Euskal kultura- eta sormen-industriak lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzen ditu KSI Berritzaile programaren bidez

KSI_eikien.jpg

2018.eko abenduak 12

Bilboko Euskalduna Jauregian jardunaldi bat egingo da, abenduaren 14an, sektorerako laguntza-programa berriaren ardatzak ezagutarazteko; izan ere, Euskadiko RIS3·Berrikuntza Estrategiaren espezializazio-eremuetako bat da sektore hori. Belén Santa-Olallak parte hartuko du, Stroke114 antzerki-konpainiaren zuzendari eta Londresko Conducttr enpresako sormen-arduradunak, eta Games of Thrones telesail arrakastatsuaren unibertsoari buruzko ikuspegi interesgarria eskainiko du.

Kultura eta Sormen Industriak (KSI) –barnean, arte eszenikoetatik ikus-entzunezko edukietara, besteak beste, ia 20 jarduera hartzen dituztenak– Europako berrikuntzaren bultzatzaileetako bat bilakatu dira; milaka enplegu sortu dituzte azken urteotan, eta Europako BPGaren % 7 inguru dira jada.

Nolanahi ere, Euskadiri buruzko txostenek erakusten dute, azken urteotako hazkundea gorabehera, Euskadin sortutako aberastasunaren % 4 inguru baino ez direla euskal KSIak (oso sektore atomizatua da; gaur egun, ia 15.000 erakunde daude erregistraturik eta 70.000 enplegu inguru).

Zenbait faktore Euskadiko KSIen etorkizuneko garapena oztopatzen ari dira, hala nola haien neurri txikia, berrikuntza teknologikoen erabilera txikiagoa, enpresa-kudeaketarik edo antolamendu-eredu profesionalik eza edota proiektuak oso nazioartekotuta ez egotea.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak KSIak Euskadiko RIS3 Espezializazio Estrategia Adimendunean sartu zituen 2015ean, sektorea bultzatzeko, 2016-2020 aldirako aukera-eremuen artean (ekonomiaren eragileak), baina baita lurralde historikoen garapen ekonomiko eta kohesiorako bide gisa ere.

Hori dela eta, sektorearen berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko lehen proiektuetako bat 2017an KSI Berritzaile izeneko laguntza-programa abian jartzea izan zen. Orain arte, Euskadiko 180 enpresak baino gehiagok baliatu dute aipatutako programa. Arte Eszenikoen (Antzerkia eta dantza) eta ikus-entzunezkoen (zinema, telebista, irratia, Internet) azpisektoreetan onartu dira aldi horretan proiektu gehien.

Programa horrek berrikuntza eta transferentzia teknologikoa bultzatu nahi ditu, baina berrikuntza eraman nahi du, halaber, antolamendu-eredura, enpresa-ideien kontzeptualizaziora edota sektoreko euskal enpresen finantza-egituraren hobekuntzara. Horretarako, teknologia-zentroetan (Vicomtech edo Tecnalia) eta, besteak beste, Euskalit, Elkargi eta Innobasque erakundeetan oinarritzen da programa.

Euskaldunako jardunaldia Belén Santa-Olallarekin
Testuinguru horretan, Eiken – Euskal Herriko Ikus-entzunezko Enpresen Klusterrak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin batera, jardunaldi bat antolatu du abenduaren 14an Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskal Herriko KSI guztiei zuzendutako programa berriaren ezaugarri nagusiak ezagutarazteko.

Eduki digitalen iraultza KSIetan. Zer-nolako onura ekar diezaiokete nire enpresari? izeneko jardunaldian, KSI Berritzaile programaren aurreko edizioan kultura- eta sormen-industrietako zenbait enpresak gauzatutako jardunbide egokien adibideak ez ezik, laguntza-edizio berriaren gakoak ere identifikatu ahal izango dira.

Jardunaldiari amaiera bikaina emango dio Belén Santa-Olallak, Stroke114 antzerki-konpainiaren zuzendari eta Londresko Conducttr enpresako sormen-arduradunak (plataforma horrek errealitate birtuala eta erreala uztartzen dituzten inguruneetako esperientziak eskaintzen ditu).

Europako arte eszenikoetako protagonista nagusietako bat da. Santa-Olalla ezaguna da, halaber, bere enpresak Games of Thrones telesail ezagunaren eduki digitalak zabaltzen parte hartu duelako. Halaber, eszena-arduradun hau Transmedia narrazio-generoaren Europako protagonistetako bat ere bada.

Transmedia-narratiba edo narratiba transmediatikoa (Transmedia storytelling, ingelesez), kontakizun mota bat da, non istorioa askotariko komunikazio-bide eta -plataformaren bitartez hedatzen den, eta non zenbait kontsumitzailek rol aktiboa hartzen duten hedatzeko prozesu horretan.

EIKEN klusterra Sormen Ekonomiaren Industriekin zerikusia duten edukiak sortzen eta banatzen diharduten Euskal Herriko Enpresen Elkartea da, eta 130 bazkide baino gehiago ditu gaur egun. Elkartearen helburua Euskadin edukien sorrera eta banaketarekin lotutako enpresen eta sektoreen garapena eta lehiakortasuna bultzatzea da, enpresen arteko elkarlanean oinarrituriko ekintza estrategikoen bidez, eta haien lehiakortasuna, proiektu berrien sorrera, jarduerak eta negozio-aukerak lagunduz, bai eta enpresa horien nazioarteko proiekzioa sustatuz ere.