Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadin, ekonomia zirkularraren printzipioak bultzatuz, etxeetan sortzen diren hondakinen % 70 birziklatu nahi da

Argitalpen-data: 

  • Euskal erakundeek beren indarrak batu dituzte «Birziklapenean jaioak gara» kanpainarako. Kanpaina abuztuaren 20an hasiko da, hiru lurraldeetako 14 hondartza eta herritan, eta azaroa bitarte 30 udalerritara zabalduko da.
  • Helburua da herritarrak kontzientziatzea eta, birziklatzeko orduan, aitzakiak alde batera uztea, EBk zehaztutako kopuruak bete ahal izateko 2030. urtea baino lehen.
  • Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako elkarrekin egin duten lehen kanpaina da, eta sistema integratuko bi kudeaketa-erakunde nagusien laguntza du: Ecoembes eta Ecovidrio.

«Birziklapenean jaioak gara» kanpaina honako hauek aurkeztu dute: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak; Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintzako diputatu Josean Galerak; Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko diputatu Elena Unzuetak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok. Kanpainaren helburua da herritarrak kontzientziatzea eta ekonomia zirkularreko prozesuetan parte hartzera bultzatzea, kontsumo arduratsuaren bidez eta sortzen dituzten hondakinak gehiago eta hobeto birziklatuz.

2030. urtea baino lehen ontzien % 60 eta sortzen diren hondakinen % 70 birziklatzea da helburua;horrela, Europar Batasunak ezarri dituen kopuruak beteko ditugu.

Kanpaina, gutxi gorabehera, 30 herritara iritsiko da. Abuztuaren 20an hasiko da, hiru lurraldeetako 14 hondartza eta herritan, eta azarora bitarte beste hainbat herritara zabalduko da. Dena den, interesa duten herri gehiago ere bildu ahalko dira kanpainara. Kanpaina, berez, iaz hasi zen, bost herritan, proba modura. Orain, foru-aldundiek parte hartuta, EAEko erakundeek elkarrekin egin duten ezaugarri hauetako lehen kanpaina da, eta sistema integratuko bi kudeaketa-erakunde nagusien laguntza du: Ecovidriorena, beirazko ontziei dagokienez, eta Ecoembesena, kartoizko, plastikozko eta metalezko eta brik ontziei dagokienez.

«Birziklapenean jaioak gara» kanpaina Euskadin zehar ibiliko da, karpa ibiltari batean. Hiru atal izango ditu: erakusketakoa, ludikoa eta kanpoko jarduera. Jendeak parte hartzeko modukoak izango dira hirurak, bi helbururekin: batetik, gehiago birziklatzeko, eta, horretarako, jendeak ez birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango zaie, eta, bestetik, hobeto birziklatzeko, eta, horretarako, edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota utzi behar den azalduko zaie.

Halaber, aldez aurretik bisita gidatuak programatuko dira ikastetxeentzat, ordubetekoak eta euskaraz, lehen eta bigarren hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleentzat pentsatuak.

Kanpainaren edukia

Erakusketaren atalean, informazio-panelen bidez, Euskadiko hondakin-planeko helburuak azalduko dira, modu ulergarrian eta grafikoan, azpimarratuta herritarrek garrantzi handia dutela helburu horiek lortzeko orduan, eta aholku probetxugarriak emango dira ekonomia zirkularreko oinarrizko kontzeptuei buruz, hala nola hondakinak gutxitzeari, birziklatzeari eta berrerabiltzeari buruz.

Panelak zazpi bloke handitan egituratu dira:

  • Nola birziklatu ondo: aholku praktikoak, gomendioak eta datu bitxiak, ondo eta erraz birziklatzeko eta zer birzikla dezakegun jakiteko; birziklapenari buruzko mitoak eta onurak.
  • Nola birziklatzen da?: birziklatze-prozesuari buruzko azalpena, ontziekin, dagokien edukiontzian uzten ditugunean, zer gertatzen den jakiteko.
  • Birziklatu zure aitzakiak: birziklatzeko orduan etxean dauden traba nagusiei buruz (leku falta, interes falta, uste okerrak...) gogoeta egiteko eta horiei konponbidea bilatzeko panela.
  • Jarduera ludikoa: hondakinak bereizi, eta bakoitza dagokion edukiontzian utziko dugu.
  • Ecoembes barometroa: Espainia osoan jasotzen eta birziklatzen diren hondakinen datuei buruzko mapa, autonomia-erkidegoko eta udalerriaren xehetasunarekin batera.
  • Ecovidrio jarduerak: beira birziklatuarekin ale apaingarriak egiteko lantegiak, eta beirazko ontziak ezagutzeko jolasa.
  • Reciclatest / Reziklatesta: kanpainarako berariaz prestatutako 15 galderako test interaktiboa, non erantzunetan hiru aukera emango diren.

Kaleko ekintzak karparen kanpoaldean egingo diren hiru jarduera ludikorekin osatuko dira.

  • Nire konpromisoa: photocall saioa, non atrezzo txiki baten bidez, nahi duenak, gehiago eta hobeto birziklatzeko zer konpromiso hartzen duten adieraziz, argazki bat egin dezakeen.
  • Birziklapenean jaioak gara: kanpainako pertsonaietako bat izatera jolastuz, norbere buruaren argazkiak egiteko panela.
  • Batukada: ordu erditik ordu erdira, gutxi gorabehera, kanpainako abestia entzungo da (Reciclar es lo nuestro, ta zurea ere bai), eta dinamizazio berezi bat egingo da, inguruetan dabilen jendea parte hartzera animatzeko: musika-tresna birziklatuak eta ontziekin eginak banatuko dira, kanpainako abestia eta koreografia interpreta dezan.

Hondakinak Euskadin

Euskadiren helburua da 2030erako sortzen diren hondakinen % 10 gutxitzea eta % 70 birziklatzea, bereizketa egokia eginda. Halaber, ontzien % 60 birziklatu nahi da. Tasa horiek lortzeak onura zuzenak ditu, ez bakarrik ingurumenean edota airearen kalitatean, baita enpleguaren sorreran ere: Euskadin, hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sektorean, 5.700 pertsonak lan egiten dute.

EBren ekonomia zirkularrerako ekintza-planaren arabera, hondakinak gutxitzeak, birziklatzeak eta berrerabiltzeak, gero baliabide bihurtzeko, Europan, bost urtean, 600.000 milioi euro aurrezteko modua ekar dezake.