Eusko Jaurlaritzak 40.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du Ttap euskarazko aldizkari digitalarentzat (Gobernu Bilera 2018-12-11)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 11

Euskarazko tokiko komunikabideak biltzen dituen Tokikom sareak jarri du martxan produktu berritzaile hau

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 40.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du, bere gaurko saioan, Tokikom enpresarentzat, Ttap euskarazko aldizkari digitalaren sorrera diruz laguntzeko. Tokikomek euskarazko tokiko komunikabideak biltzen ditu eta Ttap aldizkariaren bidez produktu berritzaile bat abian jarri du.

Ttap aldizkari digital berriak ikusteko, entzuteko eta irakurtzeko edukiak eskaintzen ditu, eskuko telefonoen eta tableten bitartez. Tokikometik adierazi dutenez, helburua da “minutu asko izan gabe ere ordu laurden batean goitik behera ikusteko aldizkaria eskaintzea”. “Edukiari dagokionez, gertuko gaiak landuko ditu, modu azkar eta erosoan kontsumitzeko moduan. Hamasei orrialde edo pantaila izango ditu eta ordu laurdenean irakurri ahal izango da. Edukietan sakondu nahi duenak beti izango du horretarako aukera, landutako audio eta bideo piezen bidez”, azaldu dute Tokikometik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren iritziz, euskararen erabilera sustatzeko bidean lehentasuna da euskarazko hedabideak sustatzea eta euskal hiztunei eduki erakargarriak eskaintzea. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren politiketan funtsezkoa da euskara ingurune digitalean indartzea.