Segurtasun Saila

Euskalmetek eguraldi egonkorra eta tenperatura goxoak iragarri ditu Gabon eta Eguberri egunetarako

Argitalpen-data: 

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du eguraldi egonkorra, lehorra eta atsegina izango dugula Gabon eta Eguberri egunetan. Tenperaturak garai hauetarako ohikoak direnak baino altuagoak izango dira.

Euskalmeten arabera, jaiegun hauetan antizikloi-egoera izango dugu, zeruan, orokorrean, hodei gutxi izango da, nahiz eta behe-lainoa sor daitekeen barnealdean, eta zenbait lekutan luze iraun dezake. Bestalde, tenperatura goxoak izango ditugu, 15 ºC ingurukoak.

Gaur, abenduak 21, eta fronte bat hurbiltzen ari denez, hodeiak sortuko dira eta prezipitazio gutxi batzuk izan ditzakegu. Bestalde, hego-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta haize-bolada zakarrak eta oso zakarrak izango ditugu, batez ere egunaren lehenengo erdian. Haizea indarra galtzen joango da arratsaldean. Tenperaturak altuak izango dira, 15 eta 20 ºC ingurukoak Kantauri isurialdean, eta 15 ºC ingurukoak EAEko gainerako lekuetan.

Bihar, larunbata, hilak 22, hego-haizea indarra galtzen joango da, eta behe-lainoa sortuko da, eta zenbait lekutan luze iraun dezake. Orokorrean, zeruak nahiko garbi izango dira, tarteka hodeiren bat edo beste sortuko bada ere. Frontea hurbil samarretik igaroko bada ere, ez dirudi euria egingo duenik. Tenperaturek ez dute aldaketa handirik izango, eta maximoak 15 eta 20 ºC artean mantenduko dira.

Igandean, hilaren 23an, antzeko egoera izango dugu, hau da, hego-haizeak joko du, zeruan ostarteak nagusituko dira, goi-laino batzuk sortuko badira ere, eta tenperaturak aurreko egunetakoen antzekoak izango dira. Igandean ere behe-lainoa sortuko da, eta zenbait lekutan, batez ere hegoaldean, luze iraun dezake. Tenperaturak ez dira askorik aldatuko.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) eta Twitter (@Euskalmet (leiho berri batean irekitzen da)) bidez.