Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadi "Natusfera" mundu osoko naturazaleak biltzen dituen zientzia herritarraren plataforma garatzeko taldera gehitu da Euskadi "Natusfera" mundu osoko naturazaleak biltzen dituen zientzia herritarraren plataforma garatzeko taldera gehitu da

Argitalpen-data: 

20090521_01_0085_1_.jpg
  • Flora eta faunaren argazki eta behaketa geolokalizatuak erregistratzeko aukera ematen du, APP eta webgune aske eta ireki baten bitartez.
  • Natusfera dozenaka mila datu-baseetatik datozen 650 milioi bioaniztasun-erregistro baino gehiago partekatzen dituen mundu mailako sarearen baitan dago.

Eusko Jaurlaritza, Ingurumen Sailaren bitartez, Natusfera zientzia herritarraren plataformara gehitu da. Plataforma horrek mundu osoko naturazaleak konektatzen ditu eta, horiek, mugikor eta webgune ireki baten bitartez naturako bizitzako irudi eta informazio geolokalizatuak parteka ditzakete.

Gobernu Kontseiluak pasa den asteartean onartu zuen Euskadi plataforma horretara gehitzea, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren, Itsasoaren Zientzien Institutuaren eta Kataluniako Generalitatearen menpeko Centre de Recerca Ecologica i Aplicacions Forestals (CREAF) erakundearen artean sinatutako asmo-protokoloaren bitartez.

Natusfera zientzia herritarrarentzako plataforma birtuala da eta mundu osoko naturazaleei dago irekita. Webgunea eta mugikorrerako aplikazioa ditu eta, horien bitartez, naturan behatutako izaki bizidunen argazkiak eta bestelako informazioa erregistratu eta partekatzeko aukera dago, geolokalizatzailearen bidez horiek jasotako lekuan kokatuta. Plataforma, era berean, erabiltzaile guztiak konektatuta dauden sare birtuala da eta bata besteari laguntzen diote espezieak identifikatu edo proposatutako proiektuetan datuak betetzen.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak 2010 urteaz geroztik du Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema (www.euskadi.net/natura) eta bertan jasotzen da alor horretan eskuragarri dagoen ezagutza zientifiko eta teknikoa. Sistemari gehitutako informazio asko herritar zientzia delakotik dator eta, beraz, eduki hori Bioaniztasunaren Informaziorako Munduko Azpiegituraren (GBIF ingelesez) bidez partekatutako datu-baseen sarean sartzea jauzi garrantzitsua da datu berriak modu kolaboratiboan txertatu eta eremu geografiko zabalean partekatzeko. Halaber, ingurunearen babeserako hezkuntza, sentsibilizazio eta erantzukidetasuneko helburuak nazioarte mailan irekitzea ere esan nahi du, eta hori da, baita ere, Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren helburua.

Asmo-protokolo hori sinatu ostean, hainbat lankidetza-ildo irekiko dira eta, horiei esker, plataforma garatuko da, Euskadiko erabiltzaileek hainbat alorretan (hezkuntzan, ikerketan eta kudeaketan) dituzten beharrizanak kontuan hartuta, eta plataformaren bitartez bildutako datuak Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman txertatuko dira. Natusferaren Zuzendaritza Batzordera gehitzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen Sailaren bidez, plataforma garatu eta erabilera sustatzeko nazio mailako eta nazioarteko proiektuetan parte hartuko du. Horrez gain, web-aplikazioaren eta iOs eta Android mugikorretarako aplikazioen plataforma hobetzen lagunduko du.

Natusferari buruzko informazio gehiago

Natusfera (http://natusfera.gbif.es) 2016an sortutako herritar zientziarako plataforma da eta egun eskuragarri dago gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, galegoz eta ingelesez. Plataformaren teknologia iNaturalist plataformaren moldaketa bat da; plataforma hori oso hedatua dago ingelesa hitz egiten den herrialdeetan eta Mexikon.

Natusfera kode irekiko plataforma digitala da, oso erabilterraza eta edozein pertsonak erabil dezake mugikorrerako aplikazioaren eta webgunearen bitartez. Horien bitartez, behatutako flora eta faunaren argazkiak, soinuak eta bestelako informazioa igo, behaketak identifikatu eta geolokalizazioaren bidez koka daitezke. Plataforma, era berean, erabiltzaile guztiak konektatuta dauden sare birtuala da eta bata besteari laguntzen diote espezieak identifikatu edo aurretik balioztatutako proiektu zientifikoetan datuak betetzen.

Edukiak CREAF eta GBIF.ESek administratu, koordinatu, mantendu eta kudeatzen ditu; azken hori da GBIF Bioaniztasunaren Informaziorako Munduko Azpiegituraren Espainiako Nodoa. Helburu nagusia da mundu osoko bioaniztasunari buruzko datuak sartu ahal izatea ahalbidetzea –Internet bidez, modu askean eta doan−, hala ikerketa zientifikoari lagundu, kontserbazio biologikoa sustatu eta garapen jasangarriari laguntzeko. GBIFek dozenaka mila datu-baseetatik datozen 650 milioi bioaniztasun-erregistro baino gehiago partekatzen ditu. Zifra hori etengabe doa hazten eta sareari izaera dinamikoa ematen dio. Informazio hori zuzenean kontsulta daiteke Nazioarteko Datu Atarien bidez: (www.gbif.org) eta (http://datos.gbif.es).