Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalera kanpora itzuli da

Mapa.jpeg

2018.eko apirilak 11

- Mapa berria brontzezkoa da eguraldiaren gorabeherei aurre egiteko, eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzan jarritako zurezko maparen oinordekoa da.

Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalera eraikinaren kanpora itzuli da. Eguerdian inauguratu dute, besteak beste, Donostiako alkate Eneko Goiak, Euskara zinegotzi Miren Azkaratek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalake, Tabakalerako Zuzendari Nagusi Edurne Ormazabalek, Maparen egile Manex Izagirre arkitektoak eta Iñaki Rifaterra artistak eta Bagera Elkartearen hainbat kidek.

Mapa berria Eibarko Alfa Arte tailerrean egin da, brontzezkoa da eguraldiaren gorabeherei aurre egiteko, eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzan jarritako zurezko maparen oinordekoa da. 2016an Hiriburutzaren Euskarriak proiektuaren baitan jarri zen mapa Tabakalera eraikinaren alboko sarreraren ondoan, eta Hiriburutzaren urtea amaitzerakoan kendu zen, leku berean Remigio Mendibururen eskultura jartzeko.

Bagera Elkartea izan zen proiektuaren partaide eta, behin Hiriburutzaren urtea amaituta bertan gelditzeko eskatu zuen. Zurezko mapa nahiko hondatuta zegoen - ez ziren hizkuntzak bereizten -, eta eskaerari bide emateko Udala eta Bagera Elkartea elkalanean aritu dira urtebetez mapa berria egiteko eta 2016ko kokalekutik gertu jartzeko. Hortaz, Mapa brontzezkoa izatea eta Tabakalera eraikinaren sarrera nagusiaren ondoan jartzea adostu zuten.

Brontzezko mapa Donostia 2016 Fundazioak hartu du bere gain Kultura Hiriburutzaren ondarearen erakusgarri. Bertan, Europako hizkuntzen errealitatea ezagutzeko aukera dago, eta euskara bertan kokatzen laguntzen du ere. 

Donostiako alkate Eneko Goiak honakoa esan du: "Euskara eremu urriko hizkuntza da, baina ez egitura eta borondate urrikoa. Guztion artean hegoak eta baliabideak ematen jarraituko dugu, bizi-bizirik jarrai dezan". Eta era berean, donostiarrei dei egin die, guztion artean hegoak euskarari emateko, Europako Hizkuntzen Mapan lekua izaten jarrai dezan.