Euskara Iparraldean sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro inbertituko dituzte aurten

2018.eko apirilak 25

-          2017-2022 epealdirako hitzarmen-markoaren baitan, aurtengo eranskina sinatu dute gaur, lankidetzaren lan-ildoak eta diru-ekarpena zehaztuz.

 

Baiona, 2018/04/25          

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak euskara elkarlanean sustatzeko erakunde bien konpromisoa berretsi dute gaur, Baionan izandako ekitaldi batean. 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoaren baitan, gaurko ekitaldian 2018rako lankidetzaren lan-ildoak zehaztu dituzte, bai eta erakunde bien diru-ekarpena ere. Batetik, lankidetzarako lau arlo zedarritu dituzte; bestetik, erabaki dute 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera (iazko kopuru bera). Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarriko ditu xede horretarako.

Zupiria sailburuarekin eta Arrabit EEPko presidentearekin batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Bernadette Soulé EEPko zuzendaria ere izan dira. “Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzaren helburu nagusietako bat da euskararen lurraldeen arteko harremana sendotzea. Harremanak sendotuz, informazioa trukatuz, errekurtsoak bateratuz eta proiektuak partekatuz eraginkorragoak izango baikara euskararen sustapenean. Norabide horretan, iazko uztailaren 3an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak akordio bat sinatu genuen, Iruñean, hizkuntza politika gaietan hiru instituzioen arteko elkarlanean sakontzeko. Horrek gaur sinatu dugun eranskinean eragiten du, eta baliagarria izaten ari da beste zenbait ekimen bultzatzeko. Elkarrekiko errespetutik, beti egongo gara prest euskara sustatzeko bidean  beste lurraldeekin lan egiteko”, adierazi du Zupiriak.

Beñat Arrabitek ere akordio honen garrantzia nabarmendu du: “Iparraldearentzat, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politika mailan daukan jakitatea eta esperientzia funtsezkoak dira hemengo hizkuntza politikako arlo batzuk garatzen laguntzeko. Eta elkarlan espiritu horretan dugu mugaz gaindiko lankidetza haratago eraman, gure indarrak batuz, Eusko Jaurlaritza, Nafarroko Euskarabidea eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean lankidetza marko berri bat adostuz iaz, Iruñean sinatutako hitzarmenaren bitartez formalizatu zena”.

 

 

Hitzarmen markoaren baitan

Gaur sinatutako akordio honek lotura zuzena dauka iaz Baionan sinaturiko 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoarekin, akordio hau hirugarrena izan zen 2007an hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza abian jarri zenetik (aurreko biak 2007-2010 eta 2011-2016 epealdietarako izan ziren). Lankidetza marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi zuten. Era berean, bi alderdiek zehaztu zuten hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta elkarren arteko ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertu zuten.

Hitzarmen markoak elkarlanerako lau arlo zehaztu zituen: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea eta, azkenik, euskararen aldeko jarrera. Hitzarmen markoak lankidetzarako testuinguru bat definitzen badu ere, lankidetza urtero-urtero zehaztu behar da eranskin baten bidez. Eta hau izan da, hain zuzen, gaur sinatu dutena. Eranskinak 2018an garatuko diren lan-ildo nagusiak zehaztu ditu; lau izango dira:

  • Hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definizioa eta antolaketa gauzatu: 2010ean C1 mailako EGA agiriarekin egin zen gisan, 2018an EEPko zerbitzuek Eusko Jaurlaritzako zerbitzuekin lankidetzan ariko dira B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko.
  • EAS - Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatu: 2018rako partaideek adostu dute elkarrekin sortutako adierazle sistemaren garapena elkarrekin jarraitzea, eta proiektuaren garapenarekin sistemaren eta adierazle egokitzapen lanetan aritzea, lurralde bakoitzaren errealitateak hobeki kontuan hartuz. Bestalde, EAS webgunea elikatzeko lanek ere jarraituko dute. 
  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea: Itzulpenen kudeaketarako tresnak partekatuko dira, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordean Iparraldeko adituak integratuko dira eta Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak Euskaltermen sartuko dira, besteak beste. Horrez gain, HABE Liburutegiak Euskararen Erakunde Publikoan diharduten teknikarien dokumentu-hornitzaile izaten jarraituko du, eta espezializazio-eremuetako hainbat dokumentu eta datu eskuragai jarriko dira.
  • VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin eta hedapenerako euskarri osatuak lau hizkuntzetan argitaratu.

Bestetik, eranskinean Ipar Euskal Herriko euskalgintzari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru-ekarpena zehaztu da. Iaz bezala, 1.930.000 euro izango dira horretarako; Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro. Lankidetzarako aurrekontu hori bi multzotan banatuko da:

  • Hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean 1.550.000 euro banatuko dira. Multzo honetan sar daitezkeen eragile pribatuek beren urteko jarduerari loturiko diru-laguntza bat jasoko dute, hitzarmen baten bitartez.
  • Bigarrenik, 380.000 euro jarriko dira diru-laguntza deialdi baten bitartez eragile pribatuen euskarari loturiko proiektuak laguntzeko.

Diru-laguntzen banaketaren inguruko xehetasun guztiak uztailean emango dira aditzera. Iaz, hitzarmen baten bermea duten bederatzi eragile pribaturen lana diruz lagundu zen eta, horrekin batera, 59 proiektu diruz lagundu ziren diru-laguntza deialdiaren bidez. 2016arekin alderatuta, 200.000 euro gehiago banatu ziren iaz. “Gaur sinatu dugun eranskin horri esker diruz lagunduko da euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana, helduen euskalduntzean ari direnena, aisialdia euskaraz sustatzen duten eragileena edota euskarazko hedabideena”, adierazi du Zupiriak

Eusko Jaurlaritzaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko euskara sustatzeko elkarlanak mugarri bat izan zuen 2007an, hizkuntza politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen markoa lehen aldiz sinatu zenean. Lankidetza horren balantzea oso positibotzat jo da urte hauetan zehar eta hitzarmen markoa epealdiz epealdi  gaurkotzen joan da. Iazko uztailaren 3an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk sinatu zuten hiruko akordioan lankidetzaren baitan bideratu beharreko ekintzak zehaztu ziren, eta horiek ere biltzen dira gaur sinatu den eranskinean.