Legebiltzarraren agindua helarazi dio Lehendakariak Espainiako Gobernuko Lehendakariari Gernikako Estatutua betetzeko egutegi bat, sei hilabetetan, aurkez dezan

2018.eko apirilak 17

Joan den ostegunean Legebiltzarrean onetsitako ekimena helarazi dio Iñigo Urkullu Lehendakariak Espainiako Gobernuko lehendakari Mariano Rajoyri, Madrilgo Exekutiboari eskatzen diona sei hilabetetan gehienez Gernikako Estatutua osorik garatzeko. Hala, Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur azaldu duenez, Espainiako Gobernuko lehendakariorde Soraya Sanz de Santamaríarekin izan du elkarrizketa bat, eta prest dagoela adierazi dio Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo trenbideko lineak transferitzeari ekiteko, kontuan izanik Euskadiri dagokiola haien titulartasuna, Gernikako Estatutuak jaso eta Konstituzio Auzitegiak berretsi bezala.

Horren haritik, Erkorekak azaldu duenez, transferitzeko eskatzen diren 11 lineetatik 2 dira horiek, trenbideen eta obra publikoen arloan duen eskumena betez. Bozeramaileak gaineratu du Espainiako Gobernuari eskatu egin diotela “laneko plan eta egutegi bat Gernikako Estatutua osatzeko”, kontuan izanik “Espainiako Gobernua betetzen ari ez den euskaldunen eskubide bat eta agindu bat dela”.

10 milioi landa-eremuetarako

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri duenez, diru-laguntza batzuen deialdi bat egingo du 10 milioi euroko aurrekontuarekin, landa-eremuen garapen sozioekonomikorako. Ekimenaren helburua da enpresak sortu eta modernizatzeko inbertsioak, kontratazioa, azpiegituren eraikuntza eta konponketa, eta etxebizitzen hobekuntza babestea.

Laguntza horiek pertsona fisikoentzat nahiz juridikoentzat izango dira, publiko nahiz pribatuak izan, Euskadiko Leader eremuetan biltzen diren udalerrietako edozeinetan kokatuta daudenentzat.

Eguneko gai ordena

Prentsa dossierra