Ertzaintzaren 28. Promoziorako deialdiak 500 plaza eskainiko ditu, azken hamabost urteotako deialdirik handiena izango da eta datorren asteartean argitaratuko da

_MG_5205_1500x1000.jpg

2018.eko abenduak 13

Deialdi honetan interesaturik daudenek abenduaren 19tik urtarrilaren 31ra biartean egin beharko dute izen ematea

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduak 13

Segurtasun Sailak Ertzaintzan belaunaldiak berritzeko prozesu antolatu eta planifikatuarekin jarraitzen du. Testuinguru horretan egin da oinarrizko eskalako 500 agenterentzako 28. Promozioaren deialdia. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak datorren asteartean, hilaren 18an, argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta azken hamabost urteotako handiena izango da. Interesaturik daudenek 30 eguneko epea izango dute, abenduaren 19tik urtarrilaren 31ra arte, aukeraketa deialdi berrian izena emateko. Horrez gainera, Arkauteko Zuzendaritza Batzordeak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru dela, gaur eman dio oniritzia Akademiaren 2019rako urteko jarduera-planari, eta bertan datorren urtearen amaieran deituko den beste 500 plazako 29. Promozioa aurreikusten da.

Ertzaintzaren 28. Promozioaren deialdia azken 15 urteotako handiena izango da, oposizio-lehiaketara guztira 500 plaza aterako baitira. 1993ko martxoaren 18ra arte egin behar da atzera plaza-kopuru handiagoa eskaini zuen deialdi bat aurkitzeko. Kasu hartan 600 plaza deitu ziren, 1.200 plazara arte zabal zitezkeenak.

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariaren erabaki hori abian jarrita, Segurtasun Sailak aurrera jarraitzen du Ertzaintzan belaunaldiak antolatuta eta planifikatuta berritzeko eta erroldari 8.000 ertzainetan eusteko asmoarekin.

 

Segurtasun Sailak urtero promozio berri bat deitzeko konpromisoa bete du. Horrela, 2014tik Ertzaintzan bost promozio deitu dira 1.520 plaza betetzeko (24. Promozioa - 120; 25. Promozioa – 250; 26. Promozioa – 300, 27. Promozioa – 380 eta 28. Promozioa – 500), eta 2019aren amaieran beste 500 plazako 29. Promozioa deitzea aurreikusten da.

 

 

Deialdia datorren asteartean, abenduaren 18an, argitaratuko da EHAAn, eta 500 plaza deituko dira, nahiz eta kopurua handitu daitekeen hautaketa-prozesuan edozein arrazoi dela eta hutsik geratzen diren plazen arabera. Deialdiko plaza guztiek Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna dute esleituta, eta horietatik 350ek derrigortasun-data beteta dute.

 

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek EHAAn jasotzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, besteak beste, honakoak: nazionalitate espainiarra izatea; 18 urte izatea eta 35 urte bete gabe izatea; gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo kidekoa, edo goragoko mailako beste edozein, izatea; eta “B" klaseko gidabaimena izatea. Eskabideak eskuratu eta baldintzak begiratzeko Akademiaren webgunera jo daiteke: www.arkauteakademia.eus

 

Horrez gainera, 900.840.088 doako telefono-zenbakia gaitu da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, gaiari buruz behar den informazio guztia emateko.

 

Eskabideak aurkezteko 30 egun balioduneko epea izango da, datorren asteartetik, abenduaren 18tik, zenbatzen hasita, EHAAn argitaratutako deialdian jasotzen denez.

 

Oposizio-lehiaketa

 

            Aurreko deialdietan bezala, hautaketa-sistema oposizio-lehiaketarena izango da. Hala, hurrenez hurren, oposizioko eta lehiaketako sistemak erabiliko dira izangaien gaitasuna erabakitzeko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatzeko.

           

            Oposizio-fasean ezagutzen probak, proba psikoteknikoak, nortasuna eta gaitasun fisikoak ebaluatzeko probak eta elkarrizketa pertsonala egingo dira. Probak ezin izango dira hasi deialdia EHAAn argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango dira.

           

            Lehiaketa-fasean, meritutzat baloratuko dira titulazio eta diploma ofizialak, baita hizkuntzak jakitea ere (adibidez, ingelesa, frantsesa eta alemana).

