Errugbiko Europa mailako finalak hilabete barru helduko dira Euskadira

Rugbi_4.jpg

2018.eko apirilak 13

San Mamesen aurkeztu dute Bilbon jokatuko diren 2018ko errugbi finaletan erabiliko den baloi ofiziala. Europako taldekako final garrantzitsuenak dira Champions Cup eta Challenge Cup, eta Bilbon jokatuko dira maiatzaren 11n eta 12an.

Aurkezpen ekitaldi hori egin dute Vincent Gaillardek, European Profesional Club Rugbyko (EPCR) zuzendari exekutiboak; Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak; Imanol Pradalesek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak; eta Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Lehiaketako baloi ofiziala aurkeztean, Vincent Gaillardek, EPCRko zuzendari exekutiboak, haren poza adierazi du bi finalen sarreren salmenta ondo doalako. “Champions Cup eta Challenge Cup Europako taldekako errugbi finaletarako sarreren salmentak gainditu egin ditu hasieran EPCRk ezarri zituen espektatibak. Oraindik hilabete falta da errugbi partida horietarako, eta 36.000 sarrera saldu dira Champions Cup finala ikusteko, eta 20.000 Challenge Cup ikusteko, salmenta plataforma ofizialaren, Espainiako eta Euskadiko errugbi federazioen, Bilbao Rugby Cluben eta Athletic Cluben bitartez”.

Horrelako partidetan ohikoa den bezala, sarrerak gorde zaizkie finala jokatuko duten taldeen zaleei -apirilaren 22ean jakingo da nortzuk diren-, EPCRri eta sarrerak saltzen dituzten beste agentzia batzuei. Hala ere, garbi dago maiatzaren 12an kirol horretako zalez beteko direla San Mameseko harmailak; errugbian duela bi mende baino lehenagotik egiten da Europan, eta tradizio handia du Erresuma Batuan eta Frantzian. Maiatzaren 11n jokatuko den Challenge Cup finalari dagokionez, oraindik badaude sarrerak webgune ofizialean salgai.

Hitzordu historikoa
Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Europako final horiek Bilbon egiteak duen balio historikoa azpimarratu du: “Europako errugbiaren historian lehen aldiz, EPCRk erabaki du final handi batzuk bost nazioen zirkuitutik kanpo jokatzea, eta gertakizun handi horren anfitrioi izateko Bilbo hautatu dute: hiri kosmopolita, segurua, ezaugarri horietako nazioarteko ekimen handi bat egiteko behar diren esperientzia eta azpiegitura dituena”.

Bilboko alkateak kirol horren berezko nobletasuna era balioan jarri du: “Nobletasuna, pasioa, konpromisoa, esfortzua eta dibertitzeko modu osasungarria eta harmoniatsua. Kirol hori ulertzeko moduarekin lotutako balioak dira, eta bilbotarrok ere horiekin identifikatzen ditugu geure buruak”.

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak, Imanol Pradalesek, gogorarazi du 2018an Bizkaian egingo diren ekitaldi handietako lehena dela. Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunaren ustez, Champions Cup eta Challenge Cup finalen garrantzia ez datza soilik ekariko duen itzulkin ekonomikoan, Bilbo eta Bizkaia indartu ere egingo ditu nazioarteko ekitaldiak egiteko lehen mailako egoitza gisa.

Zentzu horretan, azpimarratu du lurraldeak eskaintzen dituen zerbitzuez gain, erakunde guztien arteko elkarlana dela horrelako ekitaldiak erakartzeko faktore erabakigarri bat, San Mames bi errugbi finalen egoitza gisa hautatu izanak erakutsi duenez.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, azpimarratu du nazioarteko lehen mailako kirol ekitaldiak Euskadira inguratzen jarraitzeak duen garrantzia. “Ez gaude ohituta erreferentziazko kirol ekitaldiez gozatzeko aukera izaten, eta hori posible izan da euskal erakundeek ekitaldi horien alde egin duten apustu irmoari, antolatzeko gaitasunari, gure eskura dauden azpiegituren kalitateari eta euskal herritarren erantzun bikainari esker.

Zentzu horretan, sailburuak nabarmendu du euskal gizarteak erakutsi duela, “beste behin, interesa duela kirol ekitaldi hoberenez gozatzeko”, eta adierazi du final horiek kirola egitea sustatzen laguntzea nahi duela. “Ekitaldi honi emandako erantzuna ezin hobea izan da, sarreren salmentak erakutsi digunez. Finalek izango duten inpaktu ekonomiko onuragarriaz harago, kirola egitea sustatzeko balio izan dezaten nahi dugu, eta, kasu honetan, errugbian jokatzea sustatzeko, kirolaren berezko balioei zuzen-zuzen lotutako diziplina bat baita. Uste dugu alor estrategikoa dela. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak iragarri zuen asmoa zuela mugaz gaindiko Euskal Errugbi Liga bultzatzeko, egun dauden lehiaketekin bateragarria izango dena, eta espero dugu proiektu hori laster egia bihurtzea. Finalek ere balio izango dute bide hori errazteko”, gaineratu du.

