Euskaraldia azken txanpan sartu da, 220.000 lagun batu ostean

Logoa_Euskaraldia_txuria.png

2018.eko azaroak 29

  • Abenduaren 3an amaituko da aurtengo “Euskaraldia: 11 egun euskaraz” ariketa soziala
  • Izen-emateko aukera itxi da jadanik eta Euskal Herri osoko 220.000 lagunek eman dute ekimenean parte hartzeko izena
  • Hizkuntza ohituratan eragiteko ariketan izandako bizipenak partekatzen ari dira parte hartzaileak sare bidez eta herriz herri egiten ari diren bilkuretan
  • Asteburutik aurrera hainbat ekitaldi aurreikusita daude herriz herri

2018/11/29. Astebete da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala hasi zela, gaur zazpigarren eguna du. Azaroaren 23an abiatutako ekimenera ahobizi edo belarriprest rola betetzera batu diren herritarrak, beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ariketa egiten ari dira.  

Ahobizi rola hartu dutenek euskara ulertzen duten guztiei 11 egunetan euskaraz hitz egitea erabaki dute; ezezagunei berriz, lehen hitza euskaraz egiten diete (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraitzen dute).

Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egiten diete.

Euskal Herri osoan egiten ari den ariketa honek harrera bikaina izan du, era guztietako erakunde, enpresa eta gizarte eragileek bat egin baitute eta milaka herritarrek hartu baitute, Euskal Herrian egin den ariketa sozial garrantzitsuenetako batean.

Ariketaren lehen egunetan Euskaraldia izaten ari den eragina handia izan da, kalean ahobizi eta belarriprest txapa duen jende kopurua eta sare sozialetan izaten ari den presentzia aintzat hartuta. Ekimenaren azken txanpan partaideei abiatutako hizkuntza ohitura aldaketei eusteko deia egin diete Euskaraldiaren koordinatzaileek.

Lehenengo egunetan izen-emateak gora egin du

Astearte gauerdian itxi zen ekimenean izena emateko epea. Euskaraldiaren lehen egunetan ekimenera batu nahi izan duten herritarren kopurua handia izan da. Jakina denez, bi baldintza daude Euskaraldian izena eman ahal izateko: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Izen-emate epea itxita, 220.000 lagun izan dira euskaraldia.eus webgunearen bidez edo herrietako batzordeek jarritako informazio guneetan izena eman dutenak.

Euskaraldia hasi aurretik azpimarratu zen modura, izena eman dutenen %73ak ahobizi modura jarduteko batu dira ekimenera eta %27a ari da belarriprest modura parte hartzen. Partaideen %36ak 16 eta 35 urte artean du eta %62a emakumezkoa da.

Euskal Herriko 405 herritan osatu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta horietan guztietan eman ahal izan da izena. Hortaz gain, ia 200 enpresa eta entitate sustatzailek bultzatu du izen-ematea bere langile eta kideen artean.

Herriz-herri eta entitatez-entitate osatu den milaka boluntarioren sare zabala dago Euskaraldiaren azken txanpako antolaketa lanei heltzeko prest.

Herritarrak ariketako bizipenak partekatzen ari dira

Antolatzaileek azken urtean behin eta berriz azpimarratu duten modura, herritarrak izaten ari dira Euskaraldiaren protagonistak, partaideak baitira, aukeratutako ahobizi edo belarriprest rolari jarraituz, egunerokoan dituzten harremanetan hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ahalegina egiten ari direnak. Horregatik, Euskaraldia abiatu denetik, ekimenean izaten ari diren bizipenak partekatzen ari dira hainbat partaide, ariketak sortutako ezustekoak, lorpenak eta zailtasunak lau haizetara zabalduz.

Euskaraldia, ekimen berezietatik urrunduz, herritarren eguneroko harremanetan ari da arrasto handiena uzten, partaideek zabaldutako esperientziei erreparatuz gero. Familia giroan, lagunartean, lanean, zerbitzuetan eta administrazioarekiko harremanetan izandako bizipenak ari dira nabarmentzen beste ezeren gainetik. Eta aipatzekoa da esperientzia positibo eta lorpenak nagusi diren arren, eguneroko harremanetan, bereziki hurbilenetan, lorpenak izateak badituela zailtasunak.

Esperientziak hiru bidetatik ari dira jasotzen nagusiki:

  • Batetik, euskaraldia.eus webgunean bizipenak jasotzeko prestatutako espazioan, partaideak egunero-egunero ari dira beraien esperientziak bidaltzen (https://euskaraldia.eus/bizipenak)
  • Bestetik, sare sozialen eta interneteko bestelako webguneen bidez, beraien egunerokoa egiten ari diren herritarrak asko direla ere aipa daiteke
  • Azkenik, herriz-herri, belarriprest eta ahobizien artean esperientziak trukatu eta bizipenak partekatzeko bilguneak antolatzen ari direla ere azpimarratu behar da.

Azken txanpan: txapa soinean eta ariketari eutsi

Ariketaren azken egunetarako zenbait ohar zabaldu dituzte Euskaraldiaren sustatzaileek partaideen artean. Duela zazpi egun hasitako ariketari eutsi eta identifikazio ikurrak abenduaren 3rarte soinean eramateko deia egin dute batetik, horrek ariketa egiteko babesa eskainiko baitie ahobizi eta belarriprest guztiei. Bestetik, Euskaraldia esperimentaziorako ekimena ere badela gogora ekarri dute, ekimenaren eragina neurtzeko ikerketa egiten ari dela azpimarratuz eta partaideek hurrengo egunetan jasoko duten bigarren galdetegia bete dezatela eskatuz. Azkenik, egunero-egunero sareen bidez zabaltzen ari diren gomendio eta aholkuen bidez beraien buruak prestatzen jarraitzea proposatu diete izena eman duten herritar guztiei, Euskaraldia ahalduntze ariketa bat dela gogora ekarriz.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan, azken asteburua bertan izanik, herriz-herri topagune eta bilkurak ugaritu egingo dira hurrengo egunetan. Euskaraldia bukatzeko ekitaldiak partaide guztien bilgune izatea espero dute antolatzaileek eta dei egin diete herritar guztiei, Euskaraldian izena eman dutenei eta ez dutenei ere, ekitaldi horietan parte har dezaten.

Euskaraldia

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzeko Euskal Herriko lurralde guztietan egiten ari den ariketa sozial erraldoia da. Koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira. Baina, hortaz gain, era guztietako ia 200 entitatek osatutako sustatzaile sarea izan du Euskaraldiak. Entitate horien artean daude euskararen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak. Sarea, baina, askoz zabalagoa izan da, herriz-herri ere euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako entitateak (gizarte eragile, elkarte eta enpresak) aritu direlako Euskaraldiaren antolaketan.

Zenbait partaidek heldarazitako bizipenak lotura honetan: https://euskaraldia.eus/bizipenak