Euskadik estrategiak partekatuko ditu europar eskualdeekin aurtengo ENCORE Konferentzian, ekonomia zirkularra, klima eta ekosistemak landuko dituena

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila Europako Eskualdeen Ingurumen Konferentzian (Enviromental Conference of the Regions of Europa, ENCORE) parte hartzen ari da irailaren 20tik 22ra bitartean, posizioak trukatzeko eta estrategia komunak planteatzeko aurtengo hitzorduaren hiru gai nagusien inguruan: ekonomia zirkularra, klima-erronkak eta sistema ekologikoak.

YouthCORE
  • Europako Eskualdeen Ingurumen Konferentzia (Environmental Conference of the Regions of Europe, ENCORE, bere ingelesezko siglengatik) irailaren 20tik 22ra bitartean egiten da Danimarkako Herning hirian, 13 herrialdetako 27 eskualderen parte-hartzearekin. 
  • Aste honetan, parte hartzen duten eskualdeetako berrogeita hamar gazte inguru –Euskadiko bi gazte barne sartuta- bilduta daude YouthCORE izenekoan; berau Konferentzia ofizialaren aurretik egiten den foro bat da, eta hortik aterako da eskualdeetatik etorritako ministroen eztabaidaren oinarritzat hartuko den proposamena.

 

Eztabaida-mahaien bitartez, eskualdeetako ordezkariek aztertuko dituzte hondakinei buruzko europar zuzentarauetan iragan maiatzean onartu ziren aldaketak, hau da, Europar Batasuneko Ekonomia Zirkularraren paketearen baitan onartutako aldaketak; ekosistemei dagokienez, berriz, interes ekologiko handiko guneen kudeaketa hobetu dezaketen ezagutza eta esperientziak konpartituko dituzte –gune horien artean Euskadiko Urdaibaiko Biosfera Erreserba dago-.

Orobat, eskualdeetako liderrek europar eskualdeen adostasun-puntuak eta jarrera komun bat bilatuko dituzte, klima-aldaketaren alorrean, abenduan Polonian egingo den COP24ri begira, hau da, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren Alderdien Konferentziari begira.

Central Denmark eskualdeko Herning hiri daniarrak hartzen du ENCORE Konferentziaren hamahirugarren edizioa; hitzordu hau bi urtetik behin egiten da, eta oraingoan 13 herrialdetako 27 eskualdetako 140 ordezkari inguruk parte hartuko dute, bai ingurumen-adituek eta bai lider politikoek. Konferentziaren asmoa da eztabaida sortzea, posizioak trukatzea eta estrategia komunak planteatzea Europar Batasunaren ingurumenari eta garapen jasangarriari buruzko politika eta legediaren inguruan; horrekin batera, beste helburu bat da eskualdeek esperientzia eta jardunbide egokiak aurkeztu ditzatela, eskualdeen arteko lankidetza sustatzeko abiapuntu gisa.

Bi gaztek Euskadi ordezkatzen du YouthCOREn

Aste honetan, ministroen Konferentzia ofizialaren aurretik, bertan parte hartzen duten eskualdeetatik etorritako berrogeita hamar gazte inguru, horien artean Euskadi ordezkatzen duten bi gazte, bilduta daude lider politikoek planteatuko duten eta etorkizuneko erabakiak hartzerakoan oinarritzat hartuko den  proposamena eztabaidatzen.

YouthCORE Bavarian egindako ENCORE 2014 Konferentzian sortu zen. Helburua zen jende gaztea modu aktiboan inplikatzea ingurumenari buruzko eztabaidan eta eskualdeek aurrean dituzten ingurumen-erronketan. Pertsona gazteen ikuspegi berritzaileak aprobetxatu nahi ditu, eremu politikoan erabakiak hartu behar dituztenen inspirazio-iturri gisa.