Segurtasun Saila

Euskalmeten arabera, tenperatura goxoak eta prezipitazio gutxi izango ditugu zubian

Argitalpen-data: 

Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, tenperatura goxoak eta prezipitazio gutxi izango ditugu zubian. Prezipitazioak, izaten direnak, ahulak eta tartekakoak izango dira.

Euskalmeten ustez EAEn giro lasaia izango dugu orokorrean antizikloiaren eraginpean gaudenez, nahiz eta Kantauri isurialdea ukituko duten fronte batzuek hodeiak eta euri pixka bat ekar dezaketen tarteka batez ere Kantauri isurialdean. Tenperaturei dagokienez, goxoak izango dira zubiaren lehenengo egunetan, eta behera egingo dute azken egunetan eta gauden garaiko balioetan kokatuko dira.

Oraindik ere ziurgabetasuna handia bada ere, itsasoaren egoera alda daiteke asteburuan Atlantikotik iritsiko diren borraska sakonen ondorioz. Haizeak indartsu joko du  mendebaldetik, eta hondoko itsasoak 3-4 metroko olatuak eragin ditzake.

Euskalmeten iragarpenek adierazten dute ostegunean, hilaren 6an, hodeiak ugaritu egingo direla eta prezipitazio ahulak izango ditugula tarteka goizean, batez ere Kantauri isurialdean. Arratsaldean hodeiak arintzen joango dira eta tenperatura goxoak izango ditugu egun osoan; tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira.

Ostiralean, abenduaren 7an, egunaren lehenengo erdian, ostarteak nagusituko dira, baina hodeiak ugaritzen joango dira arratsaldean. Egunaren amaieran euria egin dezake Kantauri isurialdean. Ostiralean ere tenperatura goxoak izango ditugu, maximoak 15 eta 20 ºC inguruan kokatuko dira itsasertzean, eta 15 ºC inguruan barrualdean.

Asteburuan, (larunbatean, hilaren 8an, eta igandean, hilaren 9an) mendebaldeko haizea indartu egingo da eta hodeiak izango dira nagusi, batez ere Kantauri isurialdean, eta euri pixka bat egin dezake. Prezipitazioak apur bat ugariagoak izango dira igandean. Tenperaturak behera egiten hasiko dira, eta maximoak 10 eta 15 ºC artean kokatuko dira.

Gogoratu behar da iragarpenen fidagarritasuna gutxitu egiten dela denbora-tartea handitzearekin batera, eta komeni da, beraz, iragarpenen eguneraketei erreparatzea Euskalmeten web-orriaren (www.euskalmet.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) eta Twitter bidez (@Euskalmet (leiho berri batean irekitzen da)).