10 urte baino gehiago). Azkeneko modalitate honen bitartez bi urteko antzerki jarduera laguntzen da, erkidegoko konpainia kontsolidatuenei laguntza iraunkorragoak eskaintzeko. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 523.000 euro bideratuko ditu aurten arte eszenikoen sustapenera, deialdi bateratu berri baten bidez. Horrez gain, arte eszenikoei dagokienez, dantzaren ekoizpenaren deialdiak (konpainien kontsolidazioa barne) 420.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino 50.000 euro gehiago. Bestalde, sorkuntzari dagokienez, kulturaren sorkuntzarako deialdiak dituen zazpi modalitateen artean arte eszenikoei lotutako bi arlo ditugu: dantza koreografikoak (28.800 euro) eta antzerki testuak (52.000 euro). Azkenik, azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak arte eszenikoen inguruko hainbat proiektu, jaialdi eta ekimen sustatzen dituela diru-laguntza izendunen bidez.