Euskadiko tren alorreko enpresak lanean ari dira, zerbitzuak nazioarteko merkatura esportatzeko eta Erresuma Batuan proiektu berriak eskuratzeko

2018.eko apirilak 12

  • Euskadin, 7.200 pertsona ari dira lanean sektorean, eta 1,.00 milioi euro inguru fakturatzen dira
  • Erresuma Batuan trenbidean eginiko inbertsio pribatua 925M£koa izan da eta 4.200M£ inbertsio publikoa, euskal enpresak hainbat proiektu elkarlanean lantzen ari diren merkatu oso garrantzitsua.
  • Euskal enpresen maila teknologiko altuak erronka berrien lider izateko eta zenbait prozesuri, produktu adimentsuen digitalizazioari eta fabrikazioari, besteak beste, aurre egiteko aukera ematen du
  • ETSk eta Euskotrenek lankidetza publiko-pribatua bultzatzen dute, balio erantsia ekarriko duten berrikuntza proiektuak bultzatzeko

Erresuma Batuko eta Euskadiko enpresak lankidetzarako bide berriak ari dira bilatzen egun hauetan Londonen, Euskadiko hogei enpresa inguruk lagunduta, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua buru duen merkataritza misioan.

Atzo egin zen energiari buruzko jardunaldi arrakastatsuaren ondoren, gaur tren alorreko enpresen txanda izan da. Euskadik eta Erresuma Batuak merkatuen lankidetza eremuak konpartitzen dituzte, aeronautika, energia eta tren sektoreetan, besteak beste.

Jardunaldiaren irekiera ekitaldian, Arantxa Tapiak Euskadiko enpresa egituraren balioa azpimarratu du, batez ere sarean eta sektoreko enpresa bultzatzaile handien hornitzaile gisa lan egiten duten enpresa txiki eta ertainez osatutako egitura, hain zuzen ere.

Euskadin, tren sektoreak 7.200 pertsonari ematen die lana, eta estatuko sektore osoaren %40 inguru betetzen du. Hori dela eta, Euskadiko tren industria erreferentea da, inolako zalantzarik gabe. Sektore horretan lan egiten duten pertsonen %51k enpresa txiki eta ertainetan egiten du lan, eta gainerakoak enpresa bultzatzaileetan. Trenbideari lotutako euskal enpresek 1.700 milloi euro-ko balioko exportazioak egiten dituzte. 

Industria sektoreari dagokionez bakarrik, eraikuntza, ingeniaritza eta kontsultoretza zerbitzuak kanpo utziz, Euskadik 560 M€-tik gorako balioa duten merkantziak esportatu zituen, eta merkantzia horien jomuga nagusia Europa izan zen, 314 M€-rekin.

Tren sektoreak erakusten duen joera positiboa da. Aurreikuspenak betetzen badira, datozen 4 urteetan urteko batez besteko hazkunde tasak %3 ingurukoak izango dira, zerbitzu metropolitarretan eta abiadura handiko zerbitzuetan modu globalean instalatzen ari diren trenbide linea berriak direla eta.

Erresuma Batuan BPGari 36.000M£ko ekarpena egin dio sektoreak, BPG osoaren %2,3 alegia. Gainera 600.000 pertsonei lanpostu zuzena ematen die, enplegu osoaren %1,7, eta 11.000M£ko diru-sarrera fiskala da. Iaz trenbidean egin den inbertsio pribatua 925M£koa izan da eta erakunde publikoek egindakoa berriz, 4.200M£koa. Merkatu oso garrantzitsua beraz, eta dagoeneko hainbat euskal enpresa ari dira proiektu ezberdinetan elkarlanean.

Trenbide sektorea Euskadin

Euskadin, sektoreak enpresa ugari ditu balio kateko azpi-sektore bakoitzean: eraikuntzatik hasi eta ingeniaritza, mantentze-lan… enpresetara, ekipoetatik eta osagaietatik, elektrifikaziotik, telekomunikazioetatik… igaroz. Hori dela eta, etengabeko berrikuntza eta bilakaera teknologikoa ezinbesteko eskaria dira enpresa horiek lehen maila horretan jarrai dezaten.

Halaber, eskaintzen dituzten puntako soluzioei esker, mundu mailan sektoreko lider diren enpresa txikiak eta ertainak eta konpainia handiak aurki ditzakegu.

Soluzio horiek estatuan eta nazioarteko merkatuetan aurrera eramandako tren alorreko proiektuetan garatu eta inplementatu dira, eta beraien funtzionaltasuna eta fidagarritasuna erakutsi dute.

Enpresa eta azpi-sektore aniztasun handiak sinergiez baliatzeko eta eskaintza bezero edo proiektu bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera ematen du, beharrezkoa bada, modu bateratuan eta koordinatuan ekiteko aukerarekin eta kasu bakoitzean soluzio teknologiko eta zerbitzu egokienak eta lehiakorrenak eskainiz.

Horrez gain, azpimarratu behar da osagaien enpresa fabrikatzaile txikiek eta ertainek oso leku garrantzitsua betetzen dutela, alde batetik talde handien rola osatuz eta, bestetik, merkatu nitxoak aurkituz gero eta garrantzi gehiago hartzen ari diren tren sektoreko esparruetan.

Jonny Dymond BBC Newseko aurkezleak moderatutako eztabaida panelean mundu mailan erreferentziazko trenbidearen sektoreko profesionalek parte hartu dute: Mark Wild, London Underground-eko zuzendari betearazlea; Goeff Ogdenm, Transport for Wales-eko zerbitzu zuzendaria; Andrew McNaughton, HS2ko estrategia aholkularia; Karla Jakeman, Innovate UKko Konektatutako Garraio eta Komunikazio berrikuntza arduraduna; David Waboso, Network Rail-eko zuzendari betearazlea; eta George Davdison, Transport Scotland-eko kidea. Wendy Richards, Nazioarteko Garapen Saileko Garraio eta Azpiegitura zuzendaria izan da eztabaida panelari amaiera eman diona, sektoreko enpresek parte hartu duten networking-ari bide emanez. Bertan sektoreko zenbait enpresak hartu dute parte: CAF, IDOM, Sener, Talgo, NEM Solutions, JEZ Sistemas, Lander, Digital Railway, Stephenson Hardwood LLP, Satellite Applications Catapult, HCT, Terrapinn eta DIT.

Merkataritza misioak beste bi hitzordu garrantzitsu ditu gaur arratsaldean. Alde batetik, Londoneko metroaren kontrol gunera eta mantentze-lanetako zentrora egingo duen bisita, eta bestetik, Londoneko Espainiako Enbaxadaren Urteroko Saria banatzeko ekitaldia, aurten CAF euskal enpresari emango zaion saria, hain zuzen ere.

Londresen eginiko jardunaldi hau, datorren astean Eusko Jaurlaritzaren, Macex eta Terrapinen eskutik BECen egingo den METRORAIL kongresuaren atarikoa ere izan da. Azokak sektorearen erronka nagusiak aztertuko ditu eta Euskadik bere gaitasunak agertzeko baliatuko du aukera.