Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadiko Txakolina eta Nafarroako Zainzuria, produktuen sustapenerako egindako ekitaldi bateko protagonista

Tapia_Txakoli-Esparrago.jpg

2018.eko maiatzak 10

  • Gobernu bien interesa da kalitateko elikagaien eta gastronomia bultzatzea, jatorriko izendapenen eta egiaztapenen babespeko produktuak ardatz giltzarrietako bat moduan hartuta
  • Elikagaien kate osoko profesionalen laguntzarekin eta produktuen ekoizpenean, banaketan, salmentan eta kontsumoan inplikatutako eragile publiko eta pribatuen babesarekin egin da gaurko sustapen ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek presiditu dute Euskadiko eta Nafarroako jatorri izendapen eta egiaztapenen babespeko produktuak sustatzeko ekitaldia. Nafarroako Zainzuria eta Euskadiko hiru jatorri izendapenetako txakolinak (Arabakoa, Bizkaikoa eta Getariakoa) uztartu dira ekitaldian, zeina Basque Culinary Centerren egin baita arratsalde honetan, Hilario Arbelaitz, Nafarroako Zainzuriaren enbaxadore izendatu berri dutena, eta Javier Diaz sukaldariak aurrean zeudela. Javier Diazek, gainera, sukaldaritza erakusketa bat egin du.

Gobernu biek interes irmoa dute kalitateko elikagaiak eta gastronomia bultzatzeko, jatorriko izendapenen eta egiaztapenen babespeko produktuak hartuta bultzada horren ardatz giltzarrietako bat moduan. “Bai Reyno Gourmet etiketa nafarrak bai gure Euskolabel etiketak produktuen goreneko kategoria bermatzen dute, eta merkatuan ezartzea eta identifikatzea ahalbidetzen dute, kontsumitzaileen artean haien nabarmentasuna eta prestigioa areagotuta.”

“Ezin dugu ahaztu –gehitu du– produktu bati kalitate etiketa horiek ezartzeko prozesuak lan handia eskatzen duela. Aurretiaz egin beharreko zeregin batzuk daude, hala nola ekoizpen eta eraldaketa sektorearen azterketak, merkaturatze kanalenak eta merkatuarenak, baita produktuaren izaera berari buruzkoak ere. Azterketa horietatik abiatuta, bere ezaugarri guztiak erregelamendu batean zehatz-mehatz definitzen dira, baita ekoizteko, merkaturatzeko, ontziratzeko eta etiketatzeko modua eta kontrol sistema ere.

Isabel Elizalde kontseilari nafarrak, berriz, nabarmendu nahi izan du zainzuriaren kontsumoak gora egin duela azken urteetan. “Izan ere, aurten aurreikusten da pasa den ekitaldian baino 200.000 kilo baino gehiago ekoiztea, hau da, %13 gehiago ekoiztea.

Baina, emaitza on horien atzetik, baserriko gizonek eta emakumeek egindako lan bikaina dugu, egunero-egunero gure produktuak balioesteko eta landatzen jarraitzeko borrokan ari baitira, beraien lurraldean garapen ekonomikoa, iraunkortasuna eta, finean, bertako bizitza egituratuta. 452 ekoizle dira, eta ekoizpen gunean ere finkatuta dauden 42 kontserba fabrikari ematen dizkiete zainzuriak.

Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) duen Nafarroako Zainzuria

Nafarroako Zainzuria Reyno Gourmeten babespean dauden marketako bat da. 2007an sortu zen Reyno Gourmet etiketa, eta Foru Erkidegoko kalitate egiaztapena duten nekazaritzako elikagaiak babesten ditu. Reyno Gourmeten barruan bi mila erreferentzia baino gehiago daude, ehun enpresa baino gehiagokoak, eta Reyno Gourmet markaren logotipoa dute beren etiketan.

Nafarroako Zainzuria Izendapen Espezifikoan sartuta dago 1986tik, eta Adierazpen Geografiko Babestuan (AGB), berriz, 2003tik. Izaera propioa duen produktua da, Ebro ibaiaren ertzeetan landatzen da betidanik eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da. Kolore zuria dute, testuraz suabe dira, hari gutxi dute edo ia bat ere ez, eta aho sabaian mikaztasun arina uzten dute, oreka bikaina lortuta, batez ere ekoizten den guneetako gau hotzengatik eta ekoizteko erabiltzen den uraren kalitatearengatik eta laborantza sistemengatik.

Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafar Institutua SAk (INTIA) ikuskatzen ditu azken produktuaren laborantza, lanketa, ontziratze eta egiaztapen prozesu guztiak, bera baita AGBren kontrolatzen duen erakundea, UNE-EN 45011 arau europarraren arabera ENAC egiaztatuta. Ezarritako egiaztapen sistemaren oinarrian hainbat ikuskapen daude, tartean soroan, biltegietan, industria eraldatzaileetan eta produktu bukatuan egiten direnak.

