Eusko Jaurlaritzak 130.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du Eskena elkartearentzat, arte eszenikoak Araban sustatzeko (Gobernu Bilera 2018-07-24)

logoconsejo.jpg

2018.eko uztailak 24

Aurrekontu honen bitartez diruz lagunduko da ‘Araba Eszena’ programa, bultzatuko duena kanpo-promozioa, programa eszenikoen antolakuntza eta mentoriazio ekimen bat

Eusko Jaurlaritzak, bere gaurko Gobernu Batzordean, 130.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du Eskena elkartearentzat, arte eszenikoak Araban sustatzeko asmoz. Laguntza honen bitartez ‘Araba Eszena’ programa jarriko da abian, eta proiektu honen bidez hiru arlo lagunduko dira: kanpo-promozioa eta komunikazioa, arte eszenikoei loturiko programentzako diru-laguntzak eta, hirugarrenik, mentorizazio programa bat, arlo honetako etorkizuneko profesionalei zuzenduta

Hartara, ‘Araba Eszena’ programaren bitartez 106.100 euroko diru-laguntza deialdi bat (gainontzeko 23.900 euroak kudeaketa gastuetarako dira) sustatuko da enpresa, autonomo edota arte eszenikoen arloan ari diren elkarteentzat. Lehenengo lerroaren bidez, ‘Araba Eszena’ programak 56.100 euro eskainiko ditu antzerki eta dantza ikuskizunen kanpoko promozioa eta komunikazioa diruz laguntzeko.

Horrez gain, 40.000 euro bideratuko dira programa eszenikoak bultzatzera. Helburua da, kasu honetan, entitate pribatuei laguntzea jaialdien edo erakusketa eszenikoen antolakuntzan, bitartekaritzan zein publikoen formaziorako programetan edota lurraldeari eta komunitateari loturiko ekimenetan.

Azkenik, 10.000 euro bideratuko dira mentorizazio programa batera, xede izanik etorkizuneko profesionalei merkatu eszenikoen inguruko ezagutza erraztea. Programa honen bidez bekak eskainiko dira kudeaketa, produkzioa edota distribuzioaren inguruko saioak errazteko. Era berean, laguntzak eskainiko dira Mercates arte eszenikoen inguruko azokara joatea errazteko (bidaietarako, ostatuetarako eta otorduetarako laguntzak eskainiko dira).