Artolazabal: "Prestakuntza, enplegu eta etxebizitzarako aukerak izanik, gure gazteen emantzipazioa erraztu egiten da"

Argitalpen-data: 

15_03_18_Legebiltzarra_Gazte_Plana_(2).jpg
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarraren IV. Gazte Plana aurkeztu du
  • 2018/2021 aldia hartuko du planak, eta enplegua, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna identifikatzen ditu bizitza osasungarria, emantzipatua eta autonomoa posible egiten duten arlo gisa
  • Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 17 Helburuetatik 10 jasotzen ditu

Vitoria Gasteiz,  2018-03-15

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak uste du “prestakuntza, enplegu eta etxebizitzarako aukerak izanik, gure gazteen emantzipazioa erraztu egiten dela”.  Eusko Legebiltzarrean aurkeztu da Eusko Jaurlaritzak 2018-2021 aldian garatuko duen “IV. Gazte Plana”. Aurkezpenean, Artolazabalek esan du lehentasuna duela “euskal gazteei entzuteko jarrerak, beraiek baitira beren bizitzaren protagonista eta gure herrialdearen berehalako garapenaren euskarri”.

IV. Gazte Plana bost ardatz estrategikotan antolatzen da, emantzipazioaren eta autonomiaren, ongizatearen eta bizitza osasungarriaren, berdintasunaren eta gizarte-inklusioaren, parte-hartzearen eta gizarte-konpromisoaren, sozializazioaren inguruan, eta 23 helburu eta 65 jardun-ildo zehazten ditu.

Beatriz Artolazabal Legebiltzarreko Batzordean Marcos Muro eta Ander Añibarrorekin batera egon da, eta bertan azaldu duenez: “IV. Gazte Planak enplegua, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna bizitza osasungarria, emantzipatua eta autonomoa izateko aukera ematen duten elementu gisa identifikatzen ditu; beraz, estrategikoak direla esan du”.

“Hori guztia oinarri da gazteek gizartean berdintasunean eta konpromisoz parte hartzeko. Euskadik osasun- eta hezkuntza-sistema publikoak ditu, eta horiek babestu egiten gaituzte eta bertan dago, betiere, gure gazteria", esan du Artolazabal sailburuak.

Eusko Legebiltzarrean esan duenez, “Eusko Jaurlaritzak ekintzak sustatuko ditu hezkuntza-eremutik lan-eremurako bidea arintzeko, ekintzailetza sustatzeko neurriak hartuko ditu, bai eta euskal gazteen lan-baldintzak hobetzekoak ere. Gainera, bazterketa-arriskuan dauden gazteen lan-inklusioa sustatuko du”.

Etxebizitzaren arloan, honako jardun-ildo hauek aurreikusten dira: etxebizitza babestuaren erreserba gazteen kolektiboarentzat eta gazteen artean alokairuari bide emateko formula eta neurri berriak garatzea, besteak beste.

IV. Gazte Planak aisiari, kirolari, kulturari, kontsumoari, parte-hartzeari, mugikortasunari eta berdintasunari buruzko zuzeneko erreferentziak ditu, “guztiak esanguratsuak gure gazteek bizitza baldintza onetan bizitzeko”.

Artolazabalek esan du “2018-2021 Gazte Planak aurreko gazte-planen ezaugarri nagusiak jaso dituela, besteak beste, izaera integrala du, zeharkakoa, sailen artekoa eta gizarteak parte hartzeko zabalduta dago; izan ere, bertan, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek eta gainerako euskal erakundeek jardun dute lankidetzan.

2018-2021erako Eusko Jaurlaritzaren IV. Gazte Plana legegintzaldiko sailen planetako bat da eta legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren 125. konpromisoari erantzuten dio, Gizarteratzeko eta berdintasunerako gizarte-agendari buruzko II.4. ardatzean.

Garapen jasangarria

“Planak bultzatu egiten ditu Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik 10; horien artean nabarmentzekoak dira, bereziki, kalitateko hezkuntza, lan duina eta hazkuntza ekonomikoa eta gizarte-desberdintasunen murrizketa, helburu eta xede kopuru handia partekatzen dutelako”, esan du Artolazabalek.

Hura idazteko, Artolazabalek zera esan du: “diagnostiko bat izan da abiapuntua; bertan adierazten da zenbait egoerak definitzen dutela euskal gazteria; halaber jaso da behera egin duela gazte biztanleriak Euskadin.Zehazki, lehenengo semea edo alaba izateko amatasunaren batez besteko adina 30 urtetik gorakoa da”.

Enpleguaren arloan, azken datuek erakusten dute behera egin duela langabezia-tasak eta okupatuta dauden gazteen batez besteko soldata hilean 1.000 euro ingurukoa dela. Gainera, norberaren konturako lana eskasa da, eta autoenplegurako aukera ere gutxienekoa da. Emantzipatzeko batez besteko adina berantiarra da, “eta datu horiek hobetzera bideratzen ditugu gure sailaren politikak”, esan du Beatriz Artolazabalek.