Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak 10.000 euroko kontu-saila onartu du Kuartangoko Antzoki Bainuetxea egokitzeko lanak diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-12-11)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 11

Mendearen amaierako eraikin bat da eta bere eragin-eremua Añanako kuadrilla osora zabaltzen da, kontuan izanik bertan ez dagoela antzeko dotaziorik

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 10.000 euroko diru-laguntza onetsi du, bere gaurko saioan, Kuartangoko Antzoki Bainuetxea egokitzeko lanak, partzialki, finantzatzeko. Kultur dotazio hau bultzatzea da diru-laguntza honen helburua, kontuan izanik bere eragin-eremua Añanako kuadrilla osora zabaltzen dela, non ez baitagoen antzeko kultur ekipamendurik.

Kuartangoko Udala da instalazio publiko honen titularra, eta Zuhatzu-Kuartangoko Bainuetxe Zaharra bezala ezagutu izan da historian zehar. XIX. mendearen amaierako eraikin bat da, eta 2015az geroztik berritze-lan desberdinak egin izan dira bertan. Antzokiarena izan da barnealdean egin den aurreneko egokitze-lanetako bat. Dena den, beste hainbat lani ekin behar izango zaio arte eszenikoetako kultur jarduerak garatzeko erabili ahal izateko.

Udalak 14.600,00 euroko (gehi BEZ) gastuen aurrekontua aurkeztu du espazio hori egokitzeko lanak finantzatzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak partzialki ordainduko ditu egokitze-lanak, 10.000 euroko diru-laguntzaren bitartez.