Ertzainetarako 379 izangaik hasi dute prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

2018.eko urriak 08

  • 2013tik lau promozio eta mila ertzainetik gora prestatu dira Arkauten

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak Ertzaintzaren 27. Promozioaren oinarrizko eskalako agente-kategoriako 379 izangaiak (300 gizonezko eta 79 emakumezko) hartu dituzte gaur. Sarrera eta hautatze probak gainditu ondoren, orain Arkauteko Akademian bederatzi hilabetean egingo duten prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko dute. Ondoren, urtebeteko praktikaldia egin beharko dute Ertzaintzako unitate ezberdinetan.  

Segurtasun Sailak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren bitartez, Ertzaintzaren promozio berrien prestakuntza etengabearen eta iraunkorraren kronograma eta bide-orria betetzen jarraitzen du. 2013tik lau promozio eta mila ertzainetik gora dira Arkauten prestakuntza egin dutenak.

24. Promozioan 121 izangaik jaso zuten ertzain-kredentziala, 25. Promozioan beste 254ek, 26. Promozioan beste 263k, eta orain horiei gaur Akademian sartu diren beste 379 batu behar zaizkie. Esan behar da azken bost urteotako talderik handiena dela.

“Segurtasun Sailaren helburuetako bat izan da eta da Ertzaintzan belaunaldiak berritzea, 8.000 agenteko erroldari eusteko, eta ertzain berriak sartzen joatea, Euskadiko segurtasun publikoaren etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko; eta horretan ari gara lanean. Azken bost urteotan mila lagunetik gora sartu zarete, lau promozio ezberdinetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian ertzainetarako prestakuntza-ikastaroa egiteko”, esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

Segurtasun Sailaren arduradunak gogoratu du etengabeko prestakuntza funtsezkoa dela Euskadiko Polizia, bai Ertzaintza bai Udaltzaingoa, eta Euskadiko segurtasun-sistema publikoa osatzen duten guztientzat. Prestakuntza horren baitan, urtean 200 ikastarotik gora planifikatzen ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, eta matrikulazioak 17.000 inguru izaten dira.

Ehun prestatzailetik gora

27. Promozioak Arkauten egingo duen prestakuntza-ikastaroaz ehun pertsonatik gora arduratuko dira: Akademiako lankideak, Ertzaintzakoak, Euskadiko segurtasun-sistema publikoko beste kolektibo batzuetako kideak eta beste antolakuntza batzuetako pertsona adituak.

Promozio berri honetako ertzainetarako izangaiek oinarrizko lau arlo landuko dituzte: tekniko profesionala, hizkuntza-arloa, poliziaren esku-hartzea eta polizia-trebetasunak. Aurreko promozioetan bezala, Akademiak hartutako konpromisoak ere jarriko dira praktikan ikastaroan: euskararen sustapena, giza eskubideen sustapena eta ingurumena babestea, eta beti Ertzaintzaren balioak erreferentziatzat hartuta.

Akademian prestakuntza gaur hasiko duen 27. Promozioa 379 pertsonak osatzen dute, 300 gizonezkoak dira eta 79 emakumezkok (% 21).

Lurraldeka, 49 Arabakoak dira, 242 Bizkaikoak, 84 Gipuzkoakoak, 2 Nafarroakoak eta 1 beste lurralde batekoa. % 57k 20 eta 30 urte artean dituzte. Nabarmendu behar da 267k dutela egiaztatuta B2 maila; 81ek C1 maila; eta 22k B1 maila.