Eusko Jaurlaritzak 1.650.000 euro onartu ditu enpresetan euskara planak egiten laguntzeko, Lanhitz deialdiaren bitartez (Gobernu Bilera 2018-07-30)

logoconsejo.jpg

2018.eko uztailak 30

Lerro honen diru-laguntzei esker, iaz 42.664 langile dituzten 138 enpresa lagundu ziren

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak, bere gaurko bileran, 1.650.000 euro onartu ditu Lanhitz deialdirako. Lerro honen helburua da Euskadiko enpresei diru-laguntzak ematea euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko beren lantokietan. Laguntza hauek jasoko dituzten enpresek diru kopuru bat izango dute euskara planak garatu ahal izateko. Iazko deialdiaren bitartez 42.664 langile dituzten 138 enpresa lagundu ziren.

Finantzazio-lerro hau eremu sozio-ekonomiko pribatuan euskararen erabilera sustatzeko dagoen bide garrantzitsuenetako bat da. EAEn lantokiak dituzten entitate pribatuen lehen euskara-planaren diseinua eta kudeaketa-plana laguntzen dira diruz deialdi honen bidez. Zehazkiago, euskara-planak modu sistematizatuan diseinatzen, jarraipena egiten eta ebaluatzen laguntzeko eratu zen Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) ezarritako helburuak eta jarduerak enpresa pribatuetan gauzatu ahal izateko berariazko diru-laguntza izan nahi du.

Deialdi honen bitartez, gehienez ere 35.000 euroko diru-laguntza jaso dezakete eskatzaileek eta 1.000 eurotik beherako diru-laguntzarik ez da esleituko. Halaber, proiektuaren autofinantzaketak gutxienez % 40koa izan behar du. Gainerako % 60rainoko diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok helburu bertsurako eman ditzakeenekin. Eskatzaileak 250 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko du.

Iaz 138 enpresa lagundu ziren deialdi honen bidez: 87 Gipuzkoan, 44 Bizkaian eta 7 Araban. Sektoreei dagokienez, % 54 zerbitzuetakoak izan ziren eta % 47 industriaren sektorekoak. Lagundutako enpresa guztien % 59 txikiak izan ziren (50 langile baino gutxiago), % 60 ertainak (50 eta 250 langile bitartean) eta, azkenik, % 34 enpresa handiak ziren (250 langile baino gehiago).