Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Europa osoko adituak Euskadi bisitatzen ari dira Kultura eta Sormen Industrien arloan azken urteotan egiten ari den apustua ezagutzeko

Artium.jpg

2018.eko uztailak 04

  • Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Greziatik etorritako ordezkariek Bilbo bisitatu zuten atzo eta gaur Gasteizen izango dira.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/07/04            

Europako bost lurraldetako kideak Euskadi bisitatzen ari dira Kultura eta Sormen Industrien (KSI) arloan azken urteotan egiten ari den apustua bertatik bertara ezagutzeko. Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Greziatik etorritako ordezkari hauek kulturari eta sormenari loturiko proiektuak bisitatzen ari dira, arreta berezia eskainiz hiru esparru hauei: kultura ondarea, gastronomia eta KSIak bultzatzeko politika publikoak. Bost lurralde hauek Euskadirekin partekatzen dute Creadis 3 KSIen inguruko Europa mailako proiektua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila Creadis 3 proiektuaren lidergoa eta koordinazioa bultzatzen ari da, Europar Batasunerako Euskadiren Ordezkaritzarekin, Eusko Jaurlaritzako beste zenbait sailekin eta foru aldundi zein udaletako ordezkariekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz Europako bost lurralde hauetatik etorritako ordezkariak laguntzen ari da bi egunetako bisita honetan zehar.

Atzo goizean ekin zioten bisitaldiari, Bizkaiko Foru Aldundiaren BEAZ garapen ekonomikorako elkartearen egoitzan; han, Creadis 3 proiektuaren jarraipenerako bilera izan zuten eta gobernantza publikoaren eta praktika onen inguruan mintzatu ziren. Horrekin batera, Kultura eta Sormen Industrien inguruan sustatzen diren politikak kudeatzen dituzten zenbait erakunderen lana ezagutzeko aukera izan zuten; hala nola, BEAZ bera, Musika Bulegoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia, azken kasu honetan gastronomiaren arloari dagokienez.

Zorrotzaurre eta Guggenheim

Arratsaldean, ZAWP-Zorrotzaurre Art in Work Progress proiektutik Kultura eta Sormen Industriaren arloan egiten ari den lana ezagutu zuten, bai eta industria ondarea biltzen duen Consonni eraikina ere, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen bitartez. Eguna Guggenheim Museoa eta Bilboko Alde Zaharra bisitatuz amaitu zuten.

Gaurko egunean KSIen inguruan Gasteizen izandako esperientzietan jarriko dute jomuga. Europako bost lurralde hauetako ordezkariek Artium Arte Garaikidearen Euskal Museoa bisitatuko dute, bai eta Santa Maria Katedrala ere, berrikuntza adibide eredugarri bat kultura ondarearen arloan. KSIen inguruko bi lurraldetako esperientzia ere ezagutzeko aukera izango dute gaurko jardunaldian: Erdialdeko Finlandiarena eta Euskaditik bultzatzen ari dena.

KSIak Euskadin

Azken urteotan Euskadin hainbat ekimen bultzatzen ari dira Kultura eta Sormen Industrien inguruan, esparru hau estrategikotzat hartzen baita ekonomiaren garapenerako eta berrikuntza sustatzeko kulturaren eta sormenaren alorrean. KSIen ikuspegi honen baitan kulturaren inguruko politiketara gehitzen dira sormenarekin zerikusia duten hainbat arlo (diseinua, hizkuntzaren industriak, bideo-jokoak, moda, gastronomia…), artearen eta industriaren artean koka daitezkeenak. Creadis 3 proiektua lagungarria izango da kultur politikak eta garapen ekonomikoa uztartzeko estrategiak sustatzeko eta KSIak garatzeko baldintza egokiak sortzeko.

Kultura eta Sormen Industrientzako ekosistema aproposa eragiteko, eta kulturaren eta sormenaren potentzial berritzailea sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekintzak eta ekimenak sustatzen ari dira Creadis 3 proiektuaren bitartez. Europako Kultur Ondarearen Urtearen zigilua lortu ondoren, proiektu honek Euskadin eta agenda europarrean kulturaren eta sormenaren papera indartzen, birkokatzen eta sustatzen du.

Euskadi Europako beste bost lurralderekin lotzen duen ekimen hau iazko martxoan jarri zen abian, finantzazio europarrari esker, eta ondorengo helburu honekin: kultur politiken inguruan berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzeko xede duten lurraldetan politika eraginkorragoen garapena babesteko lurralde-mailako politika publikoen agendak koordinatzea.

Europako erakundeak eta eskualdeak arreta handiz jarraitzen ari dira Euskadik gidatzen duen proiektuaren emaitzak eta lana, KSIen esparruan etorkizuneko estrategia europarra eta kultur politika europarra markatzen ari direlako. Creadis 3 proiektuak sorkuntza-ekosistemetako eta gobernantzako jardunbide egokiei buruzko txosten bat osatuko du. Proposamen horri esker, gainera, espezializazio adimendun iraunkorreko barruti sortzaileak eta iraunkorrak ezarriko dira. Ekosistema horiek agintari publikoen eta interesatuta dauden industria-sektoreen arteko elkarlana sortuko dute, Kultura eta Sormen Industrien berrikuntza eta garapena lagunduz.