           

            Euskararen ezagutza gehienez 55 punturekin baloratuko da Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komuneko B2 maila edo hortik gorakoa egiaztatuta dutenen kasuan, eta 20 punturekin B1 mailakoen kasuan.

 

            Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo gehiago egingo dira. Titulazio baliokideak dituztenei puntuak esleituko zaizkie, aurreko atalean aurreikusitako proba edo probak egin beharrik gabe.

 

            Sarbide-probak gainditzen dituztenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-ikastaroan sartuko dira eta, hura gainditu ondoren, praktikaldia hasiko dute dagozkion jarduera-arloen arabera egokienak suertatzen diren zentroetan edo egoitzetan, haien prestakuntza integrala lortzen saiatzeko eta Ertzaintzaren polizia-zerbitzuen egitura zehaztasunez ezagutzeko.

 

Ikastaro berriak planifikatu dira

 

Arkauteko Zuzendaritza Batzordeak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru dela, gaur goizean onartu du 2019rako aurreikusitako urteko jarduera-plana. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak azaldu du 3.000 pertsonak egingo dituztela karrera profesionalarekin lotutako ikastaroak: 2.340 ertzainek, 689 udaltzainek eta suteak itzaltzeko zerbitzuetako beste 263 pertsonak.

 

Horrela, 27. Promozioaren prestakuntza-ikastaroa amaitzeaz gainera eta 28. Promozioarena hasteaz gainera, urtearen amaieran egingo da 29. Promozioa hautatzeko prozesua. Horrez gainera, agente lehenaren, ofizialordearen, brigada mugikorraren, txakur-gidariaren eta ikerketako ikastaroak ere egingo dira.

 

Bestalde, udaltzaingoen ibilbide-planaren baitan, eta Euskadiko Udalen Elkartearekin (EUDEL) lankidetzan, udaltzaingoetako agenteen hirugarren hautaketa-prozesu bateratua eta buruzagi-eskala osorako ikastaroak ere sartu dira.

 

Suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuei (SPEIS) zuzendutako programazioaren baitan, Arkauteko Akademiak 2019an prestakuntza-ikastaroak eta suhiltzaile-gidari, kabo eta sarjentu postuetarako sarbide-ikastaroak programatuko ditu, bai eta ofizial, inspektoreorde eta inspektore eskaletarakoak ere.

 

Eguneratze eta hobekuntza ikastaroei dagokienez, 10.520 plazatik gora eskainiko dira Ertzaintzarentzat, Udaltzaingoarentzat, SPEISentzat, Babes Zibileko boluntarioentzat, esku hartzeko teknikarientzat, aguazilentzat, mugikortasuneko agenteentzat eta beste kidego batzuentzat.

 

 

Parez Pare jardunaldiak

 

Parez-Pare jardunaldien seigarren edizioan Kriminologiaren Euskal Institutuaren nahiz Euskadiko Epailetzaren laguntza izango da.

Hauek dira 2019rako aurreikusitako hamabi saioak: ‘Garuna epaitzen: gaixotasun mentala, portaera kriminala eta egozgarritasuna’, ‘Ikerketa kriminala eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak’, ‘Dronetik begiratuta: teknologia berrien eragina segurtasunean eta larrialdietan’, ‘Polizia Judiziala biktimen arretan eta babesean’, ‘Bakarrik dauden adingabe atzerritar gehiago: biktimak ala biktimarioak?’, ‘Esaidazu gezurra, ahal baduzu: lekukotasunaren sinesgarritasunaren ebaluazioa’, ‘Ikerketa kriminaletako informazioa: informazio-askatasuna, biktimen babesa eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzea’, ‘Armak erabiltzea: arauketa, protokoloak eta arma alternatiboak erabiltzea’, ‘Eskubideak murrizteko neurriak delituen ikerketan’, ‘Agente estalia ikerketa kriminalean’, ‘Gazte talde antolatu eta bortitz berriak’ eta ‘Tratu txarren emaileak gizarteratzea: aurrerapenak eta erronkak genero-indarkerian’. Guztiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira, lehenengoa izan ezik, Donostiako kanpusean egingo baita.