Euskadiko Txakolinak

Euskadik Txakolinaren hiru jatorri izendapen ditu: Arabakoa, Bizkaikoa eta Getariakoa

Arabako Jatorri Izendapeneko txakolina

1998-99 kanpainan, Araban 20 Ha mahasti zeuden jada, eta mahasti horietatik 70.000 botila txakoli inguru lortu ziren. Hurrengo kanpainetan, ekoizpenak handitu ziren eta 280.000 botilako kopuru inugurura iritsi zen. Gaur egun, ekoizpen erritmoak mantentzen dira, urtean 350.000 botila inguru ekoitzita. 2010etik Arabako Txakolina J.I.-k jada zazpi upategi eta 100 Ha mahasti ditu inskribatuta.

Pasa den urteko apirilean lurraldean egondako izozteen ondorioz, Arabako txakolinaren ekoizpena iazkoa baino %43 txikiagoa izan da, eta 2016an etiketatu ziren 580.000 botilen ordez 350.000 unitate etiketatu dira, zeinak jada merkatura ateratzen hasiko diren. Halere, ekoizpenaren murrizketa horrek ez du eraginik izan aurtengo uztaren kalifikazioan, eta "oso ona" katalogatu da.

Getariako Txakolina Jatorri Izendapenak 3.784.000 kilo eta 3,4 milioi botila eman zituen pasa den urtean. 2017an, Gipuzkoan 431 hektarea mahasti landatu ziren, mahastietan 150 langile arituta eta 33 upategi inskribatuta.

Gipuzkoa eta Euskadiko gainerakoa dira bere merkatu nagusia, ekoizpenaren %80 egiten baitute. Ekoizpenaren %10 Madrilen eta Bartzelonan saltzen da, eta gainerako %10a esportaziora bideratzen da, batez ere Estatu Batuetara, esportatutako ekoizpenaren %66 erosten baitu. Ondoren, Frantzia, Erresuma Batua eta Japonia daude, esportazioaren %12, %8 eta %5 erosita, hurrenez hurren. Gainerako %9a hainbat herrialderen artean banatzen da. Esportatutako txakolina inskribatutako upategien %70en artean saldu da.

Bizkaiko Jatorri Izendapenean 38 upategi daude, eta 350 hektarea mahasti lantzen dira gutxi gorabehera.

2017an, ia 1,6 miloi litrokoa izan da Bizkaiko txakolinaren uzta;horrek esan nahi du pasa den uztan baino ehuneko 12,75 gutxiago bildu dela, klima faktoreak direla eta.

Ekoizpena txikiagoa izan bada ere, Bizkaiko txakolinaren 15.708 hektolitro saldu dira, hau da, aurreko urtean baino %5,65 gehiago, Jatorri Izendapen honetako salmentetan beste errekor bat lortuta, Estatu Batuak izanda kanpoan duen merkatu nagusia.

Oreka Txakolinaren eta Zainzuriaren artean

Zainzuria jaki gozo bihurtzen duten ezaugarriek beraiek eta, bereziki, mikaztasun arina ematen dioten ezaugarriek egiten dute zainzuriak edari gutxirekin lortzea oreka ona edukitzea. Txakolina da edari gutxi horietako bat. Izan ere, txakolinak zapore berezia eta azidotasun freskoa eta atsegina ditu, Euskadiko klimak eraginda, eta bertako “Hondarrabi Zuria” eta “Hondarrabi Beltza” mahats barietateek mikaztasun arina ematen diote, eta ezaugarri horiekin primeran uztartzen da zainzuriarekin, Nafarroako Zainzuriaren eta Txakolinaren ezaugarrien ñabardurak errespetatuta eta nabarmenduta. Gaurko aurkezpenari dagokionez, Euskadiko hiru jatorri izendapeneteko ardo horiek aukeratu dira barazkiekin ondo egiten dakienagatik sukaldari ospetsuenetako batek egindako platerak dastatzeko. Javier Díaz da sukaldari hori; Iruñean dagoen eta barazkiekin, batez ere Nafarroako baratzeko barazkiekin, egindako plateretan espezializatuta dagoen Alhambra jatetxeko sukaldaria da, eta egile sukaldaritzako fusioko plater bat proposatu digu, sormena eta tradizioa uztartuta eta sasoiko produktua goratuta.

Ekitaldian parte hartu du, baita ere, Hilario Arbelaitz sukaldariak, Oiartzungo Zuberoa jatetxeko sukaldeko buruak. Sukaldari honek euskal sukaldaritza tradizionala egiten du, eguneratuta, eta itxura erraza, gozoa eta naturala duten platerak proposatzen ditu, produktuari proposamen horietan leku nabarmena emanez. Arbelaitzek eman dio hasiera denboraldiari, Nafarroako Lehen Zainzuriaren VIII. Dastaketan, fruitua goratzeko asmoarekin eta zainzuriaren kanpainari modu ofizialean hasiera emateko apirilaren bukaeran Cabanillas herrian egin zen ekitaldian, alegia.