Inpaktua
EPCRk aurreikusi du 30.000 eta 40.000 errugbizale artean etorriko direla Bilbora maiatzaren 11ko eta 12ko asteburu horretan, bi finaletako lau talde finalistei jarraikiz edo errugbi finalak ohiko zirkuitotik kanpo ikusteko esperientziak erakarrita. Sarrerak saltzeko erritmoa ikusita, eta hirian aurretik izan ez den ekitaldi horrek sortutako ikusmira kontuan izanda, EPCRk aurreikusi du Edinburgherako, 2017ko finalak jokatu ziren lekurako, aurreikusi zuen 2,7 milioi euroko inpaktua baino handiagoa izango dela Bilbon.

Gertakari historikoa da Bilbo aukeratu izana partida horiek antolatzeko, gaur arte ez baitzen Europako finalik egin bost nazioetako zirkuitutik kanpo. Euskal ikusleek, beraz, aukera berri bat dute, ezohiko aukera bat, zuzenean ikusteko Europako taldekako errugbi profesionalaren partida garrantzitsuenak.

Sareko plataforma
Asteburu horretan Bilbora iritsiko diren zaleek ostatua aurkitzeko erraztasuna izan dezaten, sareko plataforma ofizial bat sortu da, Bilbon, Bizkaian eta Euskadin eskuragarri dagoen hotel eskaintza biltzen saiatzen dena.
Webgunearen bitartez erreserbatu ahal izango dira maiatzaren 11rako eta 12rako egonaldiak, ezaugarri ezberdineko lekuetan, hainbat beharrei egokitutakoetan, gaueko 22 eta 600 euro artean.

Fan zone
Bilbao Finals 2018ko Fan Zonea Areatzako pasealekuan egongo da maiatzaren 10aren eta 13aren artean. Helburua da aisia gune bat sortzea Bilbora errugbiaren giroaz familian gozatzeko etorri diren zaleentzat; bertan partidak pantaila erraldoietan ikusi ahal izango dira, eta kontzertuez, animazioaz, jarduerez, errugbiari buruzko erakusketez eta bertako gastronomiaz gozatu ahal izango dute.

Instituzioen elkarlana
Gertakari historikoa da EPCRk Bilbo aukeratu izana Challenge Cup eta Champions Cup antolatzeko, gaur arte ez baitzen Europako maila goreneko finalik egin Ingalaterratik, Irlandatik, Eskoziatik, Galesetik edo Frantziatik kanpo. Bertakoak dira errugbi liga garrantzitsuenak.

European Professional Club Rugbyk, egoitzaren erabakia hartzeko, honako hauek balioetsi ditu: San Mameseko estadioaren baldintzak, bikain kalifikazioa jaso dutenak; garraio sarea, osoa eta ondo konektatua, hiritik eta lurraldetik azkar eta erraz mugitzeko aukera ematen duena; eta kirol ekitaldi handiak kudeatzen aurretik izandako esperientzia. 2014ean Bilbo izan zen saskibaloiko munduko txapelketaren egoitzetako bat, xakeko munduko txapelketak antolatu ditu, 2016a badmintoneko munduko junior txapelketa antolatu zuen, eta Euro2020ko egoitzetako bat izango da.

Bilbo final horien egoitza gisa aukeratzeko modu positiboan baloratu den beste alderdi bat izan da kirol ekitaldi handi hori antolatzen aritzen diren eragile guztiekin izan duen instituzioen arteko elkarlan sendoa: Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Espainiako Errugbi Federazioarekin, Euskadiko Errugbi Federakundearekin, Athletic Clubekin eta EPCRrekin berarekin.

Urte historikoa
2018 urte berezia izango da Bilboren, Bizkaiaren eta Euskadiren nazioarteko proiekziorako, hirian eta lurraldean izango diren ekitaldi handiak direla eta. European Rugby Champions Club txapelketako finalez gain, kirol ekitaldien artean nabarmendu behar da Red Bull Cliff Diving probak hirira itzultzea ere. Ekainaren 30ean jokatuko dira, Salbeko zubian. Azpimarratu behar da Txirrindularitza Itzuliaren etapa bat Bizkaian egingo dela.

Ekainean, Bizkaian izango dira gastronomiako Oscarrak: The World’s 50 Best Restaurants, Restaurant aldizkariak urtero munduko 50 gastronomia establezimendu onenekin argitaratzen duen zerrenda. Musika arloan, Bilbo aukeratu dute MTV Europe Music Awards sariketaren 25. Urteurrena antolatzeko. Ekitaldi handi horretan urteko musika arrakastatsua saritzen da, eta munduko artista garrantzitsuenetakoen ikuskizunak ikus daitezke bertan. 2018 MTV EMA sariketa azaroaren 4an, igandean, izango da, Bilbao Exhibition Centerren (BEC!), eta zuzenean ikusi ahal izango dira MTVren kanalen eta haren plataforma digitalen bitartez.

Horrez gain, enpresei eta profesionalei dagokienez, nabarmentzekoak dira Routes kongresua, BECen apirilean egingo dena; CEMRk berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari buruz egingo duen konferentzia, ekainean Euskalduna jauregian egingo dena; eta Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroa GSEF 2018, urrian kongresu jauregian egingo dena.