Eusko Jaurlaritzak 170.000 euroko kontu-saila onartu du sedentarismoari aurre egiteko ekimenak sustatzeko, mugiment proiektuaren bitartez (Gobernu Bilera 2018-10-09)

logoconsejo.jpg

2018.eko urriak 09

Diru-laguntza jaso nahi duten udal-erakundeek Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuak edota kolektibo zehatzei zuzendutako jarduerak jarri ahal izango dituzte abian

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak, bere gaurko bileran, 170.000 euroko kontu-saila onartu du Mugiment proiektuaren diru-laguntza deialdia abian jartzeko. Laguntza horiek proiektuaren filosofiarekin bat datozen gorputz- eta kirol-jarduerak sustatzera bideratuko dira. Hartara, diru-laguntzen ildo berri horri esker, udal-erakundeek sedentarismoari aurre egiteko ekimenak antolatzeko laguntzak jaso ahal izango dituzte, eta Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuak edo kolektibo interesdunei zuzendutako proposamenak abian jarri ahal izango dituzte. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, 36 udal eta 15 erakunde pribatu batera lan egiten ari dira Mugiment ekimenaren barruan biltzen diren proiektuetan.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak bere gain hartu ditu Mugimenten baitako zenbait konpromiso. Diru-laguntzen ildo berri hau abian jartzea da konpromiso horietako bat. Udal-erakundeek honako jarduera hauetakoren bat garatu ahal izango dute:

  • Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuak sortu eta garatu ahal izango dituzte.
  • Parke osasungarrietan jarduera fisikoak antolatu ahal izango dituzte.
  • Interes berezia duten kolektiboei zuzendutako jarduera fisikoak antolatu ahal izango dituzte.
  • Kirolaren Europako Astearen barruan jarduera fisikoak antolatu ahal izango dituzte.

Laguntza horiek Mugiment bidez garatutako lanean sakondu nahi dute; izan ere, hasiera batean Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ekimen horri esker, sedentarismoari aurre egiteko aurrerapen handiak lortu dira. Joan den udan aditzera eman zenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hogei bat udalerritako osasun-zerbitzuak modu koordinatuan lanean hasi ziren kirol-zerbitzuekin, betiere sedentarismoari aurre egiteko xedez eta hala nahi duten pertsona inaktiboak bideratzeko xedez.

Jarduera fisikorako orientazio-zerbitzu horiek dira, hain zuzen ere, Mugiment programaren ardatzetako bat. Zerbitzu horien helburua da sedentarismoaren aurka toki-mailan lan egitea eta euskal gizarte aktiboagoa sustatzea. Udalerrietako osasun-zerbitzuak (batez ere osasun-etxeak) eta, batzuetan, gizarte-zerbitzuak eta ikastetxeak arduratuko dira pertsona inaktiboak identifikatzeaz eta orientazio-zerbitzu horietara bideratzeaz. Hortik aurrera, ingurunean eskura dauden baliabideak ezagutzen dituen aditu batek artatuko ditu pertsona horiek, hala nahi izanez gero.

Mugiment programaren beste ardatzetako bat jarduera fisikoa sustatzeko tokiko sareak dira, hiru mailatan lan egiten dutenak: talde sustatzailea, talde zabaldua eta, azkenik, herritarrak. Talde sustatzaileak Udala du buru eta hainbat arlotako profesionalek osatzen dute. Talde zabaldua, berriz, kirol-eragileek, osasunaren arloko eragileek, gizarte-zerbitzuetako langileek eta hezkuntzaren eta berdintasunaren arloko eragileek osatzen dute. Herritarrak dira proiektuaren protagonista eta Mugiment sareko ekimen guztiak biztanleria aktiboagoa lortzera zuzentzen dira. Sareei esker, beraz, sortu ahal izango dira udalerrian jarduera fisikoa sustatzeko ekimenak eta pertsona inaktiboak aktibo bihurtzen laguntzeko ekimenak.

Mugiment programa proiektu irekia da, eta jarduera fisikoaren sustatzaileek parte hartzera zabalik dago. Ekimen horretan bat egin dute Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta osasunaren, hezkuntzaren, industriaren edo turismoaren arloko bestelako eragileek.