Eraldaketa digitalean "estrategiak partekatzea" planteatu du Lehendakariak aukera berriak sortzeko eta lehiakortasuna irabazteko

2018.eko otsailak 21

I. TransDi Foroa inauguratu du gaur Urkullu Lehendakariak, GAIA klusterrak antolatua, hogeitik gora enpresa txiki eta ertain bilduko dituena Gasteizen

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, I. TransDi Foroari hasiera eman dio. Elkarraldi horrek, GAIA klusterrak antolatuak, aukera emango du eraldaketa digitalean oinarritutako negozio-soluzioak azaltzeko. “Estrategiak, baliabideak eta helburuak partekatzeko" premia azpimarratu du Urkulluk, euskal enpresak sendotuta irten daitezen laugarren iraultza industrialetik eta baita ere agertoki digitalean "aukera berriak" sor daitezen.

Lehendakariaren iritziz, berrikuntza eta digitalizazioa dira Euskadiko ekonomiak izango duen etorkizunaren “gakoa”. Hala, Eusko Jaurlaritzak Basque Industry 4.0 estrategiaren alde egindako apustua nabarmendu du, eta gogora ekarri du joan den urtean 35 I+G proiektu estrategiko aktibatu zirela, 2020rako konprometitutako 100etatik. Bere uste osoa erakutsi du gaurko jardunaldia lagungarria izango dela berrikuntzaren eta digitalizazioaren kultura zabaltzeko, enpresa txiki eta ertainetan bereziki, eta bide horri jarraituta lehiakorragoak izango direla adierazi ere.

Hogeitik gora enpresa bilduko dira gaur foroan, “Eraldaketa digitala, errealitate bat” izenekoan. Hala, foroaren helburua da jardun egokiak azaltzea eta negozio-aukerak konektatzea euskal enpresa txiki eta ertainen artean, industriari, lurraldeari eta gizarteari adimen-sistemak eskainiko dizkieten negozio-soluzioak garatzen ari direnen artean, hain zuzen ere.

Bestalde, zibersegurtasunak duen garrantzia azpimarratu nahi da, erakundeen eta azpiegituren eraldaketarako ez ezik, lanbide-gaitasunetarako ere. Horretarako, arrakasta-kasuak erakutsiko dira Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren partaidetzarekin.

Kutxabanken egoitzan egingo den jardunaldi honen inaugurazioan instituzioetako hainbat ordezkari izan dira, besteak beste, Arabako diputatu nagusi Ramiro González eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran. GAIA klusterraren aldetik, bertako lehendakari José Echevarría, lehendakariorde Aitor Alzola eta zuzendari nagusi Tomás Iriondo ere izan dira bertan.

SOLDATA-ARRAILA MURRIZTEA

Bestalde, Euskadiko soldata-arraila zenbait eragile sozialekin aztertzeko Eusko Jaurlaritzak gaurko deitutako bilera aipatu du Lehendakariak. “Denok partekatzen dugu helburu bera, gizarte aurreratu batean onartu ezin den desberdintasuna saihestekoa”, ziurtatu du Urkulluk. Gainera, bere uste osoa adierazi du aurrera egitea lortuko dela, “bidea zaila izan arren".