Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Artxibo Historikoak Manu Leguinecheren familiak emandako funtsa erakutsi du, haren kazetari ibilbidean zehar batutako milaka dokumentu eta argazki biltzen dituena

artxibAB.jpg

2018.eko abenduak 18

  • Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak familiaren eskuzabaltasuna eskertu du euskal gizartearen esku jarri izanagatik ondare hori guztia.

 

Bilbao, 2018/12/18            

Euskadiko Artxibo Historikoak bisitaldia antolatu du, gaur, Manu Leguineche kazetariaren familiak erakunde horri eman dizkion funtsak erakusteko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Joxean Muñoz Kulturako sailburuordearen bidez, aukera baliatu nahi izan du Leguineche familiari esker ona azaltzeko eta orain digitalizatzen ari diren funts hauek erakundeari eman izana eskertzeko.

Muñoz sailburuordearekin batera, ekitaldian izan dira Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria, Borja Aguinagalde Euskadiko Artxibo Historikoko zuzendaria eta Rosa eta Benigno,  Manu Leguinecheren anaia-arrebak. Muñozek dokumentu-funts horren balioa nabarmendu nahi izan du. “Manu Leguineche da euskal kazetaritzak eman duen izen nabarmenenetako bat, eta haren ibilbidea gure mugez harago ere aintzatetsi dute. Kazetaritzaren arlotik bertatik kazetarien maisu izatea aitortze zaio, eta aitzindaritzat jotzen dute atzerriko korrespontsalen artean. Haren zintzotasuna eta profesionaltasuna nabarmendu ohi da kazetaritzaren arloan. Mundu osoan zehar eta, batik bat, gatazkan dauden lekuetan gertatzen dena kontatzen emandako bizitza oso baten dokumentuak jasotzen ditu funtsak. Artxiboak, gainera, XX. mendearen bigarren erdi gatazkatsuaren balio handiko lekukotza dira”, adierazi du Muñozek.

Manu Leguinecheren funtsak joan den udan iritsi ziren Euskadiko Artxibo Historikora: Leguineche beraren apunteez osatutako koadernoak zituzten lau kutxa, prentsa artikuluak biltzen zituzten hamabi kutxa, irudiak eta diapositibak zituzten hamar kutxa eta, azkenik, askotariko materialez osatutako hamar bat karpeta. Artxibo historikoa, azken hilabete hauetan, artxibo horien zatirik handiena digitalizatzen ari da, materiala erraz kontsultatu ahal izan dadin. Leguinecheren funtsaren parte dira mundu osoan hartutako 3.000 irudi inguru: Txinan, Vietnamen, Indonesian, Bangladeshen, Afganistanen, antzinako Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean, Jugoslavian, Nikaraguan, Perun, Txilen, Aljerian …

XX. mendea

Irudiez, prentsa-artikuluez eta apunteez gain, funtsen artean orotariko oroigarriak daude, nazioarteko garrantzi handiko ekitaldietarako prentsa-akreditazioetatik ikasle garaiko elementuetara. Joxean Muñozek eskerrak eman dizkio Leguineche familiari Euskadiko Artxibo Historikoan konfiantza osoa jartzeagatik eta kazetaritzan bizitza osoa eman ondoren bildutako funtsak euskal gizartearen esku jartzean erakutsitako eskuzabaltasunagatik. “Dokumentazio honek guztiak XX. mendeko unerik garrantzizkoenetako batzuk biltzen ditu; altxor txikiz beteta dago funtsa. Leguineche familiaren eskuzabaltasuna eskertu nahi dugu, eta gogorazi nahi dugu mota horretako dohaintzek zer garrantzia duten Euskadiko Artxibo Historikoarentzat”, adierazi du.

Kazetariaren familiaren aldetik, Rosa arrebak funts horien inguruan egiten ari den lana nabarmendu du. Arratzuko Udalak eta Raúl Conde eta Pedro Aguilar kazetariek ere lagundu nahi izan dute dohaintza hori posible egiten.

Manu Leguineche, Arratzukoa (Bizkaia) zen sortzez eta 72 urte zituela hil zen 2014. urtean. Azken urteak Brihuega herrian eman zituen, Guadalajara probintzian. XX. mendeko kazetari garrantzitsuenetako bat da Estatuan, eta haren kazetari- eta idazle-ibilbideak aintzatespen ugari jaso du. Besteak beste sari hauek jaso zituen: Kazetaritzako Sari Nazionala, Ortega y Gasset Saria, Saiakerako Espasa Saria edo Meritu Konstituzionalaren Ordenaren Domina. Euskadin, 2010ean, Eusko Jaurlaritzak Lan Onari saria eman zion eta Euskadi Literatura Saria ere jaso zuen El club de los faltos de cariño eleberriagatik.