Euskadin Sare Elektrikoak Digitalizatzeko egitasmoaren Sinadura ekitaldia: Bidelek 4.0

Energiaren Euskal Erakundeak, Iberdrolak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostu dute sare elektrikoaren digitalizazioaren alde egiten jarraitzea, Bidelek 4.0 proiektuaren bitartez

2018.eko otsailak 09

  • Bidelek 4.0 Euskadin garatuko da, eta gizartea deskarbonizatzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko du, gizartearen palanka nagusia ekonomiaren elektrifikazioa dela aintzat hartuta
  • 25 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute proiektu berritzaile horretan, teknologiaren erreferentzia izango da mundu osoan, eta Euskadiko ekipo-ondasunen eta energia-azpiegituren industria sustatuko du
  • Kontagailu adimendunen eta sare automatizatuen balioa erakutsi zuen Bidelek Sareak proiektuaren arrakasta ikusirik, Bidelek 4.0 proiektuak onura gehiago ekarriko ditu sare elektrikoaren kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu eta Energiaren Euskal Erakundeko presidente Arantza Tapiak, Iberdrola Taldeko Sareen Negozioko zuzendari Armando Martínezek eta Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Bizkaiko foru-diputatu Imanol Pradalesek lankidetza-protokolo bat sinatu dute gaur, Euskadin banaketa elektrikoaren sarearen eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresteko, Bidelek Sareak proiektuarekin hasitako bideari jarraipena emanez. Bidelek 4.0 izeneko proiektuak 30,5 milioi euroko baterako inbertsioa eskatuko du, gutxi gorabehera, datozen hiru urteetan.

Gaur Iberdrola Dorrean sinatutako protokoloari jarraikiz, alderdi bakoitzari honako funtzio hauek esleitu zaizkio:

- Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, euskal enpresek teknologia berrien garapenean eta zabalkundean parte har dezatela bultzatuko du. Aurreztearen, energia-efizientziaren eta kontsumitzaileentzako zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alorretako konpromisoak betetzen direla ikuskatuko du.

- Iberdrola Distribución Eléctricak gidatuko du sare elektrikoa dimentsio teknologikoan digitalki eraldatzeko proiektu hori, Euskadin dauzkan aktibo nagusiak haren esku jarriz, eta inbertsio horien bitartez lortuko du puntako enpresa elektriko gisa lortu duen tokia sendotzea.

- Bizkaiko Foru Aldundiak bere sustapen eta garapen teknologikoko programak jarriko ditu proiektu horren zerbitzuan, eta erakusteko proiektuak ere babestuko ditu.

Proiektua aurkezteko ekitaldian Energiaren Euskal Erakundeko presidente eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiak nabarmendu duenez, parte hartzen duten agente publiko-pribatuek akordioak lortzeko gaitasun handia erakutsi dute Euskadiko sare elektrikoak munduan aitzindaria den digitalizazio-maila batera eramateko, euskal enpresek garatutako ekarpen teknologikoa eginez, enpresa horiek nazioarteko erreferentzia gisa kokatu direlarik sare elektriko adimendunen alorrean, Bidelek Sareak proiektuak izandako arrakastaren ondoren.

Bestetik, Armando Martínez Iberdrola Taldeko Sare Negozioaren zuzendariak adierazi du “Bidelek proiektuarekin, lehen fasean, lortutako arrakastaren ondoren, sektoreko enpresa ugariri mundu mailan puntako konpainia izateko aukera eman diena, bigarren faseari ekingo diogu, sareen digitalizazioan sakontzen jarraitzeko eta, aldi berean, gure bezeroentzako eta, oro har, gizartearentzako etekin eta onura handiak lortzen segitzeko. Nabarmendu nahi dut, orobat, Bidelek ekinbidea Iberdrolaren konpromisoaren adierazlea dela sare adimendunak arian-arian zabaltzeari eta ezartzeari begira, azken urte hauetan, Estatuan, 1.400 milioi eurotik gora inbertitzera iritsi baikara”. 

Horrez gain, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela aliantzak sortzen eta Bizkaiarentzat oso estrategikoa den energia-sektorea bultzatzen jarraitzea, gure esparru fiskalak horretarako eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuz: “Enpresa traktore handiak eta ETEak biltzen ditu sektore horrek, nazioartekotze-maila handiarekin eta I+G+B alorrean inbertsio handiak eginez. Oso sektore lehiakorra da, azken batean”.

Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko energia-sareen industria- eta teknologia-garapena bultzatzeko hartu duen konpromisoaren barruan kokatzen da Bidelek 4.0 proiektua, Eusko Legebiltzarrak onartutako Industrializazio Planarekin eta energia iturriak dibertsifikatzea eta petrolioaren deribatuen erabilera murriztu nahi duen 3E2030 Energia Estrategiarekin bat etorriz.

Sare adimendunen zabalkunde berri horrek 30 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta Iberdrolaren eta EEEren arteko baterako sozietate berri batek hartuko du bere gain. Inbertsio-ahalegin horrek toki-industria garatzeko palanka gisa jardungo du, berrikuntzaren eta etorkizuneko ekipoen diseinuaren bitartez, eta horri esker euskal industriak munduko erreferentzia teknologikoa izaten jarraitzeko aukera izango du.

Bidelek 4.0 proiektuan garatzen diren soluzioek aukera handiak izango dituzte, Iberdrolak erabiliko dituelako sare adimendunago gehiago ezartzeko, karbonizaziorik gabeko ekonomiaranzko energia-trantsizioan aurrera egiteko bidean.

Asmo handiko helburuak

Funtsean, ekimen horrekin honako helburu estrategiko hauek lortu nahi dira:

  • Sare elektrikoen digitalizazioa handitu ahala, autokontsumoa eta banatutako bestelako energia-baliabideak eraginkortasunez integratzea, efizientziari eta jasangarritasunari dagokionez gero eta informatuago eta sentsibilizatuago dauden bezeroei zerbitzu berriak eskainiz.
  • Banaketa-sareak energia garbi eta jasangarrietaranzko trantsizioa lortzeko gai izango den bitarteko bihurtzeko bidea erakustea.
  • Bezeroentzat zerbitzuaren kalitatea eta elektrizitatearen balio erantsia areagotzen duten soluzio teknologiko berrien funtzionalitatea frogatzea.
  • Egungo elektrizitate-banatzaileen bilakaera praktikan jartzea, etorkizunean Banaketa Sistemen operadore gisa jarduteko aukera izan dezaten.
  • Euskal industriak energia-ekipoko ondasunetan duen lidergo teknologikoari eustea.

Gero eta fidagarriagoa, malguagoa eta digitalizatuagoa den sare elektriko bat, haren garapena eta hazkundea ahalbidetzen duen erregulazio-esparru batean oinarritua, guztiontzako etorkizun hobe baten bermea da.

Bidelek proiektuan izandako elkarlanari eta azken urteetan sare adimendunetan egindako inbertsio handiei esker, Iberdrolaren zerbitzu-kalitatea nabarmen hobetu da Euskadin, eta gorabeheren aurrean zerbitzua berreskuratzeko behar den denbora erdira murriztu da. Gainera, bezeroekin egiten diren eragiketa gehienak automatikoki eta berehala egiten